Icebergaren tontorra baino ez

Moralesen aldeko protestak, La Pazen, 2019ko azaroan. MARTIN ALIPAZ/EFE.
2021eko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Duela aste gutxi batzuk Boliviako Kanpo Harremanetako ministroak salatu zuen Argentinak armak bidali izana 2019ko azaroko estatu kolpeari laguntzeko. Batetik, orduko Indar Armatuen buruak Argentinako Enbaxadarat igorritako eskertze gutuna ezagutarazi zuen. Bertzetik, polizia boliviarraren biltegietan jatorri argentinarreko armak eta istiluen kontrako materiala atzeman zirela jakinarazi zen. Ikerketen arabera, badirudi Argentinak gomazko 70000 pilota eta bertzelako material militarra igorri zituela Boliviarat inolako erregistrorik gabe, La Pazeko Enbaxada babesterat bidalitako jendarme talde batekin batera. Une honetan, prozesu judiziala abian da bi herrialdeetan, Macri presidente-ohiaren gobernuari armen kontrabando larriagotua egotzita.

Ez da lehen aldia gobernu argentinarra armen trafiko ilegalean nahasten dela. Izan ere, 1990. hamarkadan Menem presidentearen gobernuak gerran ziren Ekuadorri, Kroaziari eta Bosnia-Herzegovinari ilegalki saldu zizkion, eta kontrabando hori isilean gordetzeko Rio Terceroko arma-lantegia leherrarazi zen, hainbat hildako eraginez. Alta, oraingo egoeraren testuinguruak bertzelako dimentsio politiko-estrategikoa ematen dio armen kontrabando honi. Hori ulertzeko, funtsezkoa da 2019ko hondarreko hilabeteetako kronologiari arretaz begiratzea. Oroit dezagun, beraz.

Urriaren 20an izan ziren presidentetzarako hauteskundeak Bolivian, eta Evo Morales atera zen irabazle. Aste bat berantago, urriaren 27an, Argentinan hauteskundeek Alberto Fernandezi eman zioten garaipena argiki. Ondorioz, abenduaren 10ean hark presidente kargua hartzearekin, Macri neoliberalaren agintaldia amaituko zen eta Hego Amerikako bigarren herrialde garrantzitsuena progresismoaren bideari helduko zion berriz. Azaroaren 4ean, Moralesek bidaiatzen zuen Indar Armatuen helikopteroak ezinbertzeko lurreratzea egin behar izan zuen akats tekniko bat zela kausaistripua ala hilketa saiakera?—. Azaroaren 8an, Brasilen askatasuna berreskuratu zuen Lulak, eta horrekin lawfare delakoaren ondorioz lehia politikotik at mantendu zuen karta-gaztelua arrailtzen hasi zen. Azaroaren 10ean, AEE Amerikako Estatuen Erakundearen Hauteskunde Behaketa Misioak Boliviako hauteskundeen emaitza zalantzan jarri zuen, iruzurrik egon zenik adierazi ez arren. Egun berean, Moralesek hauteskundeak errepikatzea proposatu zuen, baina ez zuen deustarako denborarik izan, Indar Armatuen komandanteburuak presidenteari karguari uko egitea «iradoki» baitzion, karriketako protestak hauspotzen. Polizia matxinaturik, Indar Armatuen babesik gabe eta gobernukideak eta jarraitzaileak jazarrita, Moralesek uko egin zion karguari. Boliviatik atera nahian, inguruko herrialdeek bere hegazkinari aireko setioa ezarri zioten. Tragedia hurbil egon zen, baina Mexikok asilo politikoa eskaini zion, eta oztopoak oztopo, hegazkin mexikarrak hartu eta erbesterat eramatea lortu zuen.

Kolpea buruturik, Boliviako presidentearen hegazkinak Brasilerat hegan egin zuen, eta informazio ofizialik eman gabe harat-honat ibili zen bi astez La Pazerat itzuli aitzin. Bitartean, Jeanine Añez Senatuaren bigarren presidenteordeak hartu zuen kargua azaroaren 12an. «Formalitate» demokratikoa mantendu bazen ere, sarri agerian geratu zen gobernu berriaren jitea. Añezek sinaturiko dekretu baten bidez Moralesen aldekoen protesten errepresioan parte hartzea ahalbidetu zien Indar Armatuei, eta, aldi berean, horretatik erator zitekeen edozein zigor arduratatik salbuetsi zituen. Azaroaren 13an iritsi ziren arma argentinarrak, eta 15ean eta 19an Sacaba eta Senkata herrietako sakailak jazo ziren. AEEren Giza Eskubideetako Batzorde Interamerikarrak sarraskitzat jo zituen. Jasotako arma horiek gertaera lazgarri horietan erabili ote ziren ikertzen ari da orain.

Sekuentzia kronologikoa azterturik, ikusten dugu neogolpismoaren ezaugarri berri guztiak atzematen ahal direla Boliviako gertakariotan, baita klasikoak diren batzuk ere. Argi dirudi tokiko oligarkiek eta haien betiko aliatu estatubatuarrek interes nabarmena zutela Moralesen aurkako estatu kolpeak sorturiko egoera egonkortzeko, are gehiago Argentinan gobernu aldaketa izanen zela ikusirik. Horretan lagunduko zuten oraino aldekoa zen Macriren gobernuak igorritako armek. Gainera, inguruko herrialdeen jokaerek aditzera ematen dute Moralesen aurkako estatu kolpea eta ondorengo errepresioa aurrez prestaturiko plan baten emaitza izan zirela, eta plan hori gauzatzeko balitekeela AEBek erregioko gobernu aliatuekiko triangulazioaz baliatu izana. Izan ere, gogoan izan behar da AEBek ez zutela enbaxadarik Bolivian Moralesek ordezkaritza diplomatikoa 2008an kanporatu zuenetik barne aferetan esku hartzeagatik, eta 2013tik USAIDek ere ezin zuela herrialdean jardun.

Argentinako gobernuak armak musu-truk eman izana Moralesen aurkako estatu kolpea sustatu zutenei nazioarteko zuzenbidearen urraketa argia bezain larria da, dudarik gabe. Baina atzemandako armen eta dokumentazioaren ebidentziak erakusten du hau icebergaren tontorra baino ez dela: tokian tokiko oligarkien eta Washingtonen arteko aliantza berrantolatzen ari da. Horregatik guztiarengatik aipatu izan da bigarren Kondor Plana egotea. Menturaz estatu kolpearen inguruko ikerketa judizialak argituko ditu hori burutzeko erabilitako mekanismo guztiak, haien protagonistak eta loturak, eta armen kontrabandoari buruzko auziek ere gertatutakoaren argazkia osatzen lagunduko dute. Bitartean, Boliviako kasuak dagoeneko ongi irudikatzen du azken urteotan erregioan dagoen eredu politiko-ekonomikoen arteko norgehiagoka.

Modu ezberdinetan gauzatzen ari bada ere, neoliberalismoa eta aurrerakoitasun subiranistaren arteko lehia bizia da Hegoamerikan. Baina honako hau jauzi kualitatiboa izan da. Izan ere, arras kezkagarria da poloetako baten saretzea eta koordinatzea, baita transnazionalki ere, ordenu demokratikoaren aurka eginez boterea lortzeko. Gaur-gaurkoz ez da erraza antolatze horren helmen osoa ezagutzen ahal izatea, baina egon, badago. Horregatik, aurrerantzean erregioko politika aztertzean gogoan atxiki behar izanen da agerian ez den icebergaren zatiak uste baino ondorio handiagoak izan ditzakeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.