Urtea hasi berri da, eta hotza sumatzen ari gara Euskal Herriko hainbat tokitan. Batzuei, ordea, berotu egiten zaie burua espainiar estatuko politika egoera ikusita.
Trumpen immigrazioaren aurkako harresiak jarraitzen du zeresana ematen. Kapitalismoaren aurpegirik eskuinena agerian geratu da, eta kontinente zaharrera hurbiltzen bagara egoera ez da askoz hobea. Italia, Suedia, Alemania, Frantzia, Hungaria... eskuin muturra gora egiten ari da. Alemanian, adibidez, Bigarren Mundu Gerra izan zenetik, lehenengo aldiz, sartu da eskuin erradikala parlamentuan.
Alemaniaren kasuan ez bezala, berriz, ezin daiteke esan eskuin muturrak inoiz alde egin duenik Espainiatik. 1936an estatu-kolpea eman zutenetik gure artean mantendu dira, desagerrarazitako gorpuak bezala, batzuk non dauden ezagututa eta beste batzuk estalita.
Horren adierazle izan dira Andaluziako azken hauteskundeen emaitzak. Alde batetik, Andaluziako boto-emaileen %40 baino gehiagok ez zuen bozkatu, hau da, ez zuen haien gobernua erabakitzeko hauteskundeetan parte hartu nahi izan. Beste alde batetik, bozkatu zutenen erdia baino gehiagok eskuineko alderdi baten aldeko botoa eman zuen. Eskuineko alderdi horien artean, Alderdi Popularrak botoak galdu zituen Ciudadanos eta Voxen alde.
Zein da Voxizeneko alderdi hori? Nondik dator?
Santiago Abascal izeneko amurrioarra dugu Voxen presidentea. Gizon honek behin baino gehiagotan esan du aita eta aitite dituela erreferente, eta horrela erakutsi du askotan. Izan ere, aitite Amurrioko alkatea izan zen Frankoren diktadura garaian, 1963tik 1979a arte. Aita Alianza Popularreko politikaria izan zen, eta Alderdi Popularrarena gero. Santi ere sartu zen Alderdi Popularrean 18 urte bete bezain pronto. Zinegotzia izan zen Laudion 23 urte zituenean, eta legebiltzarkidea izatera heldu zen Alderdi Popularraren eskutik. 2013an, ordea, PP utzi eta Vox alderdia sortu zuen. Alderdi Popularraren politikak «leunegiak» omen dira bere ustez, eta aititearen bidea jarraitzea erabaki duela ematen du.
Voxek Andaluzian proposatutako neurrien artean badira, besteak beste: LGTBI eta haien senitartekoen eskubide, tratu berdintasuna eta diskriminazio eza babesten duen legea indargabetzea. Horrekin batera, Andaluziako oroimen historikoaren legea ere ezabatu nahi du, jendea konturatu ez dadin Frankoren diktadurak babesten zituen neurri berak ezarri nahi dituela.
Jendea konturatu ez dadin? Edo jendeak argi izateko zein den helburua? AEBetan eta Europako beste herrialde batzuetan bezala immigrazioaren aurkako neurri zorrotzak planteatzen ditu alderdiak. Horrez gain, feminismoaren aurkako politikak ezarri nahi ditu eta genero indarkeriaren legearen indargabetzea eskatzen du; horrekin batera familia tradizionalaren aldeko diskurtsoa ere zabaltzen du. Espainiaren batasunaren defentsa sutsua egiten du, Francoren Ley de principios del Movimiento Nacional testuak dioen antzera sinesten dutelako «espainol guztien behar sakratua eta lan kolektiboa [dela] Patriaren batasuna, handitasuna eta askatasuna zerbitzatzea» .
Gure gizarteak gero eta erreminta gehiago ditu informatuta egoteko, ezagutzeko zer gertatzen den munduko beste lurraldetan, gerrek eta diktadurek eragindako mina ezagutzeko, eta erradikalismoak dituen arriskuak ezagutzeko. Hala eta guztiz ere, gero eta gehiago dira eskuin muturreko diskurtso erradikalak, gero eta gehiago dira diskurtso horiek lortzen dituzten botoak, eta gero eta handiagoa hauteskundeen abstentzioa. Non dago arazoa?
Inongo lotsarik gabe ikusten ditugu Francoren diktadura garaiko banderak, ez bakarrik Erorien Haranean, baita Voxeko mitinetan ere, baina egia esan, banderen beharrik ez dugu konturatzeko desagerrarazitako pertsonen gorpuak bezala, erregimen diktatorialaren oinarriak ere lur azpitik ateratzen ari direla. Arazoa da, desagerrarazitako pertsonen aurkikuntza askoz geldoago doala.
Kontua izan daiteke hezkuntza sistemak ez digula irakatsi 1936ko estatu-kolpeak eragin zuen mina, ezta muturreko diskurtsoek eragin dezaketen kaltea ere. Agian.
Horrez gain, hedabideen aldetik ere, agian ez dute asmatu oroimen historikoak gaur egun daukan eragina nola aurkeztu. Voxen emaitzei buruz informatzen dute, hedabidearen ideologiaren arabera eskuin muturreko alderdiaren politikak kritikatu egingo dituzte, edobabestu, informazioa eskainiko dute, eta irakurleak pentsatuko du informatuta dagoela, baina benetan informatuta dago? Andaluzian boto-emaileen ia erdiak ez zuen ezta bozkatu ere egin, nahiz eta Vox indartsu bazetorrela aurreikusi hainbat hedabidek.
Orain dela gutxi komunikazio fakultateko kide batek esan zidan kazetariek ez dutela denborarik oroimen historikoaren gaia jorratzeko, «gauza horiei buruz» informatzeko sare sozialak daudela. Zertarako, orduan, ikasten/irakasten dugu kazetaritza, giza eskubideen aldeko apologia egiteko ez bada? Horrela jarraituz gero, ez baitakit injustizien aurkako mezuak zabaltzeko adierazpen askatasuna ez ote dugun galduko, hori ere izan baitzen Francoren erregimenaren neurrietako bat, eta ematen du egungo eskuin muturrak gustuko dituela diktadorearen neurriak.
Indartzen ari den 'avotxa'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu