Ikergazte, euskararen topaleku

2021eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Gasteizen egin berri da, pasa den astean, Ikergazteren laugarren kongresua. Bi urtetik behin egiten den ikertzaile gazteen kongresua da Ikergazte, non euskaraz egindako edozein gairi buruzko ikerketak eta ikertzaileak batzen diren.

Behin eta berriz entzun dut kongresu hau oso aberasgarria dela hainbat arrazoirengatik: multidiziplinarra da, eta gazteok, gainontzeko arloetan egiten diren ikerketak ezagutuz, gure artean harremanetan sartzeko aukera ematen digu; gazteoi guk egindako lana zabaltzea ahalbidetzen digu; ikerketa euskaraz egin dezagun bultzatzen gaitu; euskara esparru akademikoan gehiago sartzea ahalbidetzen du. Hori guztia diotenek arrazoi osoa dute, abantaila horiek Ikergazte definitzen dute, baina badago aipagarria den beste alderdi positiborik ere.

Hasteko, aipatu nahiko nuke gure gaietatik oso urrun dauden ezagutzak jaso ditugula Ikergazteri esker, ez bakarrik kongresuan bertan, baizik eta atsedenetan nahiz kongresutik kanpo hartutako kafe edo tragoetan. Hala, laranjak lizuntzerakoan zabaltzen diren onddoei buruz, landareen estresari buruz nahiz Errusiako pelikuletako «aita, gizona eta agintariei» buruz asko ikasi dugu hainbatek, esaterako, Nafarroako herri bateko euskararen bilakaerari buruzko ikerketatxo bat azaltzera joan arren. Eskerrik asko, beraz, zuen ezagutza nirekin partekatu duzuen lagun berrioi.

Bestalde, are aipagarriagoa den ezaugarri bat ekarri nahiko nuke hona: Ikergazte euskararen topagune dela esan daiteke, bertako gazteok euskaraz hitz egitea eragiten duelako, bai kongresuan bertan, baita kongresutik kanpo ere. Hain zuzen ere, kongresu osteko orduetan ere elkartu ginen ikergazteok, erraza baita elkar ezagutzea, asko eta asko Ikergazteko poltsarekin ibili garelako egunotan kalean. Hala, harreman sare berri horiek guztiak euskaraz garatu dira, nahiz eta horietako parte zen jende askok euskaraz euren egunerokoan gutxitan hitz egin. Bestela esanda, aste honetan zehar Gasteizen euskara oso presente egon da une oro, berrehun gazte inguru (euskaraz) bildu baikara, eta gainera, euren egunerokoan euskaraz hitz egiteko testuinguru oztopatzaileetan bizi direnei euskaraz harremantzeko aukera eta euskarazko harreman sareak eskaini dizkie Ikergaztek.

Aipatutako bi ezaugarri garrantzitsuez gain, gutako batzuei ikertzen jarraitzeko gogoa handitu digu. Nire kasuan, zehazki, duela bi urte ezagutu nuen kongresua, Baionan. Txundituta gelditu nintzen eta aurtengo data ordutik markatuta neukan. Aurtengoa ere pasa da eta bi urte barrukoa ere markatu dut jada. Beraz, esan daiteke niretzat —eta, ziurrenik, baita beste askorentzat ere— zita garrantzitsua bihurtu dela eta ikerketan jarraitzeko motibatzen nauela.

Hau oso esanguratsua da eta, aurtengoaren kasuan, baita zaila ere, bizi dugun egoerarekin, hots, koronabirusarekin, kongresuak funtzionatu duen bezain ongi funtzionatzea ez baita edonolako lana. Hala ere, antolatzaileek helburu hau primeran bete dute, beraz, pentsa genezake hurrengo edizioetan ere gazteongan ikertzen jarraitzeko motibazioa handitzen jarraituko duela, gure lanak zabaltzeko aukera eskaintzeaz gain.

Esan bezala, bi urtetik behin huts egin ezinezko zita bat bihurtu da eta gure bihotzetan tokitxo bat lortu du jadanik. Horretaz gain, ikerketari eta euskarari izugarrizko ekarpena egiten die, nolabait, kongresua euskararen topaleku bihurtzeraino. Proiektu honek, beraz, (euskarazko) ikerketa eta ikerlariak baloratzen ditu. Orain, gobernuek ikerlari hauengan gehiago inbertitzea eta lan baldintza duinak eskaintzea falta da, esaterako, tesiak garatzeko momentuan (askok lau urte inguruko lan hori debalde egin behar izaten baitute, eta beste askok 900 euro inguruko soldatarekin, nahiz eta lan ordu asko izan).

Hori lortu arte, behintzat, Ikergazteren ekarpenarekin gozatu eta ikasiko dugu, eta euskarak bi urtetik behin arnasgune berri bat izango du. Beraz, mikroaurkezpen onenaren saria jaso zuen Maialen Akizuren bertsoaren amaiera ekarriz: mila esker, Ikergazte!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.