Inbadituta gaude, eta ez dira alienak

Edu Zabala
2023ko urriaren 11
00:00
Entzun
Espezie exotiko inbaditzaileei eta horien kontrolari buruzko ebaluazioaren txostenaren arabera, giza jarduerek 37.000 espezie exotiko baino gehiago sartu dituzte mundu osoan, Dibertsitate Biologikoari eta Ekosistemen Zerbitzuei buruzko Gobernuen arteko Plataforma Zientifikoa-Araudia (IPBES) izenekoaren arabera. Horietatik 3.500 baino gehiago espezie exotiko inbaditzaile kaltegarritzat jotzen dira, eta mundu-mailako mehatxu larria dira naturarentzat, ekonomiarentzat, elikagai-segurtasunarentzat eta giza osasunarentzat.

Jatorriak ugariak dira. Maila globalean trafikatzen den flora zein fauna exotikoa modan jarri zirenetik, landare eta zuhaitz batzuk, ederrak, koloretsuak, ekonomikoki errentagarriak (Budleja davidii, Fallopia japonica, Topinambur, Robinia pseudoacacia, eukaliptoa, itsas pinua...) gure ekosistemetan, mendietan, parkeetan, lorategietan sartu zituzten, eta jaun eta jabe bihurtu dira sekulako kalteak sortuz arlo publikoaren ekonomian, besteak beste.

Hori guztia ikusita, Baso Biziak plataforma osatzen dugun hainbat taldek urtero egiten dugun ekimen bateratuan, ibai garbiketarekin batera, beste ekimen osagarri eta funtsezko bat jarri dugu martxan aurten: landare exotiko-inbaditzaileen behaketa. Behaketa diogu zeren ezin baititugu gure kasa erauzi landare horiek, Administrazioari dagokiolako. Beraz, gure lana izan da hainbat espezie lokalizatzea, zenbatzea. Material horrekin guztiarekin txosten bat prestatzen ari gara arlo horretan ardurak dituzten instituzioei helarazteko.

Zer eskatzen diegu? Baso Biziak plataformak exijitzen dio Eusko Jaurlaritzari argitaratu dezala, behingoz, EAEko espezie inbaditzaileen zerrendaren dekretua. 2007an estatuan indarrean sartu zen Ondare Naturalaren legeak erkidegoen esku lagatzen du espezie inbaditzaileen zerrenda gauzatzea eta zehaztea, ez baitira berdinak Murtzian eta Extremaduran dauzkaten arazoak, edo gurean.

Erronka, beraz, ez da nolanahikoa: arrisku global eta lokal baten aurrean gaude, tokian tokiko berezitasunekin. Florari dagokionez, denok identifikatuta daukagu, seguruenez, panpa-lezka, luma zuridun hori, eta bere garapena, epe laburrean, ikaragarria izan da. Inbaditzaile arriskutsu honen aurrean Life Stop Cortaderia proiektua jarri zen martxan Kostalde Atlantiko osoan, Europako Batzordeak diruz lagunduta, eta badirudi emaitzak onak direla, hori bai, kostu ekonomiko handiarekin.

Badakigu indar ekonomiko batzuk dekretuaren beldur direla landaketa arloan; izan ere, eukalipto espezie batzuk, akazia edota itsas pinua, zerrenda horretan agertuz gero —azterketa zientifikoek baieztatzen duten moduan—, haien irabazi partikularrak murriztu egingo lirateke bioaniztasunaren, ekonomia sozialaren eta zerbitzu ekosistemikoen mesederako.

Estatuan badago espezie inbaditzaileen zerrenda orokor bat, baina gurean murritza geratzen da, eta EAEra egokitutako dekretua argitaratzea derrigorrezkoa dela deritzogu.

Ihobe erakunde publikoak 2009an burutu zuen EAEko landaretza aloktono inbaditzailearen diagnosia, eta proposamenak eginak dauzka harrezkero. Politikariei arduraz jokatzeko eskatzen diegu, eta legealdi honetan argitaratu dezatela ditxosozko dekretu hori, beste instituzioak ere bide beretik eta elkarlanean hasi daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.