'Honne' eta 'tatemae'

2022ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Japoniarrak, nahi dutenean, burutsuak izan daitezke. Euren arima delikatuetatik ametsezko sorkuntza samur eta hauskorrak ernatu dira.Nahi izan ez dutenean, ordea, amesgaiztorako erraztasuna ere izan dute historian zehar. Denon irudira. Denok baikara ekaitzen eragile eta uholdeen biktima.

Akaso xede estetikoarekin baita ere, Japonian zuzeneko konfrontazioa zein desadostasuna saihestea ongi kolektibotzat jotzen da. Beraz, maiz, norbanakoaren benetako iritzi eta sentimenduak esparru pribatuetarako gordetzen dira, lankidetza eta errespetu balioak babestuz. Bada, japonierak, bere hiztunen leuntasunaren erakusgarri, hitz bereziak ditu fenomeno hau aditzera emateko: honne benetako sentimendua eta pentsamenduak adierazteko erabiltzen dena (familiari edo hurbileko isil-mandatariei agertzen zaizkienak); eta tatemae, Japoniako pertsona gehienen komunikazio-estiloa omen dena, jendaurrean erabiltzen den komunikatzeko modu xalo, baina azalekoa.

Fenomeno hori ez da berria, eta ez da gizakietara mugatzen. Onddoak eroritako hosto ihartuen kolorea hartzen du, adibidez. Mimetismoa hautespen naturalaren ezaugarrietako bat delarik, izadian, oharkabean, egunero ematen da. Beste animalien zentzumenak engainatzea du helburu, egia, baina helburu zilegia hala ere: harrapakarien erasoetatik babesteko edo erraztasunez erasotzeko erabiltzen baita (enbata eta itoa, berriz ere).

Ardoarekin gertatzen den bezala, zentzumenen nahastea ohitura txar eta orokorra bilakatzen denean, bidegabea eta desegokia ere bihurtzen da. Eta Bibliak itzulingururik gabe zigortzen du: «Mozkortzen dena ez da inoiz zuhur izango». Digeritzeko zaila den Bibliako pasarte bakarra ez bada ere, kasu honetan egia da: edanda goazelarik, harrapakarietatik ihesi, oharkabean ehiztarien tiramenean geldi gaitezke. Ondorio latzekin.

Zentzugabekeria ekiditeko lana ez da samurra. Horretarako zorrotzak izan behar dugu, eta eginkizuna ez da horren naturala, horren intuitiboa. Agnostizismoaren talaiatik Bertrand Rusellek maisuki ebatzi zuen zorroztasunaren nozioa: «Edozein gai aztertzean, galdetu zeure buruari zeintzuk diren gertakariak eta zein den gertakariek adierazten duten egia. Ez utzi inoiz sinetsi nahi duzunagatik edo sinetsia izango balitz sozialki onuragarria izango litzatekeenagatik erratzen».

Zinez, ez genuke desioak errealitatearekin nahasteko alferkeria intelektualean erori behar, ezta irakurtzen edo entzuten duguna nahitaez egia dela pentsatzeko nagikerian edo errazkerian ere: argitaratutako iritzia ez da iritzi publikoaren sinonimo, iritzi publikoa hiritarrok pentsatzen (eta sentitzen) dugunaren sinonimoa ez den moduan. Honne eta tatemae.

Sineskortasunaren ertz bizia, irakurri eta entzuten duguna errealitatearekin alderatzerakoan azaleratzen da. Eta hortik frustrazioak eta ebaki garratzak. Dela maitaleari egunerokoaren epaiketa egiterakoan, dela inkesta soziolinguistikoen emaitzak aztertzerakoan.

Euskaldunok, oskoldunok, gure bailara estuen artxipelagoan Japoniatik uste baino hurbilago gaude, eta, talde madarikatuak irentsi ez gaitzan, desio eta izuak isilpean gordetzera ohitu gara. Halabeharrez, kalean paseorako, babes mekanismo propioak garatu ditugu (esloganak paparrean aurkeztea adibide), horrek dakartzan