Inbentarioa

2013ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Hainbat denbora beranduago Barrura Begiratzeko Leihoak izango zenaz serioski pentsatzen hasi ginen lehen aldia 2010eko irailean izan zela uste dut. Donostiako Zinemaldiko egunak ziren, eta Txaber Larreategi eta biok bi filma aurkezten genituen bertan; Sagarren denbora eta Prohibido recordar. Gogoan daukat kazetari madrildar batek gure hurrengo proiektua zein izango zen galdetu zigunean «una de presos» erantzun geniola guk. «Baina ez Gerra Zibileko presoak», puntualizatu zuen Txaberrek. «oraingo presoak baizik».

Ordutik, bi urte luze eta mila gauza ezberdin gertatu dira. Proiektu lauso hura bost zuzendariren arteko film kolektibo bihurtu da, eta hainbat emozioz, mehatxuz, esperantzaz, desengainuz, beldurrez, deskubrimentuz eta, batez ere, ikaskuntzaz betetako bidea egin dugu.

Gaur, inbentarioa egiteko ordua da. Estreinalditik kasik lau hilabete pasatuta, Zinez-ek proiektua bukatutzat eman du. Heldu ohi da momentu bat non filmek —haurrek bezala— jadanik ez duten gurasoen eskutik joan beharrik oinez ibiltzeko. Barrura Begiratzeko Leihoak filmari iritsi zaio, beraz, emantzipatzeko ordua. Eta guri, prozesuaren balorazio bat egitekoa.

Datuei begira, edonork esango luke filma arrakastatsua izan dela. Kuantitatiboki, bederen. Urriaren bukaeran estreinatu zenetik, 15.000 ikusle baino gehiago izan ditu, Euskal Herriko zinema komertzial, kultur etxe, unibertsitate eta sala alternatiboetako emanaldiak kontatuta. Kritikak ere ez gaitu gaizki tratatu. Kasu gehienetan, positiboak izan dira, eta hala izan ez den kasuetan ere, elementu konstruktiboak ukan izan dituzte beti filmarekiko.

Baina dena ez da neurtzen «kuantitatiboki». Elementu «kualitatiboak» ere kontatzen du. Eta alde horretatik, nire ustez, frakasatu egin dugu.

2010eko irailean proiektua kazetari madrildar hari azaldu genionean, geure buruari markatzen genion lehen helburua zen filma edozein sentsibilitate politikotako jendeak ikustea; konbentzituak baikeunden, termino humanoetan mintzatuz, askok komunikabide dominanteetan agertzen ez ziren istorioak deskubrituko zituztela. Eta horrek berradiskidetze eta elkarbizitza prozesuan lagun zezakeela.

Zoritxarrez, ez da hala gertatu. Ez dugu lortu presoen gaia oraindik tabu sozial bihurtzen duen inkomunikazio harresia pitzatzea. Dudarik gabe, horretan, zerikusi handia izan du Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak, Barne Ministroak eta zenbait komunikabidek filma estreinatu aurretik haren kontra altxatu zuten zentsura kanpaina bortitzak. Batetik, zabaldu zuen beldur-klimaren ondorioz, Euskal Herriko hainbat instituzio eta agentek filmaren kontrako boikot aktibo edo pasibo batean parte hartu zutelako. Eta bestetik, filma «terrorismoaren gorazarre» hutsa zela errepikatzearen ondorioz, guk bilatzen genituen sentsibilitate ezberdineko ikusle potentzial horiek aretoetatik urrundu zituelako.

Baina ez litzateke zintzoa norbere helburua ez betetzearen ardura osoa besteei egoztea. Segur aski, autokritikarako tartea ere zabaldu beharko dugu. Oso posible da filmak gauza zenbaitetan asmatu ez izana. Akaso forman. Akaso denboran.

Nolanahi dela, gure intentzioa argia eta sinzeroa zen: zinematik, sorkuntza artistikotik, kontakizun komunari ekarpen bat egitea. Eta nire ustez, denborarekin, hori geldituko da. Izan ere, hutsegite zein asmatze, bertoko errealitatean ainguratuta, eztabaida piztuko duen kultura batean sinesten segitzen dut nik. Eta errepresentatzen dituen ahotsen oihartzunak proiektatuko dituen zinema batean.

Inbentario hau bukatzera noa. Lehenago esan dut filmak haurrak legez direla; denborarekin bakarrik ikasten dutela hegan. Bada, niri gustatuko litzaidake Barrura Begiratzeko Leihoak ardo ona legez ere bihurtzea. Denborarekin, zapore goxoagoa izatea. Denentzat.

Zalantzarik gabe, seinale bikaina litzateke hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.