Zibilizazio baten krisian gaude, ilunabarrean, eta Euskal Herria krisian. Joxe Azurmendik dioenez, aldi honetan bi ikuspegi ditugu kontrakarrean, batean gizakia aberea da, eta beraz, funtsean naturaren menekoa, beste animalia guztien antzera; bestean, gizakiak naturaz gaindiko zerbait du, Jainkoaren isla (arrazionala, askea…), espirituzkoa. Ideia hori nagusia izan da azken bi mila urteetan, garai bakoitzak bere modura landuta; geuk Ilustrazioaren galbahetik jaso dugu. Egun, ordea, natur zientzien eta bizimoduaren ondorioz, irudi hori kolokan dago, ikuspegi naturalistak azpia jan baitio, baina ez erresistentzia handirik gabe. Joseba Sarrionaindiak (Sarri), kasu, gizakiaren ikuspegi tradizionalari eutsi dio bere saiakeran, ohiko unibertsalismo kristaua besarkatuz, halako moduan non hiru ihes tipiko egiten baititu: mundutik, giza abereagandik, Euskal Herritik. Finean, guztiak ihesaldi bakarraren soslaiak dira, ilunabarreko giza banako bentzutu, nekatu, bakarti eta indibidualistaren aterpe metafisikoa, baina bidenabar, ideologia abertzalearen krisiaren sintoma.
Sarrirentzat gizateria bitan banatzen da: zapalduak, moroak, eta zapaltzaileak, gizon zuriak. Dualismo manikeo horren sustraia Ongiaren eta Gaizkiaren banaketa tradizionala da. Ongi unibertsalak absolutu bat behar du, Jainko bat, Subjektua, Sortzailea, Yahveh… Jainko hori Arrazoia bihurtu dugu XVII. mendeko arrazionalismoaz geroztik. Arrazoiaren adierazpenak (epifaniak), Maitasuna, Justizia, Askatasuna, Berdintasuna… Arrazoia, noski, ordena sozialarekin identifikatu da beti, eta, horrela, Estatua dugu Arrazoiaren interesak kudeatzeko, gure garaiko Eliza. Ordenari kalte egiten diona, matxinoa, gaiztoa da, Gaizki unibertsala ere badagoenez. Baina botereari kontra-boteretik begiratzen dionak, poloak buruz behera jartzen ditu: Gaizkia botere ofizialari egozten dio, ordenari. Horrela, matxino guztiek Gaizkia Elizarekin edo Estatuarekin lotu izan dute, Erdi Aroko milenaristekin hasi eta oraintsu arteko iraultzaileenganaino. Halatan, utopia modernoaren bihotza anarkista izan da beti, matxinoen eginak ez.
Utopia, Zerua, Jainkoaren Erresuma: klase eta estaturik gabeko gizarte baketsu, justu, berdintzaile gatazka gabea, maitasuna arau duena. Zeru bila, jokabide bi egon izan dira, bata historian murgildu eta bertan botereagatik zikintzea—marxistena kasu— noizbait Ongia besarkatzeko itxaropenaz; bestea, Paradisura zuzen jotzea, anarkisten lasterbidea. Egun, zibilizazioa jasateko kemena ahitzen ari baitzaigu, gero eta gehiago heltzen diogu bidezidorrari. Tamalez, nola jauzi utopikoa giza aberearekin ezinezkoa baita, alternatiboek euskarri teorikoa nahitaez idealismo gordinenean bilatu behar. Eta, paradoxikoki, joera berriok, ideia zorrotzok jaidura belaxkarekin ezkontzen dituzte, talka bortitzak ekidin nahirik-edo, erakundeekin lankidetzan jarduteko gertu. Ilunabarreko epikurismoa da, sufrimenduari aurre egiteko ezintasuna.
