Ziurtzat jo zitekeen ETA betiko desagertzeko prozesua arras konplexua eta zaila izango zela. 2010eko urriaren 20ko komunikatuaren ondoren, non talde terrorista horrek «ekintza armatua» betiko utzi zuela iragarri zuen, ETA bukatu delako ideia finkatu da oro har. Oraindik taldea desegin eta armak entregatu ez badira ere, pentsaezina da talde horrek berriz inor hilko duenik, mehatxatuko duenik edo estortsio egingo dionik. Historian barrena ekintza terroristak gaitzetsi edo arbuiatu ez dituen gizarte-sektoreak, berriz, bilakaera izan du, eta, beste adierazpide batzuen artean, Sortu alderdi politikoaren estatutuen bitartez adierazi du berariaz gaitzesten duela indarkeria, eta hinki-hankarik gabe onartzen dituela balio demokratikoak eta demokrazia-bidea bere proiektu politikoaren alde borrokatzeko. ETA desegitea ez litzateke behin betiko bermea izango indarkeria itzul ez dadin, izan ere, talde kriminal horretan bereizketa gerta liteke edo, etorkizunean, talde fanatikoren batek berriz indarkeria erabil lezake bere ideiak indarrez ezartzeko. Indarkeria terrorista gure bizitzatik behin betiko desagertzeko, eta, aipaturiko bi hipotesietatik bakarren bat gertatuz gero, indarkeriaren erabilerak porrot egiteko bermerik onenak hauexek dira: batetik, Zuzenbide Estatu demokratikoak beharrezko bitartekoak erabiltzea helburuok erdiesten laguntzeko; eta, bestetik, arestian aitaturiko gizarte-sektoreak demokrazia-bideen alde eta indarkeria gaitzestearen alde egin duen apustua sendotu eta indartzea. Edonor ohartzen da bi berme horiek elkarri lotutako hodiak direla.
Arartekoaren gisako erakunde bati, pertsonen eskubideak bermatzen dituenez, ez zaio besterena iruditu behar zeregin hirukoitz hau: indarkeria terrorista betiko eta atzerakorik gabe desagertzen laguntzea, legeria pertsonen eskubideak gauzatzeko modurik onuragarrienean interpretatu eta ezartzeko argudioak ematea eta balio demokratikoak sustatzea. Ikuspuntu hirukoitz horretatik begiratuta, kezkatuta ikusten dugu nola terrorismoari aurre egiteko sortu ziren zigortzeko arauak, gure ustez, oker eta bidegabe ezartzen ari diren. Gaurkotasuna duten gertakariak aipatzearren, ahotara ekarri behar ditugu Herrira organizazioaren kontrako operazioa eta herriko tabernei buruzko prozesuaren barruan laster egingo den epaiketa. Bi kasuotan erabiltzen ari diren irizpide juridikoak «dena da ETA» deritzan doktrinatik sortutakoak dira; irizpide horien arabera, bere buruari ENAM (Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua) deritzon multzoan bildutako erakunde eta jarduerek legez kontrako ekintzak burutzen dituzte, terrorismoaren kontra borrokatzeko sortu ziren Zigor Kodeko arauekin zerikusia dutenak. Ez gaude ados irizpide horiekin, mugatu edo deuseztatu egiten baitituzte justifikazio juridiko nahikorik izan gabe Konstituzioko hainbat eskubide, hala nola norberaren askatasunerako, elkartzeko, biltzeko, informatzeko edo adierazteko eskubideak. Epai judizial batzuetan (adibidez, Konstituzio Epaitegiaren epaia, Sortu legalizatzeko kasuan, edo Estrasburgoko Epaitegiarena, Egunkaria kasuan) gure iritziak islatu dira, eta esan dezagun, bidenabar, iritzi horiekin guztiz bat datozela Espainia osoko Zuzenbide Penalean adituak diren espezialista ugari, baita epaile eta magistratu batzuk ere (horiek euren iritzi juridikoak azaldu dituzte hainbat forotan, esaterako, Deustuko Unibertsitateak 2011n edo Sabino Arana Fundazioak 2011n eta 2012an antolatutako mintegietan).
Arartekoak legeriaren favor libertatis interpretazioan oinarrituriko argudioak euskarritzat hartuta eutsi behar die beti bere iritziei. «Dena da ETA» doktrinari eta, horren ondorioz, adituek «etsaiaren Zuzenbide Penala» izendatutako horrek berezko dituen irizpide juridikoak ezartzeari dagokionez, Arartekoak argudio sorta luze bat prestatu zuen, lehen aipatutako mintegietan azaldu zen eta gure web orrian argitaratuta dago. Argudio sorta horretan oinarrituta, berriro adierazi behar dugu orain bizi garen ekintza terroristarik gabeko egoera honetan, Zuzenbide Estatu demokratikoak lanean jarraitu behar duela ETA betiko desager dadin, baina esklusiboki ETA ez dena kriminalizatu gabe egin behar duela hori. Izan ere, Zuzenbideak indarkeriaren gainetik duen nagusitasuna askatasunak erabat errespetatzean ere gauzatu behar da, askatasun horien izenean jarduten baitu. Terrorismoaren porrotak balio demokratikoen garaipena izan behar du egiaz, balio horiek bizikidetza zuzentzen duten printzipiotzat hartuta. Arrazoi horiexengatik gaitzesten dugu Herrira organizazioaren kontra egin den operazioa.
Bestalde, harrituta eta kezkatuta ikusi dugu nola euskal alderdi popularraren kontra hitz iraingarriak eta zakarrak erabili diren ahozko adierazpenetan nahiz paskinetan, eta hori ere arbuiatu behar dugu. Nire ustez, euskaldunok herrialde demokratiko aurreratuenetako kanon zorrotzenen pareko portaerak eskatu behar dizkiogu geure buruari bizitza politikoan, elkarren errespetuarekin eta balio demokratikoekin lotutako oinarri sendoetan finka ditzagun gure bizikidetza eta gure arteko harremanak esparru politikoan eta sozialean.
Bakea, indarkeria terrorista erauztea, balio demokratikoak indar betean egotea, giza eskubide guztiak errespetatzea, terrorismoaren biktimen eskubideak hobeto babestea, kalitateko demokrazia baterantz aitzina joatea, horiek guztiek aurrera egin dezaten eta indartu daitezen egin beharko ditugun lanak neketsuak eta zailak dira, dudarik gabe. Horren haritik, zigor arloko legegileari eta zigortzeko arauak interpretatu eta ezartzen dituzten epaile-epaitegiei zera eskatzea komeni da: Zuzenbide Estatu demokratikoak konstituzio eta giza eskubideak oparo eta zabal gauzatzearekin lotuagoa dagoen bere alderdia erabil dezala, aipatutako zigor arauen erabilera ahalik eta gehien murrizteko. Gure aburuz, helburu horiek erdietsi nahi badira, oraingo egoerak demokrazia gehiago eskatzen du, elkarrizketa gehiago, baita terrorismoaren kontrako zigor arauak egokitu eta aldatzea ere, egungo egoerarekin bat etor daitezen, kalitate demokratikoari buruzko kanonik zorrotzenei jarraikiz.
Horrela ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu