urtzirrutikoetxea

Idazle Espetxeratuaren Eguna

2013ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
PEN Internationalek32. aldiz antolatu du gaurko egunez Idazle Espetxeratuaren Nazioarteko Eguna. Salaketarekin batera, adierazpen askatasunaren alde borrokan ari diren lagun guztien ausardia ospatu gura dugun data azaroaren 15a. Tamalez, Euskal Herrian berriz ere eraso berri batekin datorkigu data. Auzitegi Nazionalak Ateak Ireki webgunearen itxiera agintzea onartezina den neurria da Estatu demokratiko batean. Ahots garrantzitsu bat isilarazi nahi dute. Askorentzat oso deserosoa den ahotsa, bai; horrexek berak ematen dio balioa bere lanari. Erakundeen aldeko gehiegikeria batean baino gehiagotan, Ateak Ireki izan da haren berri eman duen lehena. Gaur herritarrak babesgabeago gaude.

Nazioartera etorrita, bost kasutan jarri du arreta PEN Internationalek, urte osoan zehar gertatu diren urraketa guztien adierazle, eta gainontzeko idazle zein kazetari guztiak gogoan. 2013 urte berezia izan da, adierazpen askatasunaren aurkako errepresioak bide berria aurkitu baitu. Nolabait kontrol digital masiboen berri azaleratu den urtea izan da. Gure komunikazioak zelatatzea aspaldi susmatu eta bizi arren (Euskal Herrian bereziki), kontrol horren neurriaren berri ari gara izaten hilotan. PEN Internationalek Askatasun Digitalaren Kanpaina abiarazi du aurten. Gura duenak, bai PEN Internationalen orrialdean bai Euskal PENenean, irakurgai du Askatasun Digitalari buruzko manifestua. Honakoak dira aurten nabarmendutako lagunak:

1.- Liberiako Rodney Sieh FrontPage Africa Interneteko egunkariko zuzendaria da. Ministro bati buruzko erreportaje batengatik egon da preso. Osasunez gaixo, 30 egunez etxeratzeko aukera eman diote, baina baliteke berriz ere espetxeratzea.

2.- Tibeteko Kuchok Tsephel Gopey Tsang. Tibeterazko kultura eta literatura sustatzen dituen Chomei webguneko editorea da. 2009ko otsailetik preso, hamabost urteko espetxe zigorra dauka «estatuko sekretuak argitara emateagatik».

3.- Hondurasko Dina Meza.COFADEHn (Hondurasko atxilotu eta desagertuen senideen batzordea) egiten duen lanagatik, hainbat mehatxu jaso ditu telefonotik, bai ahotsez bai sms bidez.

4.- Turkiako Fazil Say. Idazle eta musikaria, 2013ko irailean hamar hileko espetxe zigorra hartu zuen «biztanleriaren zati baten balio erlijiosoei publikoki irain egiteagatik», Twitterreko txio eta bertxioengatik.

5.- Irango Zahra Rahnavard. Akademiko eta idazlea. 2011ko otsailetik senarrarekin batera (Mir Hossein Mousavi, 2009ko presidentetzarako hautagaia) dago etxeko espetxeratze ez-ofizialean, Egipto eta Tunisiako herritarren aldeko protestetara dei egin zuelako sare sozialetan.

Ezin ahaztu Euskal PENeko Ohorezko kide diren Adnan Hassanpur eta Hiwa Butimar Irango kazetari kurduak heriotzaren korridorean egon zirela luzaroan. Butimar libre gelditu da aurten, baina oraindik ere arriskuan dela jakinarazi digu. Nazioartean egin genuen kanpainak lortu zuen Hassanpurri ere heriotza-zigorra kentzea, baina preso dago oraindik.

Euskal kazetariak ere beste PEN zentro batzuen ohorezko kide izan dira, Euskaldunon Egunkaria-ren itxieran esaterako. Tamalez, beti ez dugu oihartzun bera lortu. Aurten Egin egunkariko kazetari eta langileen aurkako errepresioa salatu du berriz ere Islandian egindako kongresuan. Ebazpena ere onartu dugu aho batez. Baina sei urte betetzear dira espetxean Egin-eko lagunak. Badaukagu poza, Teresa Toda Egin-eko zuzendari ohia datozen egunetan libre geratuko da eta. Baina egoera guztiz bidegabe batean sei urtez preso egon ondoren, zer eta, kazetaritza egiteagatik. Eta are okerrago, Jabier Salutregi eta beste langileak giltzapean geldituko dira.

Euskal gatazkak adierazpen askatasunaren aurkako eraso larriak izan ditu hainbat hamarkadatan. Hildako kazetariak, atentatuak, hedabideen itxierak, boikotak, kazetarien aurkako jazarpenak... atzean utzi dugun orri beltza izatea nahiko genuke, adierazpen librea gailenduko den sasoi berri baten abiapuntu. Badakigu horretarako gizarte kritiko eta jantzia daukagula, hedabide independenteak bultzatzen dituena. Hitza askatasunez hartuko duena, esatekoa gustuko dugunean eta, batez ere, gustuko ez ditugunak ere entzuteko.

Idazle Espetxeratuaren Egunean nabarmentzen diren ia kasu guztiak Europaz kanpokoak dira. Horregatik, aski zaila izan ohi da Euskal PENen jarrera. Nahiko genuke elkartasuna ematen duen europar elkarte arrunta izan, etxeko kasuak fiskalizatzen baina adierazpen askatasuna bermatuta dagoen herrialde batean bizita. Urrian Londresen bildu ginen PEN Internationaleko arduradunekin gure lanaren berri emateko. Orain, tamalez, Euskal Herriak arreta behar du berriz ere, adierazpen askatasuna urratzeagatik.

Amaitzeko, agur berezia mundu osoan preso edo jazarriak diren idazle eta kazetariei, hitza erabiltzeagatik errepresioa jasaten duen orori. Beste horrenbeste, gure herrian alde bateko edo besteko jazarpena jasan dutenei, eta animoa, hitza ausart balia dezaten, deserosoa izanda ere. Azkenik, Egin-eko espetxeratuei gure agurra, eta berehala askatzeko galde irmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.