Igumenitsa: «Eta orduan zer egin zenuten?»

Patricia Amigot Leache eta beste
2016ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Zer egin zenuten orduan?». Hauxe da Alemanian nazismo garaian bizi ziren pertsonek behin baino gehiagotan entzun duten galdera, askotan beren iloben ahotan. Halako bidegabekeriaren aurrean, halako ankerkeriaren aurrean... Zer egin zenuten? Hauxe da urtez urtez, hamarkadaz hamarkada, pertsona bakoitzaren zirkunstantzia berezien gainetik, Alemania lotsarazten duen galdera.

Egoera desberdina dela jakinik, ziur aski hauxe izanen da, gaurko errealitate gordin eta horren ondorio krudelen aurrean, urte batzuk barru gazteek egingo diguten galdera: zer egin zenuten zuek, 2016an Mediterraneoa zeharkatu nahian 5.000 lagunek bizia galtzen zuten bitartean? Nolako harrera eskaintzen zenieten pobrezia, gerra eta bidegabekerietatik ihesean heltzen zirenei? Horiexek dira jadanik lotsarazten gaituzten galderak. Errealitatea latza da: nahiz eta Nafarroako jendarteak izutik ihesi datozen migratzaileek jasotzen duten tratu txarra gaitzetsi eta babesa emateko borondatea agertu; nahiz eta hainbat erakunde eta udaletxe errefuxiatuak jasotzeko prest agertu, Europa gotortu egin da. Infernutik ihesi, beste infernu bat topatzen dute babes bila abiatu zirenek: asilo eskatzaileek gero eta bide arriskutsuagoak hartzera behartuta ikusten dute beren burua. Askok bizia galtzen dute ahaleginean. Harresia gainditzen duten beste asko, berriz, giltzaperaturik daude. Espainiar estatuan, esate baterako, CIE deituriko zentroetan sartzen dituzte agiririk ez izateagatik. Beste milioi batzuk Europako atarian, Turkian edo Marokon, pilatuta gelditzen dira, herrialde horiek Europar Batasunarekin sinaturiko akordioen ondorioz.

Ulertzekoa da egoera horren aurrean euskal herritarren artean etsipena zabaldu izana. Europar Batasuneko agintariek ez dituzte oinarrizko giza eskubideak errespetatzen. Epelkeria eta utzikeria dira nagusi, eta azken urtean legeak gogortu dituzte babes eske datozenak umezurtz uzteraino. Herritarrok askotan entzuten dugu errealistak izan behar dugula, baina errealitatea hain etsigarria denean idealismora jo beharra dago, ezin besterik gabe onartu orainaren apologia. Errealitate gaindosi batez hil baino lehen, nahiago dugu egungo egoera aldatzeko urratsak egin. Ez gaitezen gal diskurtsoaren tranpetan, «helburuekin bat egiten dugu, baina betiere legediaren barruan» eta antzeko argudioetan. Gogoratu beharra dago Estatuak direla nazioarteko legedia eta itunak behin eta berriro urratzen dituztenak. Iruñea eta Nafarroa ditugu horren adibide garbia; bertako erakundeak errefuxiatu kopuru jakin bat jasotzeko prest agertu ziren, baina kopuru hori ez da inondik inora bete, Europako Estatuak bideak ixten ari direlako.

Gizartearen etsipena eta erakundeen itxurakeriaren aurrean, Begoña Huarte eta Mikel Zuloagaren ekintza desobedienteak aire freskoa dakar. Greziatik zortzi migratzaile ekartzen saiatu dira. Ezina ekinez egina: babes bila dabilenei zuzenean laguntzerik badagoela erakutsi digute. Hasieran bota dugun galderari erantzun diote. Desobedientzia zibilaren bide klasikoari jarraituz erantzun diote, gainera legeak modu ikusgarri eta ez bortitzean desobedituz, eta beren ekintzaren ondorioak modu publikoan onartuz, aldez aurretik grabaturik utzi zuten bideoan entzun ahal izan dugunez.

Horrela, Mediterraneoan gertatzen ari den milaka pertsonaren hilketa legalaren aurrean, gerra eta miseria zabaltzen duen europar kanpo politikaren aurrean, europar apartheid berri bat eraikitzen ari den migrazio legediaren aurrean, eta deus konpontzen ez duen eta etorkizunean lotsarako motiboa izanen den etsipenaren aurrean, desobedientzia beharrezko erantzuna dugu. Mila esker, Bego eta Mikel!

HAUEK ERE SINATU DUTE TESTUA: Maite Lopez Flamarique, Lander Aurrekoetxea Ezkurdia, Fernando Mendiola Gonzalo eta Ana Unanue Serrano.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.