Ikastolen ibilkera

2022ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Polisaren sorreratik, hausnarketa eta eztabaida publikoak, edozein estatuk erabaki kolektibo egokienak hartzeko baliatu izan dituen tresnak izan dira. Egun, aldiz, eztabaida publikoaren ezaugarririk deigarriena da ezertarako ez duela balio. Berrespen eragiketa onanista-masokista bilakatuta, inortxok ez du pentsaera birplanteatzeko lanik hartzen. Lubakiak, zulo ilun eta umelak diren arren, inorena ez den lurra baino samurragoak dira.

Azken asteotan, Hezkuntza Legearen harira, Ikastolen Elkartean batzen diren kooperatiben inguruan eztabaida berpiztu da. Espero zitekeen bezala, jabegoaren gaiak sekulako beroaldiak eragin ditu. Izan ere, jabegoak gizakion zikoizkeria eta kontraesanak azaleratu ditu betidanik. Eta jabetza beste inorena bada, zer esanik ez. Era berean, jabetzaren nozio eztabaidagarriak darabiltzagu, eta pribatua, publikoa, pribatiboa eta kolektiboa nahasteko joera daukagu. Gure etxean, adibidez, erdibana ordaintzen eta momentuz partekatzen dugun gelari, bikotekideak «nire gela» deitzen dio. Elkarbizitzaren gauzak. Berdinki, denona izan beharko zen administrazio publikoari Sabin Etxean «gure gela» ere esaten omen diote. Usadioak.

Ikastolen bekatu originala da: herri ekimenaren fruitu, jabego kolektibo pribatukoak dira. Bai jauna. Ez dira estatuaren jabegokoak. Baina, hezkuntza kooperatiba baten kasuan, propietatea publiko eta pribatuaren artean bereizteak ez du errealitatea bere osotasunean azaltzen. Ikastolak irabazi-asmorik gabeko erakundeak ere badira, onura publikoa aitortuta dutenak. Ez hori bakarrik, titulartasuna aldi baterakoa da: bazkideok jasotako ondasunak gozatu, mantendu eta hobetu ondoren, hurrengo belaunaldiari uzten dizkiogu. Ez gara inolaz ere interes pribatu edo pribatiboan jarduten, interes publikoan baizik. Ikastolak, legez bazkideonak badira ere, denon gelak direla sinetsita gaude bazkideok. Eta hori guztia tantarik edan gabe.

Baina bost axola. Itunpeko ikastetxeak zaku berean sartu dituzte ikastolen izaera errotik itxuragabetuz. Zikintzeko jentia, tintia baño, gezurre obia.

Ikastolen izaera argitzeko, mesfidatiek ahatearen proba egitea daukate. Horren arabera, hegazti batek ahate baten antza badu eta ahate baten antzera igeri, ibili eta kuak egiten badu, seguruenik ahatea izango da. Zoritxarrez, kaletarrok ahatea, txantxangorria eta eperra nahasten ditugunez, dena aldrebesteko kapaz gara.

Bestetik, ikastolen ekarpena euskara sustatzera mugatu nahi izan dute batzuek, eta, alor hori D ereduak betetzen omen duenez, ikastolen xedea agortutzat eman dute. Kooperatibismoa? Autogestioa? Konpromisoa? Materialgintza? EuskalHerri osora zabalduta egotea? Auzolana? Ezaxolakeriaz Chavezkada bota dute: Ikastolak? Desjabetu! Eta broma bat onartzen ez dakiena, doala herritik.

Jakina, ikastolen proiektuak hutsuneak ditu. Nabarmenena: finantzaketa publiko urria. Ez hori bakarrik, euskaraz hitz bat asmatu dugu finantziazio publiko eskasa izendatzeko: kuota. Kuotek segregazioaren argudioari atea zabaltzen diote nahitaez. Normala. Baina kuotak finantziazio publiko eskasaren ondorioz bazkideok adostera behartuta gauden ekarpenak dira. Gogo onez kenduko genituzke finantzaketaren hutsune hori estatuak estaliko balu.

Bada, ordea, kuotak funts publikoekin estaltzea sakrilegio moduan ikusten duenik. Nik behintzat, ez dut arazoa ikusten. Beste hamaika ekintza zein ondasun pribatu (eta erabilera pribatibokoak) diru laguntza eta zerga kenkarien bidez babesten diren bezala, ikastolan hezkuntza kuotak zergatik ez?

Ika-mika zinez aberasgarria izaten ari da. Bere unerik gorenean, influencerrak leuntasunekin hasi eta eliztarrak sailkatzen hasi dira. Dirudienez, ezkerreko aukera publikoaren aldekoa omen da. Baina, ulertu dudanez, benetan abertzaleena ikastolen aldekoa liteke. Edo alderantziz zen? Harrez geroztik, identitate ideologikoaren krisiak jota, loak hartu ezinik gaude eraginerrazok.

Pena bat. Gure muturraren aurrean debatea bahitu digute berriz ere. Eskola eta ikasleen premiak ahaztu eta eztabaida lubakietara eraman dute. Inoren lurrean gelditu dira ikasle, irakasle eta zuzendaritza taldeen beharrizanak; metodologien inguruko eztabaida, laguntza gelen baliabide falta zaurgarria...

Bizitza esfortzu antzuen segida eder bat baino ez da. Kuak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.