Ina Zeberio, presoen ongietorriak...

2021eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Ekainaren 5ean izango dira 23 urte Ertzaintzak Ina Zeberio hil zuela Gernikako etxebizitza batean zegoela. Hogeita lau zulo egin zizkioten gorputzean, izugarrikeria. Non zegoen bazekiten. Hortaz, etxe hartatik ateratzean atxilotzea zen logikoena, zibilizatuena, edozein polizia demokratikok Europan egin beharko lukeena. Baina ez. Goizeko ordu bietan barrura sartu eta zuloz josi zuten etakide lizartzarra, etxea isolatu, ateratzera gonbidatu publikoki eskubideak errespetatuko zaizkiela adierazita... egin beharrean, edota ezkaratzetik ateratzean atxilotu, horretarako arte martzialak jakitea nahikoa baita.

Arestian aipatutakoa adierazi nion garai hartan Tolosako Udaleko zinegotzi zen Patxi Ezkiaga jeltzale zenduari. «Herri honetako gertakizun tamalgarri bat gehiago», erantzun zidan. Esan beharrik ez dago, Iñigo Cabacasen kasuan bezala, ez zitzaiola ezer gertatu Gernikan gaizki jokatu zuen poliziari. Bala edo pilota demokratikoek hil zituzten Ina eta Iñigo; bala terroristek edozein hil dutenean, urte sorta ederra pasa behar izan du kartzelan harrapatutakoak. Honelakoa da gure demokrazia, diktadura frankistaren ondorengo demokrazia frankista. Pena.

Bizikletaz Lizartzatik pasatzean bisita egiten diot Inaren alde jarritako eskulturari; ez omenaldia, e!, bisita. Badaezpada diot, ongietorriak ere omenaldi bihurtzen baitituzte kalean «ongi etorri» esatea ezin eraman dutenek; eta egungo legeria kontuan izanda, arazo kartzelario batean sar zaitzakete omenaldia aipatuz gero. Adierazpen askatasunaren gabezia nabarmena, demokrazia frankistaren beste ezaugarrietako bat. Pena.

Pertur, Naparra, Popo Larre, Txirrita, Morlansekoak, Luzia, Josetxo Ibarrakoa... maiz ditut gogoan, atxilotzeko aukera izanda fusilatu egin baitzituzten.

Ongietorriak aipatu ditudanez, horri buruzko nire iritzia ere jakinarazi nahiko nizueke. Preso politiko torturatu, sakabanatu eta baldintza negargarrietan bizi behar izan dutenez ari natzaizue, edota deportazioan egoera guztiz ilegalean berrogei urtez izan dituztenez edo...

Aipatu ditudan horiei maite dituztenek ezin diete adierazi beren maitasuna jendaurrean, nonbait! Bada ez, ongietorria «ongi etorri zure etxera» esatea da, kito. Eta gustatzen ez zaionari zer egingo diogu bada! Nahikoa sufriarazi diete kartzeletan, tortura saioetan... gainontzekook isil-isilik egon behar izateko. Frantzisko aita santuak Jordi Evoleri esan moduan, preso horiek kartzelatik irtetean, presondegietan pasatako urte pila horiekin, egindako giza eskubideen urraketa guztiak ondo pagatuta dituzte, ateratakoan berriro inori konturik eman behar izan gabe. 15, 20, 30 urte kartzelan, eta gero kontuak ematen jarraitu behar izatea: besterik ez genuen falta! Beste aldeko inork laurdenaren laurdena ordaindu ez duenean, kobratu baizik, karguekin, fondo erreserbatuetatik...

Okerrena da beren giza eskubideen urraketak aitortu ez dituztenak (frankismoa, GAL eta enparauak, torturak, Martxoak 3, 1978ko sanferminak, Cabacas, Gurutze Iantzi, Joxe eta Ttotto zizurkildarrak, Basajaun…) ongietorri horien kontra entzutea. Hilobi zuritu esan zien Jesukristok horrelakoei! Eta asko Jesukristo baino katolikoagoak direlakoan daude. Eta jakina, ez dira ez, batere katolikoak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.