Joan den urteko azaroaren 10ean ekitaldi instituzionala eskaini zitzaien bakearen alde lan egin zuten lagunei, horien artean ETAren indarkeriaren aurkako gizarte mobilizazioan parte hartu genuenoi. Gure ustez, ekitaldi honen zentzua ETAren aurkako gizarte mobilizazioa ETAri zilegitasuna kentze aldera ezinbestekoa izan zela aitortzea izan zen. Euskal gizarteak ETAren indarkeriaren aurka izan zuen erreakzioaren artikulazioak eboluzioa izan zuen eta gehienak konturatu ziren, bakoitza bere garaian, norbait hiltzeak ez zuela inolako justifikaziorik. Euskal gizarteak berandu erreakzionatu zuela esan dezakegu, lehenengo hilketan bertan erantzun beharko zukeelako, baina analisi hau sinpleegia da hain zaila izan den eta hainbeste denboran iraun duen prozesuarentzat.
Kontua da gizarteak bilakaera izan zuela ETAri eman zion erantzunean; 80ko hamarkadan indarkeriaren aurkako erantzun sistematikoa hasi zenetik, lazo urdinaren ikurrarekin eginziren manifestazio jendetsuetara, 1993an. Gizarte mobilizazioa eta urte hauetan indarkeriari egindako gaitzespen pertsonal eta soziala, erabakigarriak izan ziren talde armatuak desegitea erabakitzeko. Oso garrantzitsua da horrela aitortzea, guk bizi izandakoaren kontakizunak euskal gizarteak ETAren aurka izan zuen bilakaeraren ideia jaso dezan, gizartearen gaitzespenaren balioa aitortuz.
Halaber, onartu beharra dago ETAren aurka aritzeak beldurra eragin zezakeela, eta ETA babesten zuen gizataldearen aldetik jazarpena jasateko arriskua zegoela. ETA babesten zuen gizatalde hura, indarkeriaren aurkako erantzun antolatua kaleetatik botatzen ahalegindu zen. Ezker abertzaleak eragindako zirikatzea etengabea izan da auzo eta herrietan. Baina Bakearen Aldeko Koordinakundeak eta antzeko taldeek hartutako konpromisoak indarkeriaren aurkako gaitzespena kutsatzea lortu zuen eta lagungarri izan zen Euskal Herrian bakea lortzeko, eta hau ere urte haietako gertaeren kontakizunaren barruan sartu beharra dago.
Eta kontakizun beraren barruan sartu behar da baita ere ETAren aldeko talde jendetsua izan zela, eta honen eraginez indarkeriak iraun egin zuela, bere jardutea aktiboa izan zelako: gizartean ETAren mehatxuen erresonantzia-kaxarena eginez; atentatuen biktimen oinazea gehituz, biktimak jazarriz ETAk atentatua egin aurretik eta ondoren; eta beren inguruan gizarte kontrol zorrotza eraginez, ETAren indarkeriaren erabileraren justifikazioaren aurrean egon zitezkeen desadostasunei eutsiz. Horrek guztiak, egundoko sufrimendua eragiteaz batera,elkarbizitza desitxuratu egin zuen.
ETAren aurkako gizartearen erantzuna giza eskubideen defentsa koherente eta erradikaletik artikulatu izana ere eskertzekoa da. Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundeak hasieratik desegin nahi izan zuen bi bandoen teoria, beste ustezko indarkeriari erantzuteko indarkeriaren erabilera zuritzen zuena. Hala, bere mezuarekin indarkeriari —ETArenari ez ezik, GALenari eta Estatuko Segurtasun Indarren bidegabeko indarkeriari— zilegitasuna kentzen zion. Oinaze eta giza eskubideen urraketa ezberdinak aitortzeak sendoago egin zuen bakearen aldeko gizarte mobilizazioa.
Gaur egun onartezina da ezker abertzaletik ETAren biktimek jaso duten kaltearen aitortza egitea, bere burua Euskal Herriko biktima guztiak aitortzen dituen bakartzat hartuz. Duela 30 urte Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundeak GAL taldeen hilketen argitzea eskatu zuenean, ezker abertzalea bera izan zen ekitaldi publiko hauek boikoteatu zituena, terrorismoaren aurkako indarkeriaren biktimekiko elkartasuna monopolizatu nahian. Hala ere, indarkeriaren biktimekiko elkartasuna izan da bakearen aldeko mobilizazioa aktibatu duen ardatzetako bat. Biktimekiko babesa eta elkartasuna izan da, neurri handi batean, indarkeriari eman zaion mailakako erantzunaren jatorria.
Historia luze honetan aitortu beharra dago, baita ere, euskal gizarteak bere aniztasunetik jokatu duen rola. ETAk hil eta beldurra hedatzen zuen bitartean, Euskal Herriko indar politiko ezberdinetako ordezkariek Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundeak antolatutako ekitaldietan parte hartu zuten, partekatutako oinarri etikoa nabarmenduz, giza eskubideen defentsa alderdien arteko ezberdintasunen gainetik jarriz.
Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundeak indarkeria eta politika bereizi beharra ere antzeman zuen, eta horrek ETAk emaitza politikorik ez lortzea zekarren berarekin. Ideia hau nabaria zen 2011n ETAk bere baldintzarik gabeko etena iragarri zuenean. ETAk erabaki hori hartzerakoan bakearen aldeko gizarte mobilizazioa erabakigarria izan zenaren uste sendoarekin, Bakearen Aldeko Koordinakundeak kalean ospatu zuen, Lortu dugu goiburua izan zuen ekitaldian.
Horregatik guztiagatik da garrantzitsua euskal gizarteak indarkeriari eman zion mailakako erantzuna, hasieran ETAren aurkako ekintza apalak eta denboraren buruan ekitaldi jendetsu eta garrantzitsuak, kontakizunaren barruan sartzea. Iraganean gizarte mobilizazioak izan zuen garrantzia aintzat hartzea, etorkizuneko gizarte konpromisoa sustatzeko baliagarri izan daitekeelako.
Indarkeriaren aurka izandako erreakzioa, kontakizunaren parte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu