Horrela ez!

2018ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Barru-barrutik datozkit hitzak. Konbentzituta nago ideologia, adin eta jatorri ezberdineko jende askok bat egiten duela hemen idatziko dudanarekin. Esango nuke arku politikoko buruzagi gehienak ere ados egongo direla lerro hauekin.

Apirilaren 12an Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta epaituko dituzte Madrilgo kontu-auzitegian. GHKk 46 milioi euro eskatzen dizkie aurreko legealdian hartutako erabaki batzuengatik. Dirutza. Bizitza guztirako zigorra bi gipuzkoar xumerentzat.

Ez dut ezer ezkutatu behar, ideologikoki hurbilekoak ditut. Uste dut egin zutena egin behar zena izan zela, eta, horrexegatik, epaia beraien aldekoa izango den itxaropena dut. Ez dut erraustegirik nahi. Baina hau gutxienekoa da. Hemen esan beharrekoa berdin-berdin esango nuke horrela izan ez balitz ere. Garbi, oso garbi baitaukat jende asko dagoela erraustegiaren alde, garbi daukadan bezala denok erratzen garela batzuetan, beste batzuetan asmatzen dugun bezalaxe. Denok.

Seguru nago Iñakik eta Ainhoak egin zutena asmo onarekin egin zutela. Ezagutzen ditut denon interesak norberarenen gainetik jarriz, borondate onenarekin, maleziarik gabe herriarentzako onena bilatuz politika egiten duten pertsonak. Alderdi politiko guztietan daude, eta asko eta asko dira gure herrian. Iñaki eta Ainhoa kasta honetakoak direla esaten dizuet. Denak zoriondu nahi ditut bere lan zintzoagatik.

Zoritxarrez ez da beti horrela jarduten politikan. Nahi baino gehiagotan ikusten ditugu gehiegikeriak, joko zikinak, maltzurkeriak. Bestelakoak ezagutzen ditudan bezala, ezagutzen ditut gezurra, manipulazioa, egia ezkutatzea, iraina, gutxiestea, mehatxua, mendekua... erabiltzen dituzten politikariak ere eta hauei «horrela ez!» esan behar zaiela iruditzen zait. Denok esan beharko genieke, bakoitzaren kolorean erreparatu gabe.

Norberak bere buruari galdetu beharko genioke gauzak modu egokienean egin diren. Nik uste dut osasuna eta egia zientifikoarekin jolastu dela, profesional ezagunak gutxietsi eta iraindu direla edo ebidentziak ezkutatu edo manipulatu direla. Uste dut ez dela eztabaida lasaia hobetsi: zergatik da erraustegia sistemarik onena, zer diote aurka daudenek, zer da hoberena herritarrentzat... Ez zaizue modu normalean hitz egiteko gauzak direla iruditzen?

Nire ustea besterik ez da, askok konpartituko ez duzuena. Badakit. Dakidan bezala arlo zientifiko eta medikoetako profesional asko minduta sentitu dela. Uste dudan bezala erraustegiarekin osasuna, ingurumena eta ekonomia aldetik denok ateratzen garela galtzaile. Ustea besterik ez da.

Epaiketa hau, ni bezalako askorentzat, mendeku pertsonala da, eta, aldi berean, mehatxua da etorkizunean politikan arituko direnentzat («kontuz gure interesak ukitzen badituzue» baita helarazten ari diren mezua). Jende askok ikusi du ahularen aurkako indartsuaren jarrera krudela (krudela ahulekin, lagunkoia boteretsuekin) jokabide honetan. Jardun mafiosoa, gaiztoa. Umiliatzea gustatzen zaion jendailaren jarrera. Matonismo politikoa.

Denek esan ohi dugu pertsonek politikagintzaren erdian egon behar dutela, baina pertsona batzuek erabaki dute bi herri ordezkariri 41 milioi euro eskatzea, euren bizitza suntsituz. Are okerrago, esango nuke erabaki hartua zutela, ondo jakinda, politikari garden eta zintzo batzuen aurka ari zirela. Pentsamendu eta ideologia ezberdineko pertsonak, baina esaneko pertsonak.

Hau erabaki dutenak pertsona ezin hobeak izango dira agian bere bizitza pertsonalean (familian, lagun artean...). Ez dakit. Ni bere jarduera publikoaz ari naiz, eta benetan sentitzen dut bere ingurukoengatik tonu gogor samarra erabili badut.

Onartzen dut herri honen ordezkaritza ni bezala pentsatzen ez dutenek edukitzea. Onartzen dut sistema honetan aritzea dagokidala, nahiz eta hobetzeko asko dagoela iruditu eta sentitu. Baina ezin dut onartu erabaki zitalak, maltzurrak, mina egitekoak helburuz hartzen direnak egikaritzen dituzten pertsonak nire ordezkariak izatea. Politika eskubidea ebatsi nahi digute. Hauei ozen esaten diet: HORRELA EZ!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.