Ukrainak Errusiaren inbasio bortitz eta gupidagabearen ondorioak sufritzen ditu. Putinen erregimen autoritarioaren erasoak herrialdea anabasan murgildu du. Ondorioak mota guztietakoak dira: humanitarioak, politikoak, sozialak, kulturalak eta ekonomikoak. Azken arlo horretan, kalteak handiak izaten ari dira, bi aldeetan. Ukrainako gerra egoerak erabat zailtzen du Ukrainan momentu honetan operazio komertzialetan edo proiektuetan konprometitzea. Era berean, Mendebaldea Errusiari aplikatzen ari zaizkion zigor finantzarioek erabat zaildu dute errusiar operadore ekonomikoekin negozioak egitea.
Baina, zer gertatzen da jada sinatuta, hasita eta abian zeuden proiektuekin? Ziurrenik, proiektu eta operazio horiek obligazioak ezartzen dituzten kontratuetan jasota egongo dira. Egoera honek erabat zaildu dezake obligazio horien betepena. Baliteke proiektu batean oso garrantzitsuak diren epeen betetzea, of the essence, ezinezkoa izatea. Edota Ukrainan dagoen azpiegitura baten erabilera ezinezkoa izatea. Edota hornitzaile errusiar batengatik bakarrik lortu daitekeen material berezi baten inportazioa ezinezkoa izatea. Eta, posiblea izango zaio errusiar bezero batentzat ordainketa bat dolarretan egitea? Kharkiven lan zentroa duen ukrainar zerbitzu emaile batentzat jarduera profesionala bere horretan mantentzea? Britaniar ondasun saltzaile batentzat, bere ondasunak Ukrainara bidaltzea?
Obligazioak ez betetzeak proiektu edo transakzio oso baten gauzatzea kolokan jar dezake. Milioitako inbertsioak pikutara bidali. Enpresak porrotera eraman. Hau da, milioietan balora daitezkeen kalteak eragin. Baina, erantzule dira halako egoeretan euren prestazioa bete ezin izan duten aldeak?
Nazioarteko kontratuetan ohikoa da Force Majeure klausulen erabilera. Sarritan abokatuek klausula tipo gisa tratatzen dute, eta negoziazioetan arreta gutxi bereganatzen dute. Baina hamarkada hasiera honek argi utzi du besteak bezain garrantzitsua, edo are garrantzitsuagoa, izan daitekeela. Milioiak aurreztea lortzeko ere.
Zer da Force Majeure klausula? Trafiko juridikoan, aldeen kontroletik at dagoen ezohiko gertakari, baldintza edo zirkunstantzia gisa definitzen ohi da, edozein obligazioren betetzean atzerapena, etena edo ezintasuna eragiten duena. Ez da Force Majeure izango, ordea, gertakaria erruz edo zabarkeriaz alde bati egotzi ahal zaionean, edo kontratua sinatzean gertakaria aurreikusgarria zenean, edota aukerak daudenean obligazioak era batean edo bestean betetzen jarraitzeko.
Normalean, aldeek ere definizioari gertakari zehatz batzuen zerrenda atxikitzen diote: gerra, inbasioa, gatazka armatua, istiluak, terrorismoa, greba orokorra, itxiera patronala, hondamendi naturalak, lurrikarak, uholdeak (ingelesezko lege argotean acts of God deituak)... Azkenaldian, arreta berezia pandemian eta izurriteetan jarri da.
Eta zein dira Force Majeure delakoaren efektuak? Normalean, aldeek prestazioa betetzearen etetea adosten dute, gertakariak sortutako ezintasuna bukatu arte. Adostutako epe baten bukaeraren ostean, jatorrizko Force Majeure gertakariaren efektua bukatu ez bada, orduan obligazioa (eta normalean kontratua ere) suntsiaraziko da. Erantzukizunaren ikuspuntutik alderdiak ez dira erantzule izango obligazioaren ez betepenak, kontratuaren suspentsioak edo kontratuaren suntsiarazpenak eragindako kalteengatik; hau da punturik garrantzitsuena.
Espainiako zuzenbide positiboan Kode Zibilera jo beharra dago. Antzeko zerbait ezartzen du bere 1.105. artikuluak (Fuerza Mayor aipatu gabe): «Legeak beren-beregi aipatzen dituen kasuetatik kanpo, eta betebeharrak berak adierazten dituenetatik kanpo, inork ere ez du erantzukizunik izango, aurreikusi ezin diren gertaerengatik, edo, aurreikusita ere, saihetsezinak direnengatik». Espainiar jurisprudentziak azentua jarri du gertakari horien efektuen eutsiezintasunean, jasanezintasunean, saihetsezintasunean eta aurreikusezintasunean.
Hala ere, jakin behar da klausula honen garrantzia nazioarteko kontratuetan nabarmentzen dela, horiek dutelako arrisku handiagoa. Beraz, zuzenbide zehatz batek ezartzen duena bainoago, garrantzia aldeek trafiko juridikoan eman nahi dioten esanahiak du.
Bestalde, nazioarteko trafikoan hain erabilia den Ingalaterrako eta Galeseko zuzenbidean, Common Law-ak frustation kontzeptua garatu du. Zuzenbide honen arabera, frustrazioa gertatzen da kontratu obligazio baten betepena ezinezkoa bihurtu denean kontratua gauzatu osteko eta aurreikusi ezineko zirkunstantziek funtsean ezberdina den egoera sorrarazi dutelako, kontratuan aurreikusitakoaren guztiz desberdina. Hala ere, frustrazioa epaile batek adierazi beharko du kasu bakoitzeko zirkunstantzien arabera, eta oso zorrotzak dira adierazteko. Aurreikusi ezina izateko, epaileek exijitzen dute nazioarteko merkatariak gertakari potentzial horien aurkako babes neurriak hartuta aurretiaz edukitzea (kontratuan jasotzea, aseguru poliza bat kontratatuta edukitzea...).
Esaterako, kontratua otsailaren hasieran sinatu bazen, hau da, inbasioa hasi gabe zegoenean baina Errusiak jadanik ehun mila soldadu mugan mobilizatuak zituenean, eta Estatu Batuetako nahiz Erresuma Batuko gobernuak inbasioaz ohartzen hasi zirenean, beharbada epaile ingeles batek ez luke frustrazioa adieraziko eta, horrekin batera, ez betetzailearen erantzukizuna mantenduko luke. Bestalde, errusiar alderdi batek ezin badu bere prestazioa bete nazioartean Errusiaren aurka hartutako gobernu zigorrek Europan dituen aktiboak erabiltzea ezinezkoa egiten dutelako, alderdi horrek froga zama edukiko du frogatzeko ez dagoela bestelako modurik kontratua betetzeko eta, beraz, ez dela erantzule ez betepenak sortutako kalteengatik. Debeku horrek ezinezkoa egiten badu kontratuaren objektua betetzeko baldintza den obligazioa betetzea (condition to contract), orduan kontratua frustratutzat adieraziko dute epaileek.
Argi dago alderdiek Force Majeure adosteko askatasuna dutela euren kontratuan. Baina, klausula hori gehitua ez duen eta zuzenbide ingelesa aplikagarria zaion kontratu baten aurrean, Force Majeure ez da lege baten bidez osagarri moduan aplikatuko.
Hamarkada berri honek gordeak zizkigun gertakariak jasanezinak suertatzen ari dira. Horien aurrean ondo babestuta egoteko, indarrez hobe dugu baliabide egokiei etekina ateratzea.
Ukrainako biztanleria gogoan.
Indar jasanezina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu