Uda hasiera une aproposa da ikasturtean zehar soseguz ezin eztabaidatu hainbat gaitan sakontzeko. UEUko ikastaroek horretarako aukera ematen dute. Aurten irakaskuntzarekin lotutako gai interesgarriak jorratu dira: Eskola kontseiluak eta parte hartzea, ikastetxe publikoetako lidergoa, publikotasun eredu berriak bilatzeko premia... Azken gai honek, hain zuzen, Ikastola eta kooperatibismoa: publikotasun baten bila izenburupean oihartzun mediatikoa lortu du. Honen harira, hurrengo lerroak.
Sintesia egiten dugunean, sinplekerietan erortzeko arriskua beti dago. Hala eta guztiz, aipatutako ikastaroan jorratu diren ideiak (komunikabideetan zehar heldu zaizkigunak, behintzat) saiatuko naiz laburbiltzen. Hezkuntza preso dago publikoaren eta pribatuaren bitasunean, irabazi gabeko giza ekimenak alboratuz. Gure artean ekimen horiek kooperatibismoaren itxura hartu dute, gure tradizioaren auzolanarekin lotura handia dutelarik. Orduan, hirugarren bidea proposatzen da esandako binarismotik ateratzeko, publikoa, Estatuarekin identifikatuta, eta pribatua, gainerako guztia, alegia. Beraz, badaude publikoaren izaera adierazteko beste modu batzuk eta, irakaskuntzan, ikastolak dira hirugarren bide horren paradigma.
Nola berreskuratu proposatukoaren artean hainbat ideia interesgarri, aldi berean tesi nagusia ukatuz? Ahaleginduko naiz.
Nire iritziz, hirugarren bideaz hitz egitea ez da egokia, sisteman ikastolen posizio hobea bilatzea bada asmoa, eta ez horrenbeste sistema osoa eraldatzea. Hirugarren bideaz hitz egitea hirugarren sarera bueltatzea litzateke, azken finean, berriz proposatzea hiru sare: bi publiko (estatala eta benetan komunitarioa dena) eta pribatua, itunduta ala ez (eta, orduan, beste bikoizketa bat sortuz). Ezin gara ibili norabide horretan, baizik eta guztiok geure buruari planteatu behar diogu zer egin dezakegun eskola eredu publiko komunitario bakar batean bateratzeko.
Bestalde, ahalik eta azkarren desegin behar dugu gaizki ulertze bat, kooperatibismo eta ondasun komuna identifikatzetik datorrena. Kooperatibismoa komunitarioa eta solidarioa izan daiteke (beti ez), baina derrigor ez da ondasun komuna, nahiz eta irabazi gabeko asmoa eduki. Kooperatiba batek, gauza bera fundazio batez hitz egiten badugu, helburu partekatua eta demokratikoki kudeatua izan dezake, baina aldi berean dituen helburuak partikularrak izan ahal dira. Pentsa dezagun kooperatiba bat, Waldorf edo Montesori hezkuntza eredua edo ingelesaren irakaskuntza edo konstituzionalismoa edo balio kristauak bultzatu nahi duena. Esan genezake ekimen soziala zilegia dela, baina ez hiritar guztiontzat. Izaera publikoa, orduan, kaltetuta geratuko litzateke.
Argitu beharreko beste identifikazioa da kooperatibismoaren eta proiektu politiko abertzalearen artean, alderdi zehatz batekoa ez bada ere. Txalogarria da kooperatibismoa, auzolana eta komunitatearen parte hartzea bultzatzea hezkuntzan, baina sarritan herrigintza eta estatugintza (euskal estatu baten aldekoa) nahasten dira. Eta egia da eskutik joan daitezkeela, baina lotura hori ez da ezinbestekoa, nahi baldin badugu proposamen komunitarioa herritar guztiona izatea.
Ikastolek beraiek partaidetza ahulduz doala igarri arren, gure hezkuntzan ekarpen handiak egin ditzakete beraien antolakuntzaren eta funtzionamenduaren eskarmentutik abiatuta, hori guztia eskola publiko komunitarioaren norabidean eginez gero. Ulertu eta onartu ahal dut abagunea ez dagoela helduta ikastolak bigarren publifikazio olatuan sartzeko. Baina nire baitan ezin dut aldendu honako susmo hau: Ikastetxe publikoen benetako autonomiaren bidean bilakaera nabarmena egongo balitz ere, beste baldintza batzuk eskola publiko komunitarioaren bidean sortuko balira ere, ikastolak euren proiektua askatzeko unea ailegatuta —lekuan lekuko komunitateek kudeatu dezaten— amildegiratuko lirateke, ezetzari eutsiz. Are gehiago, ematen du ikastolen apustua dela beraiek eta beraien eredua hegemonikoak izatea euskal hezkuntzan.
Ikastolak eta hirugarren bidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu