Ikasitako babesgabetasuna

2014ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Duela gutxi ikusi ahal izan nuen nola irakasle batek ikasitako babesgabetasuna zer den irakasten zien bere ikasleei. Ariketa honako hau zen: ikasleei hiru hitzez osatutako txartelak banatzen zizkien, eta, hitz bakoitzaren hizkien ordena aldatuta, hitz berri bat osatu behar zuten (adibidez, aulkilauki bihurtu). Lehen hitzarekin hasi eta erantzuna aurkitu bezain laster, besoa altxatu behar zuten ikasleek. Denbora aurrera joan ahala, erdiek eskua altxatu zuten, baina beste erdiek oraindik ez zuten erantzunik. Bigarren eta hirugarren hitzekin emaitza bera izan zen. Ariketa amaitu ostean azaleratu zen lehen bi hitzak ezberdinak zirela; txartel batzuetan posiblea zen erantzuna aurkitzea, baina beste txartela zutenek ezinezkoa zuten asmatzea. Azken hitza, baina, berbera zen txartel guztietan, eta, hala ere, lehen bi hitzak ebazterik izan ez zutenak ez ziren gai izan erantzuna asmatzeko. Hirugarren hizkira heltzen zirenerako, sentitzen zuten frustrazio eta konfiantza faltaren ondorioz blokeatu egiten ziren, emaitza asmatu ezinik.

Baina zer da ikasitako babesgabetasuna? Hitz tekniko horren arabera, gizaki edo abere batek modu pasiboan jokatzera ikasten du, etsita dagoela, erantzuten ez duenak, nahiz eta egoera aldatzeko aukera izan.

Ikasitako babesgabetasunera bultzatu al gaituzte langileok? Duela hamarkada batzuk, sektore ezberdinetako langileriak bere eskubideak aldarrikatu, babestu eta horien aldeko borroka egiten zuen. Zergatik? Oinarrian, oso ondo ulertzen zutelako euren eskubideak zeintzuk ziren eta nola defendatu behar zituzten. Hainbesteraino izan da, non jurisdikzio sozialak bakarrik onartzen duen langileak euren kabuz aurkeztea edo beste edonor ordezkari izendatzea, abokatu, prokuradore edota graduatu sozialen bitartekaritzarik gabe. Urteak aurrera joan ahala, lanbide zuzenbidea konplikatu egin da, opaku bihurtu da, teknizismoz josi dute, hizkera elitistaz, eta, ondorioz, askok Langileen Estatutua irakurri eta ez dute deus ere ulertzen. Nola defendatuko dituzte orduan euren eskubideak? Langileria babesgabe utzi dute, eta egunero topatzen ditugun bidegabekerien aurrean ezer gutxi egin dezakegula uste dugu, gure eskubideak bete daitezela eskatzeko dauzkagun tresnak soilik horiek ulertzen dituztenen esku daudelako.

Ikasitako babesgabetasunera bultzatu al gaituzte emakumeok? Txikitatik eta gure bizitza osoan, sexu erasoen biktima potentzialak garela esan digute. Hainbat ikerketaren emaitzen arabera, emakumeok etengabe eta normal-normal erabiltzen ditugu aurrez pentsatutako beldur horri aurre egiteko tresnak. Hau da, onartu dugu bortxatuak izan gaitezkeela, baina ez digute irakasten sexu eraso baten aurrean erantzuten. Beldurra izan dezagun hezten gaituzte, paralizatuta gelditzeko, ezer ez egiteko, gauez kalean bakarrik ez ibiltzeko, ezezagun batekin topo eginez gero pareko espaloira aldatzeko...

Ikasitako babesgabetasunera bultzatu al gaituzte gizarte osoa, oro har? Egunero, zilegi ez diren arauak aplikatzen dizkigute, gehiengoak ulertu ezin duen hizkera batean aurkezten dizkigutela. Kalera protesta egitera irteten garenean, gure eskubideak aldarrikatzera goazenean, egurra ematen digute. Legeak diru jartzaile potentzialen nahiera aldatzen dituzte, eta guri, berriz, legea legea dela eta aldatzea ia ezinezkoa dela esaten digute. Adarra jotzen digute modu simulatu eta diferituan, osasun arloan, diru laguntzetan, hezkuntzan, langile eskubideetan eta abarretan murrizketak egiten dituztenean. Politika higuingarria dela esaten digute, lotsagarria, alde batera utzi beharreko zerbait dela, baztergarria; baina benetan kolokan jarri behar duguna buruzagien kasta da, eztabaida handiak irudikatu bai eta, aldiz, finantza botereak laguntzeko Konstituzioa ezkutuan aldatzen duten alderdiak, alegia.

Baliteke ikasitako babesgabetasun horretara bultzatu gaituzten langileriaren zati handiena, emakumeak, herritarrak oro har eta beste talde asko, goizero ohetik atsekabe altxatzea, babesgabetasun sentipenarekin, gure eskubideak aldarrikatzeko tresnak izango ez bagenitu bezala, gure egonezina plazaratu ezinikā€¦ Baina berri onekin nator: hori ez da egia; aldaketa eragiteko gaitasuna badugulako, gure esku baitago kontrola berreskuratzeko eta boterea hartzeko tresnak sortzea. Ikasitako babesgabetasuna ahantzi besterik ez dugu egin behar, guganako konfiantza, harrotasuna eta duintasuna berreskuratuz.

Egun ukatzen dizkiguten erabakitze esparruak berreskuratuz; borroka eta aldarrikapen sozialetan nahasiz; gure auzo eta hirietako mugimendu eta batzordeetan modu aktiboan parte hartuz; greba, kontzentrazio, martxa, manifestazio, kartelada eta ekintza zuzenetan geure burua martxan jarriz; sistema justuago bat asmatuz eta antolatuz, bereizmenik eta matxismorik gabekoa, bizitzea merezi duten bizitzetara zuzendua; parte hartzailea, jasangarria, ingurumena errespetatuko duena; gure eskubide indibidual eta kolektiboen defentsan ez etsiz, libreak, autogestionatuak eta antolatuak izateko bidea ematen diguten eskubide berriak aldarrikatuz. Azken batean, politika betidanik hala izan behar baina izan ez den modura aldarrikatu behar dugu: geurea. Hortik aurrera, aldaketa gure esku egongo da. Aktiba dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.