Ikus dezaten. Ikus gaitzazuen

Txema Ramirez de la Piscina Jose Mari Pastor Nicolas Xamardo
2012ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Samurtasuna. Maitasuna. Naturaltasuna. Sumindura. Elkartasuna. Horiexek izan dira aurreko asteetan 'Ekaitz etxean' gizarte-ekimenaren haritik, Gasteizko kaleetan barna barreiatu diren sentimenduak. Ekaitz Samaniego, 22 urteko gaztea, bertsolaria eta Kazetaritzako ikaslea izan da harrabots solidario honen iturria. Ekaitz kartzelatzeko agindua dago. Auzitegi Nagusiak zortzi urteko zigorra ezarri berri dio, ustez Segi erakundeko kide izategatik eta tranbiako markesina baten aurka (ustez ere) eraso egiteagatik. Berak ukatu egin ditu akusazioak. Bere egoera salatzeko,hainbat ekintza egin dira: itxialdi bat Los Angeles elizan, giza-kateak, bertso-saioak,manifestazioak, besteak beste. Hainbat gizarte eragilek eta sektore desberdinetako ordezkarik bat egin dute gaztearekin. Artikulu honen egileok Kazetaritzako irakasleak gara EHUn. Hori dela eta, ondorengo gogoeta hauek egitera derrigortuta gaudela uste dugu, besteak beste, bere egoera bidegabea dela iruditzen zaigulako.

Etikaz kanpo

Kazetaritzako profesionalak bere iturriak egiaztatu behar ditu; beti. Urrezko araua da. Han eta hemen. Hainbat komunikabidek ez dute printzipio hori errespetatu. Ez kasu honetan bakarrik, beste hainbatetan ere ez. Frogatutzat eman dute egiaztatzeke zeuden akusazioak. Komunikabide askok, Ekaitz epaitu zuten epaileen aurrean agertu baino lehen.

Neurriz kanpo

Mendeku usaina sumatzen da kasu honetan. Samaniegori leporatzen zaizkion ustezko delituak, Gasteizen izan ordez, Sevillan, Toledon edo Caceresen gertatu izan balira ondorio penalakez ziratekeen horren gogorrak izango. Gehienez isun administratibo batekin kitatukoziren zorrak. Hemen ez; hemen zigor eredugarriak ezarri behar dira. Espainiako Justiziak salbuespen legedia ezarri du euskal auziarekin zerikusirik izan lezaketen ustezko delituak epaitzeko. Espainiako legedi antiterrorista Europako gogorrena da eta munduko gogorrenetakoa. Susmoetan oinarritzen da, edozein polizia-funtzionariori guztizko egiatasuna onartzen zaio, eta akusatua da bere errugabetasuna frogatu behar duena, eta ez alderantziz, zuzenbidezko estatu demokratikoetan gertatzen den bezala.

Denboraz kanpo

ETAk bere jarduera armatuaren amaiera aldarrikatu zuen joan den urriaren 20an. Egitate objektiboa da. Testuingurua aldatu egin da. Oso zorioneko albistea izan zen. Gatazka, ordea, ez da amaitu. Hainbat korapilo daude oraindik ere askatu gabe: alde guztietako biktimei zor zaien aitormena, adiskidantza, preso politikoen askapena, eskubide zibil eta politikoen onarpena, erabakitzeko eskubidea… Justiziak bere lana egin behar du, jakina. Justiziak ere gatazkaren konponbidean egin lezakeen lana oso garrantzitsua izan da toki guztietan. Ez gara ezer deskubritzen ari. Ekaitzi ezarri zaion zigorra beste garai batekoa da. Ez da oraingoa. Azken asteotan, mutil honen inguruan antolatu diren ekintzetan, harritu gaituzte protagonistak erakutsi duen patxadak eta naturaltasunak. Sufritu duela nabari zaio. Gaizki pasa duela ere bai. Baina lasai ikusten da. Urtea hastearekin batera gordeleku batean ezkutatzea erabaki du: «Gordelekura joan naiz nire egoera ikusgarriago egiteko». Gordeleku ikusgarria. Oximoron bitxia.

Behin Marcos azpi-komandanteari kazetari batek galdetu zion: zergatik erabiltzen dituzue mozorroak, zergatik ezkutatzen zarete? Berak honela erantzun zion: Aurpegia mozorrotu gabe generamanean inork ez zigun begiratzen. Orain jarri dira guri begira, aurpegia mozorrotu dugulako. Beraz, garbi dago: ikus gaitzazuen estali dugu aurpegia, ikus gaitzazuen.

Urtarrilaren 14an, Ekaitz Samaniego etxean izateko manifestaziorako deia eginda dago. Guk ere bat egiten dugu deialdi horrekin. Ekaitzekin egin den injustizia agerian uzteko. Ikus dezaten. Ikus gaitzazuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.