Azaroaren 10ean egingo diren Espainiako Legebiltzarrerako hauteskundeek, nola edo hala, identitate auziak izango dituzte ardatz. Espainiako estatu-nazioaren azken bi mendeetako eraikuntza ezaugarritzen duten auzi giltzarriei dagozkie gainera. Batetik, Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako 2017ko urriaren 1eko autodeterminazio erreferendumari lotuta emandako epaiak eta buruzagi politikoei ezarritako kartzela zigor luzeek eragingo dute. Estatu-nazioaren ekimenaren eta estatuaren barruko beste nazioen aldarrien askatu gabeko ezbaia nabarmenki azaleratzen du gertaera horrek. Bigarrenik, Francisco Franco diktadorearen gorpuzkiak Erorien Haranetik deshobiratzeko auzitegi horrek berak emandako berrespenak Espainiar proiektuaren nazio narratibaren eta iruditeria sinbolikoaren gatazka dakar hauteskundeen agendara. Izan ere, Francoren heriotzetik 44 urte betetzear direnean, sakoneko eztabaida argitu gabea da hark historian utzitako zamaz. Franco Erorien Haranetik ateratzeko lau hamarkada eta bi belaunaldi pasa behar izateak lorratz garbia ematen du estatu eraikuntza bateratuaren erabateko gabeziaz.
Espainiar estatuak ihes egin nahi izan die barne zatiketa gardenki adierazten duten bi arazoei. Aitzitik, estatu mugen barneko auziak azken bi mendeetako estatu-nazio eraikuntzaren berezkoak direnez, hau da, hori erabat ezaugarritu dutenez, aldiro-aldiro lur azalera ezinbestean ateratzen dira. Nazio aniztunaren ardatza eta progresismo eta kontserbadurismoaren ikuspegi alderatuen luzaroko talka estatuaren DNAren bereizgarriak dira. Urriaren 12an, Espainiako nazio egunean, aberriagatik eroriak oroitarazi zituzten desfile militarrean. Espainiak honela nazio liturgian Europako estatuak parekatu nahi zituen. Izan ere, Erresuma Batuak eta Errusiak, adibidez, hein handian, Lehen eta Bigarren Mundu Gerrako aberriaren aldeko gerra eta hilak oroitarazten dituzte abertzaletasuna egunerokotasunean berrelikatzeko eta naturala bailitzan agertzeko. Era berean, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hiri eta herrixka denetan nabarmentzen da Frantziar aberriaren alde, kanpo etsaien aurka, hildakoen oroitarria. Gerrak euskal probintziak frantsestu zituela arrazoiz dio Eneko Bidegainek. Espainian ordea, hilak, eroriak, barne gatazka etengabekoen ondorio dira. Nazio batuaren narratibarik ez du Espainiak.
Gainera, David Theo Goldbergek dioenez, estatuaren eta nazioaren arteko parekotasuna aldarrikatzea eta homogeneotasun mitoa mantentzea ezinezkoa da XXI. mendeko aniztasunean. Alegia, XIX. mendeko nazionalismoaren guraria bete ezina da gaur egun. Hala ere, identitate bateratua zilegiztatzeko eginahaletan dihardu Espainiako estatu-nazioaren proiektuak. Estatu izaeraren komunikazio sistema osoa du eskura horretarako, kultur nazioa eraikitzeko, eta eguneroko gaien agenda ezartzeko ere bai. Kirol ekitaldietan egiten du ahalegin irmoa, gu eta haiek aurkaritza sinbolikoa haragituta, eta nazioaren heroiak goretsita. Hala ere, ez du lortu estatuaren berezkoa den, baina 1978ko indarreko Konstituzio sistemak aitortzen ez duen, nazio aniztasuna lurperatzerik. Dena den, gainontzeko nazio proiektuen eraikuntza ahularazi du orain arte, bere kultur iruditeria eta agenda ezarrita. Identitate aniztasunezko etengabeko gatazkan betikotutako eredua izan da orain arte Espainiakoa. Oreka desorekatuan nola edo hala eutsi dio bere izateari. Kataluniako nazio ekimen jendetsuak eta baketsuak ezbaian jarri du hori orain.
Hori horrela, ezin bestela nazio identitateari dagozkion erreferentziez betea izango da hastear den Espainiako Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina. Aitzitik, ez da aurreikusten auzi politikoei sakontasunez aurre egiteko gogoetarik. Azken kanpainek XX. mende amaieran AEBetan errotutako marketin politikoaren adurra dute oinarrian. Espektakularizazioa, emozio hunkipena sortzeko gaien muturreko erabilpena, eta hautesleriaren erraietara, ez arrazoibidera, zuzendutako estimuluak, Interneten eta digitalizazioaren berehalakotasunak inguratuta. Hortaz, identitate gai ardatzak eragin tresna sinbolikoak izango dira, hausnartutako proposamenetarako giltzarriak baino gehiago. Hauteslea, boto emaile hiritarra, limurtu behar den kontsumitzailea da. Zentzu horretan, Kataluniako auzia eta Francoren deshobiratzea erregai funtsezkoak dira.
Ikusteko dago azken urteetako hauteskunde segidak zer eragin izango duen. Arduradun politikoekiko gogaitzeak eta horien sinesgarritasun gabeziak abstentzioa bultzatu dezakete Espainiako lurralde askotan. Horren aurrean, litekeena da alderdiek gori-gorian diren identitate gaiak hauspotzea. Euskal Herriko lurraldeetan bestalde, bertako alderdiek bestelako izaera politikoa ikusarazi nahi izan dute, Madrilgo botere lehietatik kanpo, eta kultur politiko berezkoa nabarmenduta. Dena den, Espainiako estatuari dagozkion identitate dogmek eta kontraesanek harrapatuta daude euskal probintziak ere. Nazio batuaren narratibariks ez du Espainiak, baina estatu ahalbide zinez boteretsuekin beste nazioen eraikuntza sinbolikoa biziki mugatzen du.
Identitate gaiak hauteskundeetarako emozio tresnak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu