Hurrengo erronka: babes-sareak

Oihan Unai Ataun, Zigor Olabarria eta Miren Larrañaga
2013ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Ekaitz Samaniego eta beste guztiak babesteko, matrioska ehundu genuen, Gasteizen, 2011ko abenduan; 2012ko ekainean, Bilboko San Inazion, alarma gorria piztu genuen Gaizka Astorkiza eta beste guztien egoera larriaz ohartarazteko; 2013ko urtarrilean, Oreretan, gure etxeko ateak zabaldu genizkien Arkaitz, Maitane, Xabier, Aitor eta beste guztiei, bidegabekeriaren aurka ezkutaleku bat emateko prest; 2013ko apirilean, Donostian, herri harresia eraiki genuen Ekaitz, Nahikari, Imanol, Zola, Lorente, Arretxe, Ezkerra, Adur, Egoi eta beste guztien defentsan, eta kostako zaie! leloa egia temati bilakatu genuen ehunka polizia armatu eta milaka kolperen aurrean. Bada adibide gehiagorik ere.

Eta hurrengo batean, 3 ez, 24 ordu behar badituzte? Eta hurrengoaren hurrengoan, babesaren zabalak eta determinazioak ez badie uzten inor eramaten? Eta ez badituzte aurkitzen? Eta azkenerako, inor babestu beharrik ez dugun eguna irabazten badugu, ez dagoelako gure eskubide zibil eta politikoen eta horiek praktikatzen ditugunon kontra oldartzera ausartzen den polizia, politikari edo epailerik?

Jabetu gara Aske Guneak askatutako energiaz. Ziurrenik ez gara oraindik jabetu, ordea, indar horiek askatzeak zabaldu dituen aukerez, eta ondorioz gure eskuetan utzi duen erantzukizunaz. Nahi gabe, Aske Gunearen arrakastarekin, erronka bota diogu geure buruari, inputatuen defentsan eta eskubide zibil eta politikoen alde aritzeko prest gauden guztiok.

Idatzi hau urgentziazko deia da. Erronka honi guztion artean heltzeko deia. Konpromisoak hartzeko eta autoantolaketarako deia. Lorpenak lorpen, ez delako nahikoa. Inondik ere ez. Baina guztion borrokak aukera bat zabaldu du, eta aukera aprobetxatzea gure eskuetan dago. Are gehiago, geure ardura da.

Urrats berriak egiten jarraitu behar dugu. Ibili ahala, sakonagoak, jendetsuagoak, kontundenteagoak, desobedienteagoak. Jakinik urrats denak ez direla izango Aske Gunearenak bezain arrakastatsuak, baina jakinik ere pauso txiki orok laguntzen digula bidean aurrera egiten. Borroka luzea ikusmiran, pazientziaz, baina in crescendo jarraitzea helburu.

Jarri ditzagun lanean eskuak, eta oinak, eta bihotzak eta buruak eta tripak. Asmatu dugunetan sakonduz: tokian tokiko lana eta erabakiguneak; ikusgarritasuna (?) eta gizarteratzea; bidegabekeriei aurpegia jartzea eta sentimenduak azaltzea; dinamika desobeditzaileak eta mobilizazio jendetsuak aldi berean... Gabeziak eta egindako hutsak gainditzen ahaleginduz. Gaurtik aurrera lan eginez, jarraikortasun handiagorekin eta aldizkakotasun gutxiagorekin, ez epaiketa eta atxiloketa uneetan edo horiei begira soilik. Guztiok, gazte zein heldu. Desobedientzia, konpromisoa, oinarrizko eskubideen defentsa, bestelako gizarte-eredu baten aldeko borroka, ez baitira gazteen kontuak soilik. Ikuspegi zabalago batekin: salbuespen neurriak indargabetzea exijituz, eta disidentziarako eta gizarte-eraldaketarako ezinbesteko tresna ditugun EZPak, lapurtu dizkiguten horiek, praktikatuaz berreskuratuz. Jatorrira jo ezean, «iraganeko» bidegabekerien ondorioak zuzenduta ere, bidegabekeria berriei ateak zabalik utziko dizkiegulako gaur eta etorkizunera begira. Galdetu, bestela, tartakada batengatik urteetako kartzela eskaerari aurre egin behar dieten lagunei, edo greba-pikete batean parte hartzeagatik lau urte eskatzen dietenei, edo Iñigo Cabacasen senideei, edo ustezko iritzi delituengatik Auzitegi Nazionaletik pasatzen jarraitzen duten herritar ugariei.

Helburu orokorrak egitasmo jakinen bidez erdiesten dira, ordea. Guk, erronka erraldoi honi heltzeko lehen urrats gisa, erronka txiki bat mahai gaineratzen dugu: babes-sareak.

Ehundu ditzagun herriz herri eta auzoz auzo babes-sareak: herritarrok osatutako sare desobediente publikoak, justizia aldarrikatuz jendaurrean aurkeztuko dituztenak beraien asmo ilegalak. Lege injustuen ondorioz errepresioa jasotzeko arriskuan dauden auzokide edo herriko lagunen inguruan babesa antolatu eta praktikatuko duten sareak. Gaur, orain arte egin den bezala, jazarriak etxeetan gordetzeko edo geure gorputzez atxiloketa bat zaildu edo ekiditeko. Bihar, elkarrekin marrazten dugun bideak eta inputatuek eskatu diezaguketen beste edozein babes mota saretzeko. Sortu, biderkatu eta egun argitan azaldu ditzagun babes-sare desobediente horiek. Adieraz dezagun publikoki baietz, jakinaren gainean gaudela, badakigula elkartasun honek ondorio errepresiboak ekar liezazkigukeela. Eta horiek onartzeko prest gaudela. Landu eta aurkeztu ditzagun denboraz, beraien aktibazioa beharrezkoa izan aurretik, eta erabili dezagun sortze prozesua bera eskubide zibil eta politikoen blindajearen beharra gizarteratzeko. Izan bedi babes-sare horietariko bakoitza matrioska-sabel erraldoiaren zelula bat, izan bedi zulakaitz bihurtu behar dugun herri harresiaren adreilu bat.

Orain arte bezala, Eleak-etik hau sustatzen saiatuko gara. Baina emaitza guztion esku dago. Aipatu ditugun dinamika eta borroka ia guztietan zein beste batzuetan presente egon gara, baina horietako batean ere ez gara izan elementu dinamizatzaile nagusia. Txikiak gara, txikiegiak, geure burua indartu beharrean gaude, eta horretarako ere eskatzen dizuegu laguntza. Baina ez gaitezen okertu. Tokian tokiko inputatu, norbanako eta gizarte eragileen autoantolaketa eta herri-lana izan dira honaino ekarri gaituen giltza. Eta horrela izaten jarraitu behar du, edo ez da izango.

Eta hurrengo batean, 3 ez, 24 ordu behar badituzte? Eta hurrengoaren hurrengoan, babesaren zabalak eta determinazioak ez badie uzten inor eramaten? Eta ez badituzte aurkitzen? Eta, azkenerako, inor babestu beharrik ez dugun eguna lortzen badugu, ez dagoelako gure eskubide zibil eta politikoen eta horiek praktikatzen ditugunon kontra oldartzera ausartzen den polizia, politikari edo epailerik?

Eraiki dezagun. Barrura begira, sabel bero maitekorra, inputatuak babestu eta besarkatuko dituena, ekimen herritar berri eta handiagoen inkubategi bihurtzeko modukoa. Kanporantz, herri harresi sendo eta zulakaitza, bidea behin betiko itxiko diena erasotzaileei.

Hor dugu erronka. Ez dio inork helduko zeure edo geure partez. Zeure egin nahi baduzu, jarrigurekin harremanetan:[email protected]. Guztion ardura da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.