Nekane San Miguel.

Ikusi makusi

2025eko martxoaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Mila bederatziehun eta laurogeita hamarreko hamarkadaren erdi aldera piztu zen hemen eztabaida serioa bideokamerak legeztatzearen inguruan. Orduko Barne Sailetako agintariek ezinbestekotzat eman zuten halako tresnen instalazioa delituen gehitzeari aurre egiteko, eta (hasiera batean) legetasmoak zirenen aurrean hamaika jende eta juristak ahotsa altxa zuten, lanabes horiek eremu publikotan jartzeak pertsonen oinarrizko eskubideei eragin kaltegarria ekarriko zietelako. Bai Españaren Konstituzioan, bai nazioarteko araudian bermatu beharreko oinarrizko eskubideak ukituta izango zirela argudiatuz, hamaika hausnarketa irakurri genituen, delituen prebentzioa eta hiri seguritatearen aurrean ezin zela amore eman eskubide horien babesteko orduan. Jakin dakigu azkenean legeak (bat baino gehiago) idatzi eta indarrean jarri zirela, eta arauen aitzinsolasetan idatzi zenez, deliturik burutzeko arrisku sendoak detektatuko diren lekuetan ipiniko dira baliabide horiek, beti proportzionaltasuna, egokitasuna eta ahalik eta gutxieneko erabilera bermatuz.

Agintean zirenek lorpen handitzat bizi izan zuten lege hauek onartzea, eta honela zioten: «Jende onak ez du zertaz kezkatu behar, ezer txarrik eta gaiztakeriarik egin ezean, eta kalean zintzo arituz gero, grabatu izanak ez dio kalterik ekarriko». Jainkoak guztia eta uneoro ikusten duela erakutsitakoak izanik, agian jainkoaren begiaz ari ziren agintari haiek, baina orduan kamerak ezartzearen aurka agertu zen makina bat jende, azken urteotan nonahi jartzeko eskean ikusi eta entzuten ditut, inolako lotsarik eta memoriarik gabe. Goitik ereindako mezuak fruituak ekarri.

Bideokamera moduko tresneria ipini eta erabiltzeak, intimitatearekin zerikusia duen pribatutasunaren murriztea eta baldintzatzea dakarrela jakina da.

XIX. mendeko azken aldera (1873an) kokatzen dute adituek pribatutasunaren defentsaren hastapeneko aldarria. Warren eta Brandis abokatuek prentsan argitaratutako iritzi-artikulu batean, Estatu Batuetako senatari baten familiaren ospakizunaren inguruko berria egunkarietan azaltzeak pribatutasunaren defentsa eraginkorraren errebindikazioa ekarri zuen abokatu haien aldetik.

Kanpoko begiradetatik babestu nahi diren eremuek hedadura diferenteak dituzte: bizitza pribatua, intimitatea, sekretupean gordetzeko partea, konfidentzialtasunaren atala, erreserbatu nahi dena, eta abar. Ez dute gauza bera adierazten, baina legedi orok (bai nazioartekoek, bai estatu barnekoek) ondasun hau pertsonaren eskubide oinarrizkotzat hartzen duten neurrian, babestea manatzen diete aginte publikoei. Eskubidearen jabeak jakingo du nola kudeatu eta noiz eta nori eman bere barne-esparru horietara sartzeko giltza. Estatuak gure intimitate edo pribatutasun hori arakatzeko premia balu, ebazpen judizial batek jarriko dizkio modu eta mugak: neurriz zehaztuz, proportzionaltasunez eta helburu zilegiak lortzeko beste biderik ezean sendoak diren motiboak erakutsita.

Jende askok ulertu ez arren, bada oraindik bere bizitza pribatua, bere komunikazio eta harreman, pentsaera, nahi eta asmoak errespetatuak izan eta aireztatu ez daitezen nahi duenik. Gure baitan edo kontrolpean gorde behar horretan, nahi ez dugun interferentziarik gabe pertsonok gure izaera garatzeko eskubidea dago, irudia, osotasun fisiko zein moral eta psikikoarekin lotutakoa. Hala diote milaka ebazpenek eskubide hau urratua izanaren salaketa ugarien aurrean. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak norberaren autodeterminazioa edo autonomia pertsonalerako ahalmena jartzen du eskubide honen muinean.

Kanpotik etor daitezken interbentzioetatik salbu jartzearen pribatutasunaren kontzeptualizazioak badu, hala ere, beste begiradarik. «Pertsonala politikoa»dela zioten Carol Hansich eta kide feministek mila bederatziehun eta hirurogeita hamarraren hasieran: Sexua, abortua, zaintza, etxeko lanen ardura eta banaketa, edo etxe barruan ematen zen bortxa, pribatu izaeratik atera eta politikaren eremura ekarri beharraz jabetu, eta ozen altxatu zen emakume asko. Gai horiek isilik eta indibidualki estali eta mantentzeko agindua jasoa genuen mendetan, baina sistemaren ardatz eta gizartearen harremanetako muina zela ohartzeak, sustarretatik eman beharreko aldaketaren zutabe behar zuela ikasi genuen emakume haien eskutik. Zoritxarrez, azkenaldiak ekarri dizkigun mudantzen eraginez, aldarrikapen politikoa den pribatutasuna ikusgarri egitearen helburuak desitxuratzeaz gain, zentzua bera ere desbideratu digutelakoan nago, errespetuan eraiki gura den intimitatea hondamendira bultzatuz.

Gure barnea kanpora atera eta ikusgarri eta ikusgai jartzeak, arima biluztea dakar, eta bizitza biluzteak begiraleen menpe uztea du ondorio. Egungo gainesposizio eta erabateko konexio orokorrak feministek formulatutako helburuak sendotu ordez, ahultzea ekarri du. Nork bere borondatez pribatutasuna partekatzea lagungarri izan zitekeen, baina egun indarrean den teknoliberalismoaren presiopean gurea beharko litzatekeen espazioa kontrolatzen digute eta Handien interesen erara kudeatu, NIaren kanporatzea merkantilizazioaren elikagai bilakatuz.

Kate Millet eta sasoi haietako feministek zioten moduan «guregandik irteten den oro ugazabaren etxera sartzen denean deuseztatzeraino desnaturalizatzen digute». Eta agian buelta pare bat eman beharko genioke Ameriketara esklabotzan jartzeko eramandako haiek ziotenari: «Ugazabaren erremintek ez dute inoiz ugazabaren etxea deseraikiko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.