Behin batean, duela urte asko jada, garai hartako irakaskuntzaren munduan predikamentu handia zuen gizon bati otu zitzaion ordura arteko eskola estatalari publiko deitzea. Harrezkero, «Eskola Publiko» deiturikoa ia axioma filosofiko-teologiko bihurtu zen, hots, ustez eskola publikoaren alde zeudenak itsu-itsuan aldarrikatzen, defendatzen eta goraipatzen hasi ziren axioma, eta horrela gaur arte.
Axiomek, direnak diren, badute ezaugarri komun bat: sinistu nahi badituzu, bale; eta sinistu nahi ez badituzu, kale. Baina ez saia axiomok aztertzen, eztabaidatzen edo errefusatzen, alferrik izango da eta. Hauxe da arrazoia, nire ustez, irakaskuntza publikoaren eta ez-publikoaren arteko eztabaida hamarkadetan luzatu bada ere, lehengo puntu berean egoteko.
Baina ez gaitezen engaina: eskuin espainolak, eta akaso ez berak soilik, irakaskuntza pribatua defendatuko du, besteak beste, irakaskuntza konfesionalari eusteko. Ezker espainola, bestalde, irakaskuntza publikoaren zale amorratua agertuko zaigu, zeren eta jakinik estatuari dagokiola soilik «eskola publiko» delakoaren titulartasunaren jabegoa, konforme daude zeharo esklusibotasun horrekin, estatuaren markoak, beste gabe, egokiro islatzen baitu naziotasunari buruzko euren ikuspegia.
Ez gaitezen engaina: Euskal Herrian, beste ezaugarri askoren artean, hiritarrok elkartzeko eta erakunde propioak osatzeko tradizioa izan dugu, eta baita ere geuk sorturiko erakundeetan konfiantza handia izateko joera. Ez soilik ekimen ugariko herria garelako: baita ere euskal biztanle askok, estatala eta ez-estatala dikotomiaren aurrean, pentsatzen dugulako estatuak, bai espainola, bai frantsesa, nekez kontsidera daitezkeela euskal gizarte osoaren ordezkari edota ongizate komunaren sustatzaile.
Ez gaitezen engaina: egia bada ere ikastolak egoera linguistiko gatazkatsu eta zapaltzaile bati aurre egiteko sortu zirela, gatazka hori bukatzetik urrun dago oraindik. Urrun dago Baskongadetako autonomia erkidegoan, eta are urrunago Nafarroan edo Iparraldean. Era batean zein bestean, geure ekimenak, geuk sorturiko orok, beharrezko izaten segitzen dute, halabeharrez.
Ez gaitezen engaina: euskal nazioaren ikuspegia dugunok ezin konforma gaitezke estatu-marko batean edo bestean —biak ala biak nahiko burokratikoak, bestalde— proposatzen edota inposatzen digutenarekin. Beste marko propio bat eraiki beharko dugu, gauza askotan seguru asko bi estatu horienak ez bezalakoa. Eta marko propioa eraikitzen gauza txikiekin hasten da maiz, esate baterako euskal nazio ikuspegia islatzen duten testuliburuekin eta material didaktikoarekin. Izan ere, ederki asko dakigu euskal nazioaren ikuspegia ez digutela musu truk oparituko estatu-marko bateko edo besteko defendatzaile sutsuek.
Ez gaitezen engaina: axioma filosofiko-teologiko oro nahasmendurako amuak baino ez dira izango, ez badira aldi berean kontuan hartzen gizartearen barruan gertatzen diren kontraesanak, interes kontrajarriak, ikuspegi desberdinak, gatazkak eta borrokak. Lehenengo eta behin, argi izan behar dugu zer garen, nondik gatozen, zer komeni zaigun eta nora abiatu nahi dugun. Eta gero gerokoak.
Bi filosofok idatzi dute azkenaldi honetan gai honi buruz. Sentitzen dut esatea ez dudala asmorik bataren zein bestearen argudioetan sartzeko, besteak beste, bat baino gehiago gustu ez onekoa iruditu zaidalako. Esate baterako ez-estatala, pribatu eta diskriminatzailea parekatzea, edo berdin guraso eta seme-alaben arteko adibide hipotetikoak jartzea. Nolanahi ere, aholkutxo bat emango diot azken artikulugileari: Bilbotik Gasteizera abiatu behar izatekotan, ez erabili zure autoa, pribatua da eta. Ezta lineako autobusa ere, estatala ez denez hau ere pribatua baita. Joan zaitez oinez.
Ikastolen ekarpena: ez gaitezen engaina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu