Imanol Larzabali azken egurra

Imanol Laburu Larzabal
2022ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Imanol Larzabalen izena nonahi atera orduko ohikoa izan da, urte luzeetan zehar, batetik eta bestetik mespretxuak eta irainak entzutea. Imanol maite dugunok, ondo dakigu hori. Egia da, azken boladan geroz eta maizago entzun ditugula Imanolekiko edukitako jarrerarekin damu punttu bat aitortu duten ahotsak, baina bada oraindik ere, antiguotarra egurtzeko aitzakia gutxi behar duenik.

Hedoi Etxartek duela egun gutxi topatu du zirrikitua nonbait, eta baita aprobetxatu ere! Imanol jaio zela 75 urte bete direla eta haren inguruan antolatutako ekintzak (antologia kaleratzea, dokumentalaren ekoizpena edota bere omenezko kantaldia), antza, ez zaizkio gustatu.

Aurtengo udan eskuratu omen du Etxartek Imanolek 1973an (duela 49 urte) kaleratutako Orain borrokarenean diskoa, eta, bere jakituria zabalaz baliatuz, argitu gaitu gu, irakurle ez jakitun eta inozook. «Puskaz dela hori Imanolen diskorik onena». To erroskilla! Etxarte egia absolutuaren jabe!

Bere idatzian dioenez, «disko honen ondoren, ahotsa makaldu, dekadentziarekin maitemindu eta kutrekeriarekin lerratu zen Imanol». Bost axola idazle orojakitunari, kantariak kantu teknika hobetzeko eginiko lanak, euskal poesian egindako murgilketa sakona: Mikel Arregi, Koldo Izagirre, Jon Mirande, Xabier Lete, Gabriel Aresti, Juan Mari Lekuona, Joseba Sarrionandia, Mendian gora, Zure tristura, Ilun ikarak... Ahots makala, dekadentzia eta kutrekeria!

Behin martxa hartuta, eskua arin doakio idazle nafarrari. «Artearekin zer ikusirik ez duten motiboek jarri dute goregi Imanolen karreraren bigarren erdia». Muga beroetan, Amodioaren berri, Viajes de Luna y Mar, Barne kanta, Ausencia... Disko hauek guztiak zakarrontzira botatzeko modukoak dira nonbait.

Hedoi Etxartek ziurtzat jotzen du berari hainbeste gustatzen zaion disko hori estaltzeko ahalegina. Esku beltza! Hori bai, errudunik zehaztu gabe. Eta horretaz baliatzen da, hain zuzen ere, Imanol Larzabalen 30 urteko karrera artistikoari ezker-eskuin emateko, dinbi eta danba!

Agian, Etxarte jauna Elkar argitaletxeko webgunean sartu izan balitz eta Orain borrokarenean diskoa eskatu, hamar euro eta erdian eskura zezakeela jabetuko zen, eta idatzi iraingarri honek ez zukeen sekula argia ikusiko. Auskalo!

Hedoi, argi dago (idazterakoan erabiltzen duzun tonuak hala erakusten du) zure burua estima handian duzula eta esaten duzun guztiaz oso seguru zaudela. Egia eta arrazoia alde dituzula, alegia! Oraingoan, ordea, irrist egin duzu. Hurrengoan, dakienari galdetu eta, ahal baduzu behintzat, tonua baretu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.