Inboluzioaren epaiketak

2013ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Estatu espainola etengabeko krisialdian murgilduta egon den proiektu politiko historikoa izan da, eta denboran aurrera egin badu, askotan diktadura militarren menpe egon delako izan da. Egoera hori dela medio, katalanek, galiziarrek eta euskaldunok ez dugu proiektu politiko horren partaide borondatez izateko gogorik sekula izan, eta egun Estatu espainoleko (eta frantseseko) partaide bagara, indarrez inposatu zaigulako izan da eta, batez ere, bertatik atera eta libre izateko bideak indarrez eta legez ukatu zaizkigulako. Herri honen eskubide zibil eta politikoen ukapenean datza bizi dugun gatazka politikoaren oinarria, eta baita datorren urritik aurrera Entzutegi Nazionalean emango diren euskal herritar eta erakundeen aurkako epaiketa guztien funtsa ere.

Estatu espainolaren egungo egoera hain da txarra, non Kataluniako herriak independentziaren bideari eutsi baitio, CiU bera bide horretara eramanez, larunbatean Barçaren estadioko indar erakusketa lekuko. Gertakari horrek alarma gorri guztiak piztu ditu Estatu espainolean, euskal gatazka historikoari Kataluniakoa gehitzen zaiolako, Estatuaren berezko krisialdi ekonomiko erraldoiaz eta ustelkeria neurrigabeaz gain... Estatu espainolarentzat okerrena da Nazioarteko Diru Funtsak, Europako Banku Zentralak eta Komisio Europarrak, hau da, Troika-k, krisialdia gainditzen lagundu beharrean, gero eta neurri ekonomiko bortitzagoak inposatzen dizkiola.

Duela gutxi Zarzuelan elkartu ziren trantsizio espainolak azken hamarkadatan izan dituen arduradun politiko nagusi guztiak, hau da, Juan Carlos erregea, Felipe Gonzalez, Jose Luis Rodriguez Zapatero, Jose Maria Aznar eta Mariano Rajoy... Bilera ondoren argazkia ere publiko egin zuten, behar bezala zabal zedin. Bertan, Estatuak bizi duen krisialdia dela medio Estatu botereek ezarritako inboluzio prozesuaren aurrean batera nola jokatu hausnartu zuten. Izan ere, datorren udazkenetik aurrera, makro epaiketak emango diren garai berean neurri politiko eta ekonomiko gogorrak martxan jartzen hasiko baitira, hala nola pentsioen erreforma, tokiko administrazioaren erreforma, LOMCEren egitasmoa, Parot Doktrina eta kartzela politikaren areagotzea, Konstituzio Epaitegiaren erabaki birzentralizatzaile berriak, krisialdi ekonomikoak eragingo duen borroka sozialetan atxilotuen aurkako zigorrak... Inboluzio horrek guztiak kalean sortuko duen erantzunaren aurrean, Estatu espainoleko bi indar politiko nagusiak elkarrekin arituko direla ziurtatu zutela pentsatzea ez dago soberan. Nola ez, Masen eta Urkulluren egitasmo «berritzaileei» ere (herri kontsultari Katalunyan 2014an, Urkulluren 2015erako Plana EAEn) eta baita Aldaketari Nafarroan eta Gatazkaren Konponbiderako egitasmoei Euskal Herrian ateak nola itxi finkatuko zuten. Laburbilduz, krisialdiaz baliatu dira Estatuko botereak, maila politikoan, ekonomikoan zein territorialean emango den inboluzioaren aurrean indar politiko eta ekonomiko espainol nagusiak bat eginik aritzeko. Makro epaiketa hauek, beraz, testuinguru horretan aztertu behar ditugu.

Begi bistakoa dena zera da Euskal Herrian zabaltzen ari den jokaleku politiko berriaren atarian Euskal Herri osoko dozenaka herritako 250 euskal herritarretik gora arrazoi politikoengatik epaitzea eta guztientzako 500 urtetik gorako kartzela zigorra eskatzea, ez duela gure herrian inork ez ulertzen, ezta onartzen ere. Are gutxiago zigor horiek inboluzio politikoaren erdian kokatzen badira eta Estatu mailako protesta soziala ezkutatzeko erabiltzen direnean. Horregatik, Aieteko Gailurraren eta ETAren borroka armatuaren amaieraren bigarren urteurrenean Madrilen hasiko diren bi makro epaiketa politikoek zabalduko dutena Euskal Herriaren oinarrizko eskubide zibil eta politikoen zein egoera politiko berriaren aurkako Estatu erasotzat jo behar dugu.

Era berean, argi izan behar dugu horrelako epaiketa ziklo luzeak ez duela inondik ere Ezker Abertzalearen jarduera zein iniziatiba politikoa baldintzatu behar, eta horixe gertatuko litzateke, Estatuaren operazio errepresibo erraldoi honen aurrean, behar den kokapen politiko egokirik gabe gure lana erantzuna artikulatzera mugatuko bagenu eta gainerako lan ildoak alboratuko bagenitu. Horregatik, gure erantzun dinamika guztiak Euskal Herriari dagokion marko demokratikoaren eta gatazkaren konponbidearen aldeko jarduera eta iniziatiba politikoan txertatu behar ditugu, lan ildo honetan ere indarrak metatuz eta estatuaren aurrean ahalik eta sektore zabalenak artikulatuz, herriz herri eta baita nazio mailan ere.

Garbi dago Euskal Herria eta euskal jendartea prest dagoela konfrontazio demokratikoen parametroetan jarrera desobedienteen inguruko konpromiso berriak hartzeko, hala nola betiko mobilizazioetan eta diru biltze kanpainetan parte hartzeaz gain, Aske Guneetan eta Herri Harresietan parte hartzeko, modu ez biolentoekin poliziari aurre egiteko, atxilotu nahi dituztenak babesteko eta baita etxeetako ateak zabaltzeko ere, Aurore Martinen kasuan ikusi den moduan...

Mila formatan, elkartasunetik konpromisorako urratsa egiten ikasi behar dugu guztiok; bakoitzak bere mailan, baina guztion urratsa izan behar du. Datozen bi urtetarako Estatuak zabaldu duen epaiketen fase politiko luze honetan hori ikasten badugu, porrot egingo dute. Izan ere, epaiketa hauek ez ditugu Entzutegi Nazionalean irabaziko, Euskal Herrian eta euskal jendartearen baitan baizik. Ekin diezaiogun irudimenez lanari, Estatuaren politika higatu eta aldatu arte. Gure esku dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.