Sarri, ukatu arren, utopista da, filantropo kristau-ilustratua berebat, eta noski, tresneria idealista baizik ez du xedera iristeko: Komunikazio egokia, eztabaida, demokrazia… Moroek, arrazoia dutenez, gizon zuriak azkenean limurtuko dituzte, harik eta guztiok askeak izan arte. Ez da botereagatik lehiatu behar, gaiztoa da eta. Bortxa, liskar armatuak ere gaiztoak dira. Absolutuki? Tira, agian indarkeriatxoren bat onar liteke nork bere burua babesteko, baina Sarrik ez du defentsaren eremu lauso hori guztiz argitzen. Beharrik, zeren defentsa-indarra erabiliz egin baitute inperioa hala Erromak nola AEBek. Are gehiago, Sarrirentzat, giza banakoaren askatasuna bortxa ezinezkoa izanik —giza eskubideak— ezin onartuzkoa da giza banakoa hertsatzen duena. Alta, erkidegoa eta giza banakoaren askatasuna berez kontrajarrita daudelarik (B. Russell, Historia de la Filosofia), Sarrik banakoari zor dio lehentasuna. Horrela, euskaldunok eta erdaldunak elkarrekin biziko gara, bakean, elkarrekiko errespetuz, politak eta itsusiak, argiak eta ergelak… denok erkidego berean eta denok independente, beregain.
Noski, estaturik gabe, denok independente. Hala, periplo horren bueltan, hara non independentzia ideal burgesaren betegintzarrea bihurtu den, nazio eta erkidego ororekin elkartu ezinezko zerbait. Sarrik nazio-estatua ez ezik abertzaletasun politikoaere arbuiatzen du, politika botereagatiko borroka denez. Ez ditu bere eskuak odolean sartu nahi, ez du inoren nagusi izan nahi, ez eta inoren borondatea zapaldu ere. Haren hautua historiatik landa dago, absolutu bati atxikia, baina ez gara absolutuan bizi. Boterea ez da zapalkuntza eta odol-isuria bakarrik, ezpabere eraikitzaile, antolatzaile, arrazionalitzaile ere bada, eta, beraz, moral absolutu batetik gaitzesten du autoreak, Ongiaren izenean. Botere-sarerik gabe ez gizarterik, ez Euskal Herririk. Baina kontrakoa ere ez da egia, hots, nazio-estatua egoera historiko orotan beharrezkoa denik. Hobe etorkizun ireki batera irekita egotea. Alta, Sarrik nazio-eraikuntza politikoa ukatzen du idealismo indibidualistatik eta antihistorikotik.
Bestalde, unibertsalista antiunibertsalista bat da. Filosofiaren historia txarto aipatuz ahalegintzen da unibertsalismo ustez gaiztotik aldentzen. Ordea, unibertsalismoa estu-estu lotuta dago inperioari eta botere-nahi unibertsalistari, hala estoikoen garaian nola gurean. Nietzschek esan zuenez (Anticristo), herri batenak egin du betebehar unibertsal baten mendean jarri bada. Sarriren ardura nagusia, ostera, gizakiaren salbazioa da, eta horrela, berak ere botere-nahi eskerga erakusten du, moralista guztien antzera (Moralaren genealogia), denon bertuteak eta bekatuak arautzendituenez gero. Sarri aszetak ez du jakin nahi Jainkoa hil dela, eta beraz, gizakia ere hilik datzala, jainkoaren isla baita. Abereok, askotarikoak, Lurrera itzuli gara. Askatasun espiritualak ez digu fitsik balio, materiala, baldintzatua, politikoa baita ulertzen dugun bakarra. Gizona abere hutsa (J.Azurmendi) denez, lurrezkoa, euskaldunok hobe dugu behe laino artean zerura ihesi ez ibiltzea. Zibilizazioaren ilunabarrean, artizarrik bada, politikoki lehiatu beharko dugu atzemateko, gure mitoekin —Nafarroako Erresuma kasu— moro batzuk lagun ditugula, beste batzuk arerio, gizon zuri batzuk adiskide, ez baitago zapalkuntza eta askatasun unibertsalik, harreman guztiak azal ditzakeen formularik, ez jainko bakarrik.
Ilunabarreko behe laino artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu