Caracas hirian, Avenida de los Próceres izenekoan, harresi batean mural handi bat dago. Mural handi horretan, Venezuelan XVIII. mendean, eta Bolibarrek gidaturiko independentziaren aldeko mugimenduaren hastapenetan izan zen insurrekzio bat margotua dago. Herri xumea agertzen da hiru zutabeetan: eskuinean, komuneroak pankarta batekin: «Viva los comuneros de Mérida»; erdian indioak biluzik, eta pankarta bat dute eskutan: «Abaxo los monopolios»; hirugarren zutabea beltzez osatua dago, eta hauek ere pankarta bat daramate: «Muera la Guipuzcoana». Hiru zutabeek harrapatuta dute hiru pertsonaien aurpegi harritu eta izutuak, Venezuelako banderaren koloreak duen zapi luze batez lepotatik lotuak hirurak. Seguruenik hiru kolonizatzaile horietako bat da La Real Compañía Guipuzcoana de Caracas.
Gaurko Borboiaren aurrekoen arteko beste Borboi batek (Carlos III de España, segur aski) eman zion 1827an Guipuzkoanari Venezuelako komertzioaren monopolioa eta horrela aberastu zen, «inbertsioak» eginez bide batez, esklaboen sal-erosketan. Compañía Guipuzcoana horretako nagusiak ziren Peñafloridako Kondea, Narroseko Kondea eta Compañía, hain zuzen Larramendik pikutan jartzen zituen «handikiak», eta, bidez batez, «Ilustrazioaren jarraitzaileak ziren», «zientziaren bultzatzaileak», «Caballeritos de Azkoitia» eta, horrekin guztiarekin batera, 1776ko matxinadaren errepresoreak.
Insurrekzio haren muralari, jadanik, erantsi dakioke beste mural bat. Caracazo izeneko insurrekzioaren ondoren, berriro ere herri xume, langile eta txiroak, mestizoek, beltzek eta indioek eraturiko insurrekzioan neokolonizatzaileen hiru aurpegi (Bush, Aznar eta Juan Carlos Borboia) izutu eta beldurtu dira, eta orduan Bolibar bezala, oraingoan mugimendu horren aidean Hugo Chavez laguna ageri zaigu opari gisa.
Gogoangarri zait Iberoamerikako estatuburuen goi bilera hura. 2002. urtean Estatu Kolpea burutu zen Venezuelan sistema demokratikoaren eta Hugo Chavezek sustatutako prozesuaren aurka. Estatu Kolpe hartan Estatu Batuen gidaritzapean Aznar marionetak ere muturra sartu zuen. Ordu batzuk baizik ez zuen iraun kolpeak, herri armatuaren indarrak garaitua. Aipatzen dudan goi bilera hartan Chavezek salatu zuen Aznar, kolpista faxista izateagatik eta Chavez bera erailtzeko asmoagatik. Zapatero, inozo tontolapiko arriskutsu horietako bat, Aznar kolpistaren defentsan atera zen. Juan Carlos Erregea, berriz, XVIII. mendeko bere aurreko borboia enkarnatua izango balitz bezala, esan zion Chavez indioari: «¡Que te calles!». Eta mundu osoan barre algara etengabea entzun zen inperio españolaren lunatiko koroatuaren ateraldiaz.
Gogoangarri zait Amerikako estatuburuen bilera hura (mahai beraren inguruan Bush eta Chavez, Lula eta beste agintariak) zeinean Chavezek hitza hartu zuen esanez zerbaitek sufre usaina zuela. Infernuko sua, deabruaren sua sufre usainekoa da, hain zuzen, Bagdad hiriaren usain bera, Bush deabruaren bonbek eragindakoa. Han zuen Chavezek bere aurrean sufre usaineko Bush deabrua.
Baina ez dut gogoan, oraindik eta oraingoz, ez dut nire oroimenean desio dudan gertakizun bat: noiz arte Diputazio Ohoretsua? Noiz arte izango zara entzungor? Noiz entzungo ditugu ohorezko hitz batzuk, gure aurrekoek Real Compañía Gipuzkoana de Caracas, «Muera la Gipuzkoana» merezi izateraino, egindako triskantza haien errekonozimendua baieztatuz eta Venezuelako herri txiro, esklabo, indioari egindako kalteak nolabait ordaintzeko borondatea erakutsiz? Ez al da oraingo Foru Aldundia eta ez al da oraingo unea horrelako erabakiak hartzeko une guztiz egokia?
Hugo Chavez laguna, eskerrik asko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu