Identitate krisia

2015eko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Identitate nazionalari buruzko eztabaida proposatu zuen Nicolas Sarkozyren Gobernuak 2009an. Zer da frantsesa izatea? Asmo horrek kontrako erreakzio ugari sortu zuen, eta Gobernuak atzera egin behar izan zuen. Bi jarrera bateraezin ageri ziren aurrez aurre: Errepublikaren betiko balioak goresten zituztenak mutur batean, eta menderatutako identitateen aldekoak beste muturrean. Zatiketa handiegia.

Identitateari buruzko galdera ez da apeta kontua. Filosofia betidanik arduratu da norbere izaeraren auziaz. Gizaseme edo emakume, homosexual edo heterosexual, europar edo afrikar, zuri edo beltzaran, kristau edo musulman jaio gaitezke. Ezaugarri horiek guztiak gure nahimenetik kanpo daude eta ezin ditugu alde batera utzi. Naturak, historiak, gizarteak eta inguruak markatzen gaituzte.

Aniztasunaren gaiak mesfidantza izugarria sortu izan du beti Frantzian. Frantses jakobinismoak arrisku hilgarritzat jo izan du multikulturalismoa (2004ko lege batek debekatu egin zuen fular islamikoaren erabilera eskolan). Diferentzia kulturalen defentsak arriskuan jartzen ote ditu, bada, printzipio errepublikanoak?

Identitateari buruzko kezkak, hortaz, oso bizirik jarraitzen du Frantzian. Horren erakusgarri da Alain Finkielkraut filosofoaren azken liburua. Zorigaiztoko identitatea-k arrakasta izugarria izan du. Egia esan, lehenago ere polemika bizia eragin izan dute haren liburuek. Pentsamenduaren porrota izenekoak, batez ere. Haren jarraipentzat har daiteke oraingo saiakera eztabaidagarri hau. Erlatibismo kulturala gaitzetsi zuen orduan, inmigrazioa madarikatu du oraingoan. Hori dela eta, «erreakzionario berritzat» jo dute askok.

Finkielkraut 68ko maiazkumea da, baina laster urrundu zen mugimendu haren pentsaeratik. Laizismoaren, hezkuntzaren, jendetasunaren eta, oro har, kultura frantsesaren gainbehera deitoratzen du. Frantses (eta europar) identitatea desegiten ari dela dio. Islamaren arriskuaz ohartarazi gaitu. Katastrofe baten aurrean omen gaude.

Finkielkraut ez da frantziar peto-petoa (français de souche), judu poloniarren semea baita. Hala ere, Europar Batasunaren kontra eta nazio identitate frantsesaren alde dago erabat. Nazio identitate bakarra goratzetik kultur diferentzien apologia egitera pasatu omen gara. Inmigrazioak frantses izaera arriskuan jarri duelakoan dago. Horrek esplikatuko luke Le Penen Fronte Nazionalaren gorakada.

Gaur egun, gero eta etnia zein kultura gehiago biltzen dituzte Estatuek. Giza talde ezberdinek kemenez babesten dituzte euren kultur identitate bereziak. Nola integratu hain hiritar askotarikoak herritartasun bakar batean? Habermas alemaniarra galderari erantzuten saiatu da: Konstituzioan oinarritzen den kultura politiko komuna da irtenbidea. Identitate diferentez zatitutako gizarteak berreraikitzeko bitarteko bat.

Posible al da identitate komun bat? Nazioz gaindiko kultura konstituzional europarra proposatzen du Habermasek. Ideia berri batean konkretatzen da hori: kultura politiko komuna da hiritarrak batzen dituena, eta «abertzaletasun konstituzionalean» islatzen da. Pentsalari alemaniarra identitate postradizionalaren alde ageri da argiro. Finkielkrautek, jakina, ez du hori sinesten.

Europa batua eraikitzeak ez du berezitasun nazionalak zapuztea esan nahi, europar eremu komunaren —ekonomiko nahiz kulturalaren— barruan nazioz gaineko sistema politiko bat ezartzea baizik. Europa nazioz gaindiko horrek ez lituzke egungo nazioak eta desberdintasun kulturalak suntsitu edo ezabatuko. Horregatik, «kosmopolitismo kulturaniztunaz» mintzo da Thomas McCarthy pentsalaria: kultura politiko bakarra, kultura nazional askotarikoak. Aurrerantzean baliteke aniztasuna izatea unibertsalismoaren itxura berria.

Kosmopolitismo «sustraitua» izango da Europaren identitate berria. Biharko Europak kultura «nazional» askotarikoak izango ditu, eta kultura «politiko» komun bat. Kultura politiko komunak, hortaz, ez du herri kultura partikularrak ezabatzea esan nahi. Berezitasunak aitortuaz batera, gizaki guztiak berdintzat hartzea esan nahi du. Nahiz eta kulturalki diferenteak izan, denok berdinak gara eskubideetan.

Gure identitatea anizkuna da. Ezaupide eta talde askotakoak gara aldi berean (gizaseme, euskaldun, irakasle, idazle, demokrata, feminista, etab.). Historia, hizkuntza eta kultura desberdinez eraturiko nortasuna da gurea. Horregatik, identitate bakarraren «ilusioa» kritikatzen du Amartya Senek. Ez dago identitate bakan, finko, bakartu eta behin betikorik. Ez gaitu ezaugarri bakarrak bereizten, filiazio askotan txertatuta baikaude.

 Herri edo nazio bateko kideak gara. Norbere komunitatearekiko maitasuna oso garrantzitsua da. Ez luke, berez, inolako gatazka edo borrokarik sortu behar. Baina, batzutan, zatiketa eta liskar iturri da. Norbere tadearekiko pertenentzia sentimendu bortitzak beste taldeekiko etsaigoa eragin dezake. Nazionalismo politiko zein kulturala bultza ditzake (mendebaldarren txaubinismoa, islamisten fundamentalismoa...). Identitateak, hitz batean, «hiltzaileak» izan daitezke (A. Maalouf).

Multikulturalismoaren auzia birpentsatu beharra dago. Unibertsalismoaren batasun abstraktuaren eta erromantizismoaren diferentzialismo erradikalaren artean, badago hirugarren bide bat: identitatearen paradigma kritikoa. Europaren ondareak, jakina, ez gaitu gainerakoak baino garaiago bihurtzen, baina atxikia eta zaindua izatea merezi du. Diferentziak zapaltzeko tentazio etnozentrikoari kontra egin behar diogu, baina geure buruari uko egin gabe. Finkielkraut, nik uste, bat dator horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.