Hil honen bukaeran 15 urte beteko dira Imanol Lartzabal abeslariak betirako utzi gintuenetik. Urtemuga horrek eta Euskal Herrian, ustez, bizitzen ari garen egoera berriak aukera paregabea eskaintzen digute gaiaz hausnartzeko eta, herri eta komunitate gisa, bide onetik goazen edo ez jakiteko. Gainera, eta aurrekoarekin lotuta, Euskal Herrian izan dugun traiektoria aztertzeko eta geure buruaren kritika eta autokritika sakona egiteko oso baliagarri izango zaigun liburu bat idatzi berri du Hasier Arraizek: Maitasun keinu bat besterik ez (Erein). Ez dut oraindik irakurri, baina oso elkarrizketa sakon eta mamitsua egin diote BERRIAn autoreari. Pertsonen errealitatea kontuan hartzen duen etika askatzailearen aldeko mezua ematen digu etengabe Arraizek eta, horregatik, euskal gizartean hain beharrezko dugun eztabaida eta gogoeta sortzeko lagungarri izateaz gain, Imanoli gertatu zitzaionaren, euskal gizartearen zati handi batek egin zionaren larritasuna haren dimentsio osoan ikusteko eta horretaz euskal gizartean eztabaida bat sortzeko lagunduko digula espero dut.
Has gaitezen, bada, Imanol Lartzabali gertatu zitzaiona kontatzen, birgogoratzen, beti gogoan eduki dezagun: kritiko izateagatik eta Euskal Herrian gertatzen zen ETAren borroka armatuaren kontra agertzeagatik euskal abertzaletasunaren zati handi batek gogor jo zuen Imanolen kontra. Izugarrizko boikota egin zioten, ez zuten errespetatu, traidoretzat jo zuten eta, azkenik, Euskal Herritik erbesteratu behar izan zuen, hemen bizitzea ezinezko izan zitzaiolako. Gertatu zena, gutxi gorabehera, denok dakigu eta ez naiz horretan luzatuko, baina euskal gizarteak eta, bereziki, ezker abertzaleak, euskalgintzak eta kulturgintzak oso hausnarketa sakona egin behar dutela uste dut, Imanolekin gertatu zenaren larritasunaz, herria eta komunitatea garen aldetik, denok jabe gaitezen, etorkizunari begira askatasunean eta giza balioetan oinarritutako Euskal Herri berri eta libre bat eraiki nahi badugu.
Gure herrian, disidente eta kritiko izateagatik, ezker abertzalearekin kritiko izateagatik zehatzago esanda, hainbat eta hainbat pertsonak asko sufritu dute. Egia da, bai, zapalketaren kontrako eta askatasunaren aldeko borroka handia bizi izan du urteetan zehar Euskal Herriak eta herri honek asko sufritu du: torturak, errepresioa, espetxeratzeak, herriko seme eta alaba askoren erbesteratzea eta hilketak, euskararen zapalketa... Hori guztia egia da, baina gauza batek ez du bestea justifikatzen eta, une batetik aurrera, askatasunaren aldeko borroka zena desberdin pentsatzen zuten pertsonen kontrako bidegabekeria bihurtu zen. Hori da, hain zuzen ere, Imanolekin gertatu zena. Hasier Arraizek ezin hobeto adierazten du BERRIAko elkarrizketan: «bestearen kolpe latzek itsutu gintuzten, guk geuk egin genitzakeen akatsak eta injustiziak ez ikusteraino». Bada, planteamendu horren adibide ezin hobea dugu Imanolek sufritu behar izan zuena eta euskal gizarteak, euskalgintzak eta kulturgintzak batez ere, kitatu beharreko zorra dugu.
Kontuz! Inork ez dezala gaizki interpretatu. Euskararen eta euskal kulturaren aldeko mugimenduak lan erraldoia egin du eta egiten ari da Euskal Herriaren alde gaur egun, eta haragi bizian pairatu behar izan du herri honen patua: kartzela, tortura, errepresioa...;batzuetan, ordea, garai bateko mamu zaharrei aurre egiteko adina kemenik ez duela iruditzen zait eta hori ez da, nire ustez, adorea, ahulezia baizik. Oso garai gogorretan euskararen eta Euskal Herriaren alde lan egin izanak ez gaitu inolaz ere itsutu behar, gaizki dagoena zein den argi eta garbi esan dezagun. Guztion onerako izango da eta, gainera, indarkeria eta gorrotorik gabeko Euskal Herri berri bat sortzeko aukera dugun ziklo honetan, guztiok, eta Imanolen kasuan euskal kulturaren munduak bereziki, egin beharreko lana dela iruditzen zait.
Azkenik, Imanol, zuri eskaintzen dizut artikulu xume hau. Zauden tokian zaudela, ziur nago pertsona librea izango zarela eta Euskal Herriko gizon eta emakume handien artean (Txikia, Argala, Santi Brouard, Xabier Arzallus, Telesforo Monzon, Jose Antonio Agirre, Martin Ugalde, Elvira Zipitria, Manuel Irujo... ) toki bat izango duzula.
Imanol Lartzabal: Euskal Herriak eta euskalgintzak kitatu beharreko zorra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu