Stop AHT Zundaketak plataforma

Ia bi urte AHTaren zundaketen aurka borrokan

Patxi Zubiria Aldaz eta Enea Andueza Otsoa
2025eko martxoaren 5a
05:00
Entzun

Datorren udaberrian, Stop AHT Zundaketak ekimenak bi urte beteko ditu. 2023ko maiatzean, Adifek Itza, Sakana eta Goierriko udalei jakinarazi zien zundaketa geoteknikoak eta beste jarduketa batzuk egingo zituela AHTaren Nafarroako korridorea Euskal Y-arekin lotzeko alternatibak aztertzeko, eta lan horiek urte horretako maiatza eta iraila bitartean egingo zirela. Alarma berehala zabaldu zen. AHTaren trazadura berrien aurka dauden Nafarroa, Gipuzkoa eta Arabako hainbat kolektibok bat egin zuten mehatxu horren aurka; izan ere, zundaketak AHTaren obren inposizioaren hasiera baino ez dira, herri eta haranen borondatearen gainetik. Gauzak horrela, 2023ko ekainean Stop AHT Zundaketak ekimena eratu zen, sei kolektiboren parte-hartzearekin eta helburu argi batekin: zundaketen hasiera geldiarazten saiatzea. Lehenengo jarduera-puntu gisa, protokolo bat ezarri zen zundaketak detektatuz gero oposizioa ahalik eta azkarren aktibatzeko.

Ordutik gaur arte, ekimenak informazio-kanpainak, elkarretaratzeak, mendi-martxak eta bizikleta-martxa bat egin ditu mehatxaturiko haranetan barrena, Adifek zundaketak egin nahi dituen tokiak ezagutarazteko eta larrialdietan jarduteko protokoloa jendarteratzeko. Aldi berean, azpimarratu behar da kalteturiko eremuetako udal gehienek paper oso garrantzitsua izan dutela, eskuan zituzten legezko tresnekin dagozkien baimenak ematearen aurka agertu baitira.

Botere zentralak jokatzen duen despotismoaren eta prepotentziaren erakusgarri, salatu egin behar dira inolako udal-baimenik gabe Ataunen (2023), Otxobin (2024) eta Izurdiagan (2025) eginiko hiru zundaketa-saiakerak, kalteturiko udalek zein biztanleen eta jarduera-protokoloa aktibatu zuen ekimenaren esku-hartze azkarraren ondorioz geldiarazi zirenak.

Beraz, orain arte oso balorazio positiboa egin behar da: tokiko erakundeen eta Stop AHT Zundaketak ekimenaren oposizioaren bidez, 2023ko irailean amaituta egon behar zuten zundaketak gaurko egunez oraindik hasi gabe egotea lortu da.

Hala ere, hau ez da hemen amaitzen, ezta gutxiagorik ere. Duela hilabete eskas Izurdiagan egindako zundaketa saiakeran, kontrataturiko enpresak adierazi zuen baimen guztiak behar bezala zituztenean itzuliko zirela. Horrek berresten digu agertoki-aldaketa betean gaudela: hemendik aurrera kontrataturiko enpresak aldez aurretiko legezkotasunarekin etorriko direla, hau da, aldi baterako okupazioen salbuespeneko legediarekin, Francoren garaietatik datorren figura juridikoa, eta udalek beren lurraldearen gainean dituzten eskumenak gainditzen dituena. Hori bai, ustezko legezkotasun hori indarrez ezarriko dute, Jose Antonio Santano Garraioetako Estatu idazkariak duela gutxi ohartarazi zuen bezala, lur jabeek eta udalek aurkezturiko zailtasunengatik kexu zenean.

Stop AHT Zundaketak ekimenarentzat, zundaketak legezkoak izateak ez du esan nahi zilegiak direnik, kontuan hartuta kalteturiko herritar gehienak aurka daudela eta AHT indarrez inposaturiko azpiegitura dela, biztanleriari kontsultatu gabekoa. Botere zentrala, eskuina eta gezurrak zabaltzen dituzten hedabideak agertokia prestatzen ari dira, nahasmen mediatiko eta intoxikazio kanpaina baten bidez. Kanpaina horren helburua herritarren aurkakotasuna eta oposizioko udalak kriminalizatzea da.

Eszenatoki berrira egokitzeko eta zundaketak eragozteko indarrak batzeko garaia da, ez dezagun ahaztu AHTaren obren hasiera direla. Bailaraka eta herri gisa erantzuteko garaia da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.