Identitate politikak

2018ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Luze gabe jo beharreko erronkarik bada, identitatearen kudeaketa da hori. Batez ere, kidetasun zentzu partekatua eta mendeko sektoreetara hedatua eratzeko erronka. Identitate apustu berria bezain irekia, irekitze estrategietan oinarritua logika erreaktiboetan bainoago, halakoek eskubideak mugatu nahi izaten baitituzte besteen kontrako mugak eratuz, ahulenen kontrakoak betiere. Kidetasun zentzua hedatze horrek berekin dakar, ezinbestean, herritarren sareak antolatzea, bat etorraraztea jokaleku politikoan gertatzen dena eta gizarteak galdegiten duena, eta sortzea ekintzara bideraturiko logika enpatikoak. Hori, hain zuzen, oraintxe has liteke abiarazten gure herrian bat etortze politikoari eta genero berdintasunari dagokienez.

Ezarri ahal izateak parte-hartze mekanismo batzuk, herritarrak beren etorkizuneko protagonista sentiaraziko dituena, horrek komunitatea sortzen du —eskubideen irekitze eta hedatze zentzuan—. Orain, EAEko Estatutuaren erreformak aditu gutxi batzuen taldera aldatu berri duenez alderdien eztabaidagunea eta erabakitze ardatza, abagune egokia litzateke logika elitista hori berriro bideratzeko, eta, hala, tokian-tokian herritarren parte-hartze estrategia goranahi bat sortzeko, herritarrek auzokoekin eztabaida dezaten zer mugatan zedarritu nahi duten elkarbizitzarako esparrua etorkizunean. Seguru asko, herritarren foro horiek ez dira gai izango hainbat eztabaida argitzeko, hala nola nazio kontzeptuarekin, estatuarekiko bat etortzearekin eta erabakitzeko eskubidearekin zerikusia dutenak. Baina, seguru izan, tokian-tokian patxadaz eztabaidatu ahal izateak eguneroko buruhausteen inguruan berekin ekarriko du alde batera uztea «eta nirea, zer?» logika, eta baliatzea bestelako ikuspegi bat, «eta gurea, zer?» oinarritzat harturik. Tokian-tokian konfiantzazko sareak antolatuz bakarrik berma daiteke kidetasun zentzu bat gai izango dena onartzeko, bere ondorio guztiekin, erabakitze eskubidearen printzipio demokratikoa.

«Gu» hori —kasu honetan, «gu, emakumeok»— modu inklusiboan eta eskubideen hedatzean oinarrituz definitzea da, hain zuzen, Euskadin mugimendu feministak izan berri duen arrakastaren giltzarrietako bat. Arrakasta horren oinarrian dago gizartean gero eta sektore gehiago izatea gai emakume guztiei (too) eragiten dien desberdintasun estruktural hori identifikatzeko, patriarkatuko (me) milaka aurpegi eta erasok eragindakotik hasita. Horrek azaltzen du, hain zuzen, diskurtso feminista iragan egin dela zirkulurik militanteenetatik gizarteko beste hainbat geruzatara, eta ikusgarri bihurtu duela desberdintasuna, genero ikuspegitik lehenbizi, eta horrek gero txorrota irekitzen duela hain ikusgarriak ez diren beste desberdintasun batzuk ere identifikatzeko: besteak beste, jatorria, mobilizatzeko gaitasuna eta baliabide ekonomikoak. Ikuspegi horretatik, feminismoaren indarrak aukera ematen du «Me too» horietako «too»-ak hedatzeko, gure gizarteko logika klasista, arrazista, aporofobiko eta heteropatriarkala (ere) auzitan jarriko duten beste «me» batzuen bidez. Ikuspegi horretatik, erakundeek utzi egin behar diote beste aldera begiratzeari, eta gizarteari dagokion mailan aritu behar dute, zeinak jada ez baitu onartzen berdintasunari buruzko diskurtso hutsalik, eta zeina izuikaratuta baitago ikusirik oraindik ere eraso egiten zaiela zenbait emakumeri, bai saldoan, bai plastiko beltzezko murruen bidez, nolabait ere espazio publikoaz gozatzeko eskubidea baliatze hutsagatik.

Erredakzioan itzulia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.