Xabier Makazaga.
Estatu terrorismoaren ikertzailea

Ikerketa kazetari gezurtiak

2024ko otsailaren 16a
05:00
Entzun

Mende erdia bete da ETAk Carrero Blanco presidentea hil zuela eta, orduan gertatuak zeharo itxuraldatuz, gezurrez jositako hamaika tontakeria azaldu dituzte komunikabideek: CIAren laguntza jaso zuela ETAk, espainiar Justizia eta Poliziak ezer gutxi egin zutela gertatua ikertzeko...

Matar al presidente dokumentala horren adibide ezin hobea da. Nahiz eta egileak ikerketa kazetariak izan, bertan kontatu dituztenak oso urrun daude ikerketa serio baten emaitzak izatetik. Eta egiatik are urrunago. Nabarmena baita inongo frogetan oinarritu gabeko fantasiei toki zabala eskaini dietela.

Adibidez, Iñaki Mujika Arregi Ezkerra-ri buruz esaten dituztenak gezur galantak dira. Izugarrizko gezurrak. ETAko buruzagia zen Eustakio Mendizabal Txikia saldu omen zuen, haren hilketak ETA kontrolpean izatea erraztuko ziolakoan. Baita zera ere!

Ezkerrak CIArekin harreman estua zuela ere esaten dute dokumentalean. Uste dut Ezkerrarekin batera Madrilen atxilotu zuten Juan Kruz Unzurrunzagak idatzitako Infiltración liburua oker irakurtzetik datorrela gezur hori. Izan ere, bertan baitio, 62 eta 63. orrialdeetan, Unzurrunzaga akusatu zutela behin CIArekin harremana izateaz, ez Ezkerra.

Gezur horrek ibilbide luzea egin du. Mikel Lejarza Otsoa-ri eskainitako hainbat lanetan horixe baitzioten egileek. Azkenik, hainbeste ikerketa kazetari bildu dituen berriki estreinaturiko dokumental horretan ere gezur berbera bota dute.

Duela 35 urte, Diario 16 egunkariak erreportaje luze bat argitaratu zuen. Bertan zioen ETAn egindako sator lan garrantzitsuagatik oso ezaguna egin zen Mikel Lejarza Otsoa-k jatorri mexikarreko espainiar herritar baten nortasun faltsua erabiltzen zuela, Miguel Ruiz Martinez, zeina 1984an Mamen Cepriá Gajaterekin ezkondu zen. Bikoteak bi seme-alaba zituen: Mikel, 1981ean jaioa, eta Jessica, 1986an.

Harrezkero, ikerketa kazetariek sinesgarritasun osoa eman diote pertsonaia horrek esan duen guztiari, nahiz eta erabili dituen gezur asko eta asko zeharo nabarmenak izan. Adibidez, dio 1947an jaio zela, baina erregistroan nahasi eta 1951n jaiotako gisa jarri zutela. Ondo omen zetorkion akats hori eta ez omen du inoiz aldatzerik eskatu.

Sinestezina iruditzen zait Otsoaren gaia jorratu duten ikerketa kazetari bakar batek ere ez jartzea zalantzan gezur hori. Lejarzaren biografiako hainbat datu zeharo kontrajarriak baitaude 1947an jaio izanarekin. Ez al dira konturatu, 1951n beharrean 1947an jaio izan balitz, eskolan lau urteko atzerapenarekin hasi beharko zukeela eta beti lau urte gazteagoak ziren haurrekin egon gela berean?

Beste gezur askorekin berdin gertatu da. Ikerketa kazetari guztiek diotenez, Lejarzak Madrilen izan zuen lehen hitzordura talde berezietako burua, Iñaki Perez Beotegi Wilson, joan zen eta hortik aurrera Poliziak kontrolpean izan zuen, Txikirekin batera Bartzelonan atxilotu arte. Gezur itzela.

Izan ere, Las fugas de Segovia liburuan, Anjel Amigo idazle eta zinemagileak argi utzia baitzuen Papi eta Txepe-rekin elkartu zela Lejarza lehen hitzordu hartan. Ez zen inoiz izan Wilsonekin, ez Madrilen, ez Bartzelonan. Hain zaila al zen ikerketa kazetarientzat hainbeste errepikatu duten gezur horretaz konturatzea?

Halaber, oso erraza zen ohartzea, hemerotekari esker, denek errepikatu duten beste gezur batez. Egun berean atxilotu baitzituzten, 1975eko uztailaren 30ean, batetik, Wilson eta Txiki Bartzelonan eta, bestetik, Papi eta Txepe Madrilen. Ez, ez zituzten bi egun ezberdinetan atxilotu ikerketa kazetari guztiek dioten bezala.

Hori bai, kazetari horietako batzuk manipulatuak izan dira. Bereziki, Fernando San Agustin izan da lan zikin horretaz arduratu dena. Diktadura garaian informazio zerbitzu sekretuan lanean hasitako San Agustin oso abila baita kazetariak manipulatzeko orduan. Hala ere, konbentzituta nago batzuek ederki asko jakin dutela Lejarza horrek kontatzen zituenak gezur galantak zirela. Eta, jakinaren gainean, gezur horiek zabaltzen lagundu dutela. Horregatik, manipulatuak beharrean manipulatzaileak izan dira.

Oraingoz, adibide bakar bat jarriko dut, Fernando Rueda zeinak argi esan zuen Mikel Lejarza dela dioen pertsonaia horrekin zein akordiotara heldu zen. Ez zituen batere ikertuko hark kontatzen zizkionak. Izugarrizko gezurrak zabaltzeko aitzakia ezin hobea.

Bitartean, Lejarza faltsuak urteak daramatza DNAren proba egitera ukatuz, horretarako aitzakia merke askoak jarriz eta esanez, ETA desagertu den honetan, bere bizia inoiz baino arrisku handiagoan dagoela. Inork sinetsi al dezake halakorik?

Egia esan, nahikoa litzateke beste proba erraz askoa egingo balu. Mikel Lejarzak A negatibo odola zuen. Harrituko nintzateke tipo horrek ere A negatibo izatea. Zer aitzakia jarriko du proba erraz horri ere uko egiteko?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.