Iberiar Hizkuntzaren eta Kulturaren VIII. Jardunaldiak

2022ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Iberierak misterio handia izaten jarraitzen du, baina gero eta gutxiago. Eremu oso zabalean erabili zen, ez soilik penintsulan, baizik eta Kanarietatik Italiaraino, Akitania osoa hartuta; hau da, Pirinioen bi alde zabaletan gutxienez.

Euskal Herrian, adibidez, baditugu, besteak beste, iberieraz idatzita testu oso bat (Mendigorriako Andion hiriko mosaikoan dagoena), testu gutxi batzuk (horien artean Erriberrin orain gutxi agertutakoa) eta gure hainbat txanpon (Barskunes, Arsao...).

Testu horien bidez euskal arbasoen zein iberiar herrien nortasuna, kultura eta hainbat kontu argitzen saiatzen ari gara, eta hor euskaldunek zeresan handia dugu. Zergatik? Bada, euskara Europako ama hizkuntza zaharra ondoen gorde omen duen hizkuntzetako bat dela dirudielako. Euskararen bidez, adibidez, Europa osoan dauden aran erroa duten toponimoak argitzen lagundu dezakegulako, Alemaniako Ar(a)ntal-etik penintsulako Aranjuez, Aranda eta antzekoetaraino. Euskararen bidez Europako ur eta iz erroak dituzten hidronimoak argitzen lagundu ahal dugulako...

Eta zergatik ez da inoiz iberieraren ikerketa gure herrian bultzatu? Zergatik begiratu izan da beste alde batera zer esanik edukiko ez bagenu bezala? Eta zergatik orain gutxi arte Valentzian, Katalunian eta hainbat herritan iberiera ikertzeko euskara ikasten eta lantzen duten ikertzaileei ez diegu lagundu nahi izan?

Iberieraz idatzitako 2.000 testu eta txanpon baino gehiago jaso dira orain arte Europako mendebaldeko zati handi bat hartzen duen eremu horretan. Eta orain arte egindako ikerketei esker gauza batzuk argitu dira, zenbatze sistema adibidez: 1: ban, 2: bin, 3: hirur, 4: laur, 5: borse, 6: sei, 7: sisbi, 8: sorze, 10: abar, 20: orkei, erdia: erder... Eta euskararen antz handia duela ikusi da.

Zenbakien sistema argitzen lan gehien egin dutenak bi katalan izan dira: Joan Ferrer eta Eduardo Orduña. Eta hemen unibertsitatetik hitz egin duen bakarra Joseba Lakarra izan da, iberiar eta euskal zenbakiek zerikusirik ez dutela esateko, bere «antzineuskeraren teoriarekin bat ez datorrelako». Hau da, kanpotarrek euskarari garrantzia eman iberiera argitzen lagundu duelako eta hemengoek horren kontra egin. Bitxia, ezta?

Baina, harrigarriena, euskal filologian eta arlo horretan dabiltzan hainbat eta hainbat Lakarraren astakeria horren aurrean isilik geratzea izan da. Baina, dagoeneko, ohituta gaude, Iruña-Veleia argitzeko grafitoak datatzeaz ere ez dutelako txintik esan. Eta errugabe bat epaitu eta zigortzearen aurrean isilik ere geratu direlako. Eta ETBren euskalduntze berantiarraren erasoaren aurka ere mutu daudelako.

Baina harira itzul gaitezen. Iberierazko zenbakiak argitzeaz gain, beste 200 bat hitzetan adostasun maila bat badago, baina gainerako testu gehienetan oraindik ez. Hau da, gehiena egiteke dago. Eta bide horretan, iberiera, euskara eta arlo horretan argitaratzen diren lanak ezagutzeko, urtero Salduie-Zaragozan jardunaldi batzuk egiten dira. Antolatzailea Iberiar Hizkuntzaren eta Kulturaren Elkartea da, eta horretan Euskararen Jatorriak ere laguntza ematen du.

Aurtengo iberierari buruzko jardunaldiak abuztuaren 26, 27 eta 28an egingo dira, eta gai horretan interesa dutenei irekita dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.