Antropologia Sozial eta Kulturalean lizentziaduna

Ia milioi bat independentista etxean

2024ko maiatzaren 15a
12:00
Entzun

Beste lagun asko bezala, azkeneko urteetan arreta handiz ari naiz jarraitzen Kataluniako gorabeherei. 2017ko erreferendumarekin aurrea hartu zigutenetik, han jazotakoak eragina du geurean. Hori dela eta, hauteskundeen emaitzak ezagutzeko ere irrikan izan naiz.

Aukera interesgarria eta berritzaileagoa delakoan, bereziki CUPen emaitzei erreparatzen diet. Izan ere, talde antikapitalista gehiengo independentistaren giltza izan da. Oraingoan, tamalez, ez da horrela izan eta gehiengoa galdu dute procés-a bultzatu zuten indarrek.

Erreferenduma izan zen Europan antolatu den desobedientzia ekintzarik handiena, eredugarria hainbat eta hainbat arlotan. Besteak beste, haustura demokratiko baterako ibilbide-orri baten eredua izan zelako, gatazka modu baketsuan bideratzeko eta herritarrak protagonista izateko metodo bat. Egun hartan 2.285.000 herritarrek parte hartu zuten, eta Kataluniako Errepublikaren aldeko bozkak 2.020.144 izan ziren.

Atzoko hauteskundeetan, berriz, CUPek, ERCk eta Juntsek 1.229.785 besterik ez. Alianza Catalana talde ultraeskuindar bezain arbuiagarriaren botoak zehazki non koka daitezkeen kontuan hartuta, ia milioi bat independentista geratu dira bozkatu gabe. Ezbairik gabe, astindu handiena ERCk jaso du, gobernuan baitzegoen. Modu berean, ez da batere makala izan CUPeko lagunen beherakada.

2017an 2,2 milioi katalanek hautu ausarta egin zuten, alde bozkatu zuten %90ek eta besteek. Herriari emandako hitza jandakoan, politikari profesionalek prozesuaren ardura hartu zuten: lehia kaletik atera eta ohiko hauteskunde-norgehiagokara eraman zuten.

Estatu espainiarrak gogor jo zuen hasiera batean: atxiloketak, mehatxuak, 155. artikulua... Herria ez zen kikildu, alderdietako zuzendaritzetakoak, ordea... Rajoy traketsaren gobernua bukatutakoan, 78ko erregimenaren oinarriak zaintzen trebeagoa den PSOE iritsi zen Moncloara. Alderdi horrek Kataluniako alderdi independentistetan pitzadura bat aurkitu zuen: ERC. Alderdi errepublikazale historikoa tentatu, eta Ferrazkoek lortu zuten Junquerasen taldekoek 78ko erregimenaren birmoldaketa lanetan ardura hartzea. Eremu independentistan hegemonia eskuratzea lehenetsi zuten ERCkoek, PSOErekin balizko akordio bat posible izango zela sinetsi nahian.

Erreferendumean erroldaren %43k parte hartu zuen, gabeziak bazituen. Nazioarteko legealdiak betearazten dituen zenbait osagarri ez zituen betetzen, baina erabat demokratikoa izan zen 2017ko urrian emandako jauzi subiranista. Politikari profesionalek ez zuten kudeatu herriaren nahia, eta, haustura prozesuari eutsi beharrean, ohiko bide zaharretara itzuli ziren.

Nire ustez, ERCk jasotako zigorra merezitako zigorra da, jakina baitzen PSOEk ez zuela inolako prozesu autodeterminatzailerik bideratuko. Hauteskunde ondorengo artikuluetan El País-ek argi azaldu du: «Salvador Illak procesa lurperatu du»; argi du ere sozialdemokrata espainiarren egunkariak gehiengoaz aritzea, Comuns Fronte Espainolistan kokatu baitu bere grafiko guztietan. Gogora dezagun zein erabakigarria izan zen politika aldatzera zetorren En Comu-Podem taldeak hartu zuen hautua independentziaren aurka eta Estatu espainiarraren alde, neutraltasunez mozorrotuta.

Euskal Herriko Ezker Independentistak ere ikusi beharko du ea zenbateko ardura izan duen gertaera hauetan aliatuak aukeratzeko garaian, nori lagundu dion eta nori egin dion izkin.

Ia milioi bat independentista geratu ziren etxean. Ez dakit noizbait ilusioa eta konpromisoa berreskuratzeko gai izango ote diren, ez dakit galdutako aukera hori azkenekoa izango ote den, eta, bide batez, agian gure azkena ere bai, PSOE —78ko erregimenaren gurasoetako bat— agendaren jabea baita...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.