Demagun ziklo politiko berri baten atarian gaudela, demagun kapitalismoaren azken krisiak haren kontraesanak garbiago erakusten lagunduko digula, demagun behingoz borroka bide guztiak osagarriak direla dioen teoria atzean utzi dela, demagun, azkenik, geure buruarengan nahikoa konfiantza badugula erresaka ideologiko guztietatik atera gaitezkeela pentsatzeko.
Horiek ez dira hipotesi ausartegiak azkenaldian ikusitakoa ikusita. Nork beretik zerbait jarri behar duelakoan, hona maila filosofikoan bota ahal diren amutxo batzuk.
Fukuyamak eta enparauek neoliberalismoaren betirako garaipena iragarri zuten sozialismo erreala erori zenean. Gertakariek arrazoia ematen dietela dirudien arren, historiak norabide jakina duela pentsatzen bada, beste hainbaten hanka-sartze bera egiteko arriskua dago. Historiaren akabera omen zetorren; agonia luzean, ordea, itxura batean. Oso fatalista izan behar da ongizate-estatua eraisten ari direneko honetatik ekonomia eredu neoliberal hutsak jarraituko duela pentsatzeko. Neoliberalismoa ez da eredu ekonomiko bakarra eta, gainera, oso gaizki ezkontzen da gizarte demokratikoekin. Jada inork ezin esango du, kolorerik atera gabe, kapitalismoan sistema politikoa sistema ekonomikotik independentea dela. Subiranotasunaren printzipioa hain geratu da higatua, ezen demokraziaren teoria goitik behera birformulatzeko tenorean baitago. Nork eta nola agindu behar du? galderari lehen demokrazia zuzena eta ordezkatzailearen arteko dilemaz erantzuten zitzaion modu inuzente batean, bakoitzaren alde onak eta txarrak neurtuz. Hemendik aurrera auzia demokrazia bai ala ez izango da, besterik gabe. Boteregune ez demokratikoei hesiak jarri beharko zaizkie despotismo berri honetatik jendearen borondatearen gainean eraikitako egituretara pasatzeko. Kapitalismo finantzarioak ez du maite norbanakoa, ezta antolaketa demokratikoa ere. Nola edo hala etekina lortzea da haren balore bakarra, askatasuna hitzetik hortzera darabilen arren.
Bestalde, geure artean arian-arian dabilen kosmopolitismoaren porrota iragarri behar da. Mundu mailako gobernu baten saiakera gisa NBE indargearen ondoren, Europa politiko bateratuaren urtzea ikusten ari gara geure begien aurrean. Hauek biak izan dira haren egundainoko harribitxiak.
Askotan kosmopolitismoaren antonimotzat jo izan da nazionalismoa, baina hori ez dago batere garbi. Alde batetik, nazionalismoa ñabarra delako. Nazionalismoak kontaera ugari eta kontraesankorrak izan ditu. Batzuek modernitatearekin lotzen dute (Gellner, Hobsbawn), beste batzuek jarrera arkaikoa eta antimodernoa islatzen duela aurpegiratzen diote (gure arteko ilustratuak). Batzuek nazioari jarrera esentzialista ezartzen dioten bitartean (Herder eta erromantizismoa, oro har), beste batzuek sentimenduetan eta borondatean oinarritzen dute (Renan eta nazionalismo liberala). Batzuetan estatua gogortzeko erabili izan da, beste batzuetan haietako batzuetatik askatzeko. Ikuspegi anitz horretaz gainera, kosmopolitismoak beretzat soilik dituen baloreak beste nonbait eskura litezkeela agerikoa da. Elkartasuna eta antzerako enpatiazko kohesionatzaileak berdin edo hobeto sortzen dira kidetasun estuagoetan, eta mundu mailako justizia aferek askotan taldearekin askatasun inbibidualekin baino zerikusi gehiago dutenez, hurbilago senti litezke hango bidegabekeriak.
Kosmopolitismoaren kontraesan praktikoak ere ez dira txikiak. Herriak asmatutako izateak direla diotenek ezin dute ezkutatu gizateriaren kontzeptua herriarena eraikitzeko erabiltzen diren elementu abstrakziogile berberak edo handiagoak direla beharrezko. Areago, kosmopolitismoaren jarduera edozein pentsamolde bezain alderraia izan da. Gogoratu besterik ez dago Marko Aurelio filosofo estoiko kosmopolitak kristautasuna mespretxatu eta gogorki jazarri zuela, eta beronek, kristautasunak (kosmopolita hau bera ere), interes partikularren aurrean oso erraz amore eman duela, gizateria osoa erreferentzia gisa hartzeari muzin eginez.
J. Sarasuak berriki (BERRIA, 2012-08-07) zioen askatasuna eta berdintasuna izan direla orain arteko ideia politiko nagusiak, baina beste baten beharra aldarrikatzen zuen, identitatearen ideiaren beharra, hain zuzen ere. Hemen legoke etorkizuneko gai askoren gakoa. Orain artean joera sexual, genero eta gutxiengo etnikoak bezalako auzietan besterik ez da erabili oinarri psikologikoa ematen digun eta identitatea deitzen den egitura konplexu hau. Nork bere burua ezaugarri esanguratsu anitzetan ikusten du, eta horietako batzuk moraltasunaz blaituta daude, beste batzuk neutroak diren bezala. Gizakiaren ezaugarririk ardatzekoena autokontzientzia bada, identitatea munduan egoteko lehen jarreretako bat da, autoestimuarekin gogorki lotua dagoena.
Halako batean identitateak eremu politikoan eskakizunak eragiten ditu. Eta honela sortu izan dira egoera historiko zenbaitetan borroka-molde berriak, hala nola, esklabotzaren aurkakoa edo emakumearen berdintasunaren aldekoa. Mendeetan inor gutxik erreparatu zion talde horien egoerari. Autokontzientzia eta justiziaren gutxieneko irizpideak nahastu zirenean soilik sortu ziren aldarrikapenak, ez arrazonamendu moral deduktibo baten ondorioz. Honelako zerbait, eta ez beste ezer, da abertzaletasuna: gutxiespen batetik abiatutako berdintasun-eskakizun multzoa. Irakurketa politiko, historiko, ekonomikoak eta abarrak onartuko ditu fenomeno horrek, alegia, nazioa babestu beharreko eremua dela dioen fenomenoak; baina oinarrian munduarekin harremanak izateko modu batez ari gara. Nork bere burua norbanako gisa ez ezik, taldekide gisa ikustea ez da kontraesankorra, osagarria baizik. Ez da itzuri behar, hala ere, identitate trinkoegiak gainontzekoekiko bateraezin bihurtzen direla, eta horrek gatazka eta indarkeriara bultza lezakeela. Alabaina, ez da ahaztu behar pentsamolde guzti-guztiek garatu dutela beren bertsio biolentoa. Hortaz, ad Hitlerum falazia da abertzaletasuna ezinbestean indarkeriarekin lotua dagoela esatea, maizegi egin den bezala.
Ideologia batzuen porrota
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu