EHUko eta UEUko zenbait kidek iritzi artikulua idatzi zuten duela aste batzuk, Ikastolen ekarpena izenburupean. Idatzi horren edukiak ikastolen defentsa bilatzen zuen suposatutako argudioen bidez, baina argudioak baino gehiago falaziak dira, gehienbat, erabili zituztenak.
Hasteko, «publiko-pribatu» dikotomia «estatua-merkatua» dikotomiarekin parekatzen dute, jabetzarekin zer ikusirik daukana soziologia eta politikarekin lotuta dagoenarekin nahastuz. Geroago, «herrigintza» gehitzen diote aipatu dikotomiari, haiena ezberdina dela azpimarratzeko asmoz. Hala ere, herrigintzak publikoa edota pribatua behar du izan, halabeharrez, eta ez doakoen irlan dagoen ezer.
Publiko-pribatu dikotomia jabetzarekin lotuta dago, ez betetzen duen funtzioarekin. Hortaz, zerbitzu publiko bat jabetza pribatuarena izan daiteke, kooperatibekin eta akziodunen enpresekin gertatzen den bezala. Enpresa gehienek ere zerbitzu publikoa eskaintzen dute, eta horregatik ez dira publiko edota estatal bilakatzen. Horregatik, eta sinatzaileek uste dutenaren kontra, estatuak jabego publikoaren monopolioa badauka ere, ez da gauza bera gertatzen zerbitzu publikoekin, zeren eta haietariko asko esku pribatuetan baitaude.
Fernando Buesaren hitzak aipatzen dituzte («Hemendik aurrera ez dago ikastolarik, ikastetxe publiko eta pribatuak baizik») testuingururik gabe, eta bere benetako esanahia ahaztuz. Izan ere, berak ikastolen publikotasuna proposatu zuen ez ikastolak akabatzeko, ikastola pribatuak akabatzeko baizik. Horren harira, publikotasunaren kontra zegoen Ikastolen Konfederazioak honako lelo hau erabiltzen zuen bere komunikatuetan:«Denok pribatura» (El País, 1993ko maiatzaren 27a). Ez al da hau froga nahikoa ikastolak ere pribatuak direla garbi uzteko?
Sinatzaileek ikastolen publikotasuna defenditzen dute, baina soilik Euskal Herria independentea bada, ez lehenago. Ez diote, ordea, gauza bera eskatzen bere buruari, independente ez bagara ere estatuarentzat, hots, publikoarentzat lan egiten baitute. Horrela gertatzen dira halako kasu kuriosoak non gurasoek publikoan lan egiten duten eta soldata administrazio publikotik jasotzen duten, baina umeak ikastola pribatuetara eramaten dituzten.
Aurreko sasi argudioei beste ideia hau gehitzen diete, haien jarrera indartzeko asmoarekin: «Espainiako eta Frantziako hezkuntza sistemak zentralizatzaile eta homogeneizatzaileak» direla, eta hori gainditzeko-edo ikastolak sortu zirela. Bi argipen: ikastolak sortu ziren euskara salbatzeko, batez ere, nahiz eta egia den frankismoaren kontrako erresistentzia gune bilakatu zirela. Baina sorrera eta garapena ez dira berdinak eta, denboraren poderioz eta kasu askotan, ikastetxe publikoak gune hori bilakatu ziren (froga garbia, bestela, ikastetxe hauetan ikasleek zein irakasleek nola egin eta egiten dituzten mobilizazioak Euskal Herriaren eskubideen alde eta, berriz, nola mobilizaziorik ez dagoen ikastoletan). Ikastolak sortu zirenean ez zegoen arlo publikoan euskara ikasteko aukerarik, baina hori guztia aldatu zen bai Euskadin, bai eta Nafarroan ere, hezkuntza eskumena bere gain hartu zutenean.
Hurrengo sasi argudioa material didaktikoak dira, eta sinatzaileentzat ikastolena besteena baino hobea da. Ahazten dute, ordea:
—Material guztiek, baita ikastolenak ere, estatuen baimena izan behar dutela.
—Materialek ez dute kontzientzia sortzen halabeharrez, zeren eta, bestela, frankismoa bizi genuen guztiok frankistak izango ginateke, ikastolak sortu zirenak barne.
—Nafarroako material horietan Euskal Herriko mapa ez agertzeak ez du suposatzen horren ezagutza falta ikasleen aldetik, didaktikak testu liburuak eta mapak ez diren beste errekurtso asko baitu.
Eskola publikoak estatuarenak, administrazioarenak autonomismoarenak direla diote, eta arrazoi osoz, baina hori bera gertatzen da ikastolek jasotzen duten dirulaguntzarekin. Zer independentzia handiagorik legoke, estatuaren, administrazioaren, autonomien diru pean ez izatea baino? Ba, animo!
Bakoitzari berea: ikastolek paper ikaragarria bete zuten euskararen alde euskara hiltzear zegoen momentuan, baina momentu hori bukatu zen arlo publikoak eginkizuna bere gain hartu zuenean. Pribatuak izaten jarraitu nahi izateak segregazioarekin bat egitea suposatu zuen, datu guztiek frogatzen duten bezala. Eta, zoritxarrez, hau da eskola publikoekin diferentziarik inportanteena, ez herrigintza, ez kalitatea, ez material didaktikoak, ez beste ezer.
Ikastolen ekarpena?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu