Edgar Morinsoziologo eta filosofoak —beraz, politologoa— 100 urte bete zituen 2021ean. Ondo bidez, 104 urte beteko ditu datorren uztailaren 8an. Bere bizitzaren hainbat ikasbide eskaini zigun Leçons d’un siècle de vie liburuan(Mende bateko irakaspenak, Denoël argitaletxea). Lezioak baino ikaspenak dituzu. Orobat, bere obrara hurbiltzeko gida moduko saioa ere bada.
Frantziar idazle hau, 1921ean Parisen jaioa izaki, frantziar identitate askotariko moldearen etsenplua da. XX. mendeko eta Mendebaldeko gizakion izatearen lagina. Pertsonon nortasuna ez da bat eta bakarra, halaxe duzu ere Edgar Morinena.
Lehen Mundu Gerraamaitu eta hiru urtera sortu zen —orduko Parisen jaioa izaki, mundura jaio ere—. 2021ean, berriz, COVID-19aren pandemia izendatua izan ostean, bere bizitza-esperientzia paratu zigun lan xume soil horren bidez. Munduko bi gerra handien aldiak ezagutu zituen, Espainiako gerra zibilean engaiatu zen 13 urte zituela. Bigarren Mundu Gerran berriz (1939-1945) nazien aurkako erresistentzian parte hartu zuen 18 urterekin. Alegia, deus ez.
Gerra tipiak ere ezagutu ditu —ez dago gerra tipirik, halarik ere—, baina batez ere, gizakion barne gerrak bizi izan ditu, eta bereziki, ideologia suerte guztiek gure baitan pizten dituzten gerrak.
Leçons d’un siècle de vie bere txikian —bere obra handiaren aldean— giza kondizioaren erretratu sublimea da. Liburuari begira jartzean, Mendebaldeko emakume-gizonaren burua islaturik ikusten duzu mende bateko joanaldian. Hein batean, izan garenaren ispilua da, miraila, eta Edgar Morinen kasuan, «miraria».
Bere obraren peskizan abiatzeko liburu paregabea duzu.Hona hainbat zertzelada eta lerro:
1.Lehenik eta behin, LaMéthode da bere obraren enborra, berean aurkitu dezakegu Edgar Morinen bizitzaren uberan nabigatzeko kartografia nagusia. 1977-2004 artean idatzitako sei liburuki. Gure bizitzak metodo bat behar du, bizitza gerra da eta bitakora munduan nabigatzeko gure bizitzako armairua.
2.Bizitzak badu zerbait miraritik.Bizitza maitasuna da(Eros), bizitza gerra (Polémos) ere bada, eta nola ez, bizitza heriotza(Thanatos) da.Maitasunik gabe ez dago bizitzerik; maitasuna ez da aski, ordea. Gerra saihestezina da, eta berarekin bizitzen ikastea baitezpadakoa. Heriotza bizitzaren osagaia izaki.
3.Bizitza miraria legez bizitzeko hauxe arrazoiak.Bizitzea arriskatzea da. Bizitzea libre sentitzea da eta libre sentitzeko egunero arriskatu behar da. Bizitza bide bat da. Abentura da. Bizitza ezagutzaren ezagutza da. Ezagutza ez da eraikitzen erratu gabe. Bizitzea ideiak lantzea da, baina ideiak, gure ilusioak diren aldetik, gezurrak dira. Ideiak hegazti errariak legetxe dira. Bide berrien urratzaileak.
4. Haatik, ez dugu gure kontzientzia eraikitzerik erratu barik. Pertsonok, izatekotan, gure kontzientzia gara. Gu gara tronpatzaileak eta tronpatuak aldi berean —engainatzaile eta engainatuak—.
5.Bizitza abentura da, betiere ziur-gabea, ezezaguna. Espero ez duguna baina ezin dugu itxaron. Itxaropena ustekabekoaren itxaron aldia da. Zentzu eta norabide horretan, kutsu arriskutsua duen oro deuseztatzea bizitza ukatzea da.
6.XXI. mendea berehalakotasunaren gizaldia da. Gizakiok berehalakoa behar dugu, denborari eta espazioari aurrea —zientziari esker— hartu nahi diogu. Alta, erreala iritsi ezina da. Erreala —errealitatea— errealitate anitzen gibelean ezkutatzen da.
Sei puntu dituzu, baina hitz gako, lerro eta paragrafo elemenia dituzu liburuan, zein baino zein esanguratsuagoak. Arestian erran gisan, ez dira lezioak, ikaspenak baizik. Hona niretzat nagusiak, liburuko zenbait hitzetan funtsatuta:
Koronabirusa: COVID-19aren krisia modernitatearen ikuskera eta kontzepzio baten krisia da, gizakiaren etorkizuna natura menderatzea eta munduaren jabe bihurtzea nahi izanaren ideian eraikia.
Autokritika: autokritika gure buruaren higiene fisiko esentziala da, baita gorputzarena ere. Funtsean, burua eta gorputza bat-bedera baitira.
Konplexutasun humanoa:humanismoa —Edgar Morinen leitmotiva— humanoon konplexutasunaren ezagutzan oinarritzen da, baita eraiki ere.
Gogoeta bat akitu aldera: milurtekotan espiritualtasunean murgildurik bizi ostean, ia itotzeraino murgilduta ere, Argien Mendearen ostean (XVII. eta XVIII. mendeetako Ilustrazioaren ondoren), arrazionalismoak eta zientziak pulunpatuta nabigatzen dugu nora ezean. Jainkoaren ideia berritu ez ezik, Karl Marxenak ere berrikusi behar ditugu. Gizakion gure ezagutza eta gure pentsamendu konplexua argitzeko pentsamendu politiko berri bat pentsatu behar dugu —ezagutza berrietan funtsatu—, bizitzeko galderak eta printzipioak aurkitu ahal izateko.
Post Scriptum: «La crise du Covid est un sens une crise d’une conception de la modernité fondée sur l’idée que le destin de l´homme était de maîtriser la nature et de devenir le maitre du monde» pasartea nire moduan ekarri dut euskarara.Ba al dago liburua euskarara ekarriko duen argitaletxerik?