«Legeak onartzeak ez du esan nahi etikoa denik», zioen gure erlijioko irakasleak, apaiza berau, trantsizioko garaian abortuari buruz. Egun hauetan asko gogoratu naiz don Javierrez immatrikulazioak gora eta behera ari garenean, zeren bere lankideei sarri entzuten diedan hitza legea da, ez etika.
Honezkero denok dakigu immatrikulatzea Jabetza Erregistroan ondare higiezin bat norberaren izenean jartzea dela. XIX. mendean, asmatu zenean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eta beste lekuetako jabeak alde batera eta bestera ibili ziren mota guztietako paper eta lekukoak lortzen, gero gotzainek erabiliko duten«uso y disfrute desde tiempo inmemorial» esaldia nahikoa ez omen zela eta. Ez orduan ez geroago ere, baserritarrentzat. Baina frankismoa iritsi zen eta diktadoreak baimena eman zion Elizari aurrean aipatutako ziurtagiririk gabe larre, lur eta soro immatrikulatzeko; nahikoa zen gotzain jaunak «uso y disfrute» hori sinatzea.
Alde batera utzita nondik atera dutengure eliz agintariek meza ematen duten apaizek hura entzuten duen herriakbaino «uso» gehiago egiten dutela elizez, guk immatrikulatutako bi ondare aztertu nahi ditugu:
1.- Hain ezaguna den Kordobako meskita. Meskita hau 750. urtean eraiki zen eta, garbi dagoenez, musulmanen errezo lekua izan zen 1236an katedral bihurtu zuten arte. Alde batetik denbora ez da «inmemorial», memoria dokumentatuta dagoelako, eta, bestetik, «uso y disfrute» zutenakoso katolikoak ere ez ziren (hori ere frogagarria da). Hau aipatzen dugu zeren egin dituzten akatsen artean errezo lekuak ez omen daude. Zuritzen dute meskita baino lehen hor eliza kristau bat zegoela esanez. Lastima arkeologoek aztarna zipitzik ez topatzea.
2.- Apotzagako elizatean (Eskoriatza) elizaren aurrean dagoen eta udalak mantentzen duen umeen parkea. Denok dakigu «ez esan sekula ur hau ez dut edango» esaldiaren bigarren zatia, baina benetan inguru hartako ume guztiak «desde tiempos inmemoriales» apezarenak dira? Beste hau ere komentatzen dugu zeren Gipuzkoako gotzaintzak ez omen du akatsik egin.
Lehen esan bezala, immatrikulazioak babestu dituen legea 1946ko Francoren lege hipotekarioa da. Baizik eta lege horrek ez duela onartzen orain aipatzen dituzten errezo lekuak inoren izenean jartzea. Donostiako, Bilboko eta Gasteizko gotzainek jabetze gehienak 1980 eta 1990eko hamarkadetan egin zituzten; legeari zor dioten errespetua mantenduz orubeak immatrikulatu zituzten, eta gero «eta beraz...» logika erabili dute: hau da, «orubea gurea da, beraz gaineko eraikuntza ere bai, eta beraz barruko guztia ere...». In stricto sensu, eraikinak immatrikulatu gabe daude, hortaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako alkate guztiak animatzen ditugu errezo lekuak immatrikulatzera. Leku horiek akustika onekoak izaten dira eta organoa dute, primerako udal musika eskolak izan daitezke. Gure herriko organoari dagokionez, udal artxiboan dago ordainagiria, eta Santa Katalinaren aldarearen agiria ere bai, herriak ordaindu zituen eta. Horretara ere animatuko genituzke, artxiboak arakatzera eta herriak ordaindu duena erreklamatzera. Kontuan izanik Elizaren jarrera kasu askotan izan dela immatrikulatzea bertan behera usteltzen uzteko zaindu gabe, itoginak dituen elizan baino okerrago ez dira egongo udalaren ganbaretan.
Immatrikulazioak asko aipatzen dira egun hauetan, elizak onartu duelako ia mila egin behar ez zirenak omen direla, eta ondo begiratu ondoren agian itzuliko dizkigute. Elizaren jarrera beti oso paternalista izan da eta ulertzen dugu pentsatzea herritarrak ume txikiak bezala tratatu gaitzakeela, goxoki batzuk banatu eta isilduko garela. Ez duguna hain garbi ikusten da Pedro Sanchez jaunaren jarrera, gotzainek deitu dutenean hor joan baita txintxo-txintxo, jopu jator bat legez, eta poz-pozik jakinarazi digu «berri ona». Egia esan, PSOEk konkordatuarekin izan duen jarrera jakinda, ezgaitu aho zabalik utzi, baina zerbait gehixeago espero genuen; zehazki gotzainak Moncloara deitzea eta argi eta garbi esatea: «Jabetutako guztia itzuli behar duzue inolako aitzakia txororik gabe». Ez gara umeak, ezta tontoak ere, eta ez ditugu soberakinak nahi. 1946tik aurrera Elizak bere izenean jarri dituen ondare guztiak berriro herriaren esku nahi ditugu, eta ez dugu etsiko.
Haiek kontatzen dute: erakundearen sortzaileak, nagusien nagusiak, joka atera omen zituen merkatariak tenplutik «alde nire etxetik» oihuka. Garbi dago, historia honetatik Espainiako egungo Elizak soilik nire hitza ikasi duela.
Immatrikulazioen nahaspila dela eta: etika eta legea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu