Hurrengo aldaketa

2022ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Mundua izugarri aldatu da denbora gutxian, geopolitika eta ekonomiatik hasi eta energia eta elikadura segurtasuneraino. Ukrainako gerraren zazpi hilabeteko epea dela eta, eraldaketak eztabaidatzen ari dira: NBE garrantzitsua al da oraindik? Nola aprobetxa lezake Txinak egoera hori? Mendebaldeak eragotzi dezake Europan eskalada belikoa? Zein da eraso nuklear baten arriskua? Zein neurritan indartzen dute mundu osoko buruzagi despotikoek gerra?

Soziologian lau eskola edo joera nagusi berezitu daitezke, soziologiaren zeregina aitzineratzerakoan. Eskola horiek ekonomia politika, ekosistemak-sare sozialak, erakundeen ikuspegikoak eta balioen eskola dira.

Hurrengo lerroetan, izaten ari diren aldaketen zertzelada batzuk aipatzera noa, ikuspegi eta testuinguru horretatik begiratuak.

Ekonomia politikaren aldeak

Karl Marxek, industrializazio aroan, dialektikaren mamia klaseen borrokan jartzen zuen: dialektikaren tesi bezala langileria edo proletargoa jartzen zuen, eta antitesi moduan kapitalismoa. Sintesia komunismoa izango zela iragartzen zuen. XX. mendean, proletargoak sindikatu eta alderdi politikoen borrokaren bitartez ongizate estatua lortu zuen. 1981ean Reaganek eta Thatcherrek desarautu zituzten nazioarteko merkatuen erregelak, eta kapitalismo globala erraztu zuten.

Nire ikuspegitik, oraingo dialektika nagusiko faktoreak hauek dira: tesia, kapitalismo espekulatiboa, kriminal finanzieroak; antitesia, ongizate estatua, ekonomia erreala.

Duela zazpi hilabete Errusiak Ukraina inbaditu zuen. Gudu-zelaian higadura-gerra bat gertatzen ari da, heriotzekin eta suntsipenarekin lehen lerroan. Hortik haratago beste borroka bat da abian: 1940ko hamarkadatik ikusi ez den gatazka ekonomiko bortitza, Mendebaldeko herrialdeak Errusiaren 1,8 trilioi dolarreko ekonomia elbarritzen saiatzen direnean zigor sail berri batekin. Enbargo horren eraginkortasuna funtsezkoa da Ukrainako gerraren emaitzarako. Horrez gain, demokrazia liberalek 2020ko hamarkadaren amaierako boterea mundu osoan proiektatzeko duten gaitasunari buruz ere bada guda ekonomiko hori. Hala ere, kezkagarria da orain arte zigor ekonomikoaren gerra ez doala Mendebaldeak espero bezain ondo.

Beste alde batetik, Txina ere larri dabil bere ekonomiarekin. The Economist-en arabera, Txinak arazo ekonomiko larriak ditu, diru-politika egokiarekin soilik konpondu daitezkeenak. Baina Txinan diru-politika agortzen ari da, politika fiskalaren ardura handiagoa da Txinako ekonomia erreskatatzeko. Txina ziurgabetasun ekonomikoko garai batean sartzen ari da. Eta sustapen ekonomikoa izan da Txinako Alderdi Komunistaren argudio nagusia. Egoera horietan askotan baliagarria da gaitz guztien errudun etsai bat identifikatzea. Gerra bat pizteko arriskua handia da. Berriro ikusten dugu Txinako Alderdi Komunista konfuzionista dela eta ez marxista. Bere webgunea ere horren lekuko da. Txinako Alderdi Komunistako batzordeak finantzari ustelek osatzen dituzte. Egungo dialektikaren tesia eta antitesia zein den planteatuko ez duten finantzari ustelek.

Ekosistemak - Sare sozialak

Zoritxarrez, sare sozialak direla eta, internetek nahastu egiten ditu kontzeptuak. Egia da sare sozial birtualek testuinguru berri bat sortzen dutela, eta horien eragina sakonki aztertu behar da. Baina eragina duten sare sozial berri errealak guztiz eraginkorrak dira, eta sare sozial erreal horiek ezagutu barik ezinezkoa da errealitatea benetan ezagutzea.

Nolabaiteko kontzientzia zabaltzen ari da ekosistemak direla eta. Teknologiak asko egin dezake, paradoxikoki, ekosistemak hobetzeko. Adibide bat aipatuko dut: oinarrizko ikerketetan egindako aurrerapauso handiei esker, biologia gero eta programagarriagoa da. Landareen aldaketa genetikoak fotosintesiaren mekanismoa aldatzea ahalbidetzen ari dira, abuztuaren 18an, Science aldizkarian argitaratutako ikerketek adierazten dutenez. Horrek landareen produktibitatean hobekuntza izugarriak ekar ditzake, eta, azkenean, bigarren iraultza berdea.

Erakundeak

Uste dugu gure erakunde demokratikoak sendoak eta betirako direla, baina errealitatea ez da horrelakoa. Zibilizazio eta kultura sendoagoak izan dira lehenago, eta deuseztatu dira, esate baterako, erromatarren zibilizazioa.

Hausnarketa egin beharko litzateke gaurko gizarte kontsumistaren egoeran Mendebaldeko erakunde garrantzitsuenek nolako harremanak dituzten euren artean. Europako egiturak oso ahulak dira, ez dago argi noraino iraun dezaketen ez badaude herritarrekin identifikatuta, bat eginda, edota herritarren erakundeez interesatuta.

Pandemiak eta Ukrainako gudak gogorarazi dutenez, maila handiko krisi globalak pairatzeko egoera batean gaude. Hurrengo pandemiari beste krisi batzuk gehitzen bazaizkio, krisi hauek metatzen badira, atzera ezinezko gune maltzur batera mugi gaitezke, itzulerarik gabeko puntu kritikorantz. Horregatik guztiagatik, ezinbestekoak dira suspertzeko gaitasuna eta krisiak prebenitzeko edo eta suspertzeko gai diren gizarteak. Gizarte erresilienteak ezinbestekoak dira.

Balioak

Orain arteko ukitu ezinezko balioak aldatzen ari dira. Gogo orokorra aldatzen ari da eta berarekin gizakiaren ahalmena eta ahuleziak. Familiaren zereginak eta pertsonen arteko harremanak aldatzen ari dira sakonki, eta atxikitzen zaizkien ideiak eta balioak ere sakonki aldatzen ari dira. Tradizionalki pentsa ezinezko balioak zeharo aldatzen ari dira. Garrantzitsua da aldaketa horiez hitz egitea malgutasunez eta begirunez.

Norberaren ideiak maltzurkeriaz eta okerkeriaz inposatzea ez da egokia, min handia sortzen du horrelako jokaerak. Estetika aldatu orduko, askoz ere arinago, urte batzuk arinago, pentsaera eta balioak aldatzen ditugu.

Amaitzeko, eta laburpen metaforiko bezala, esango nuke gizarte berri baten nerabezaroan gaudela, beraz, hausnarketa zintzoak eta argiak egin behar ditugu etorkizun egokia izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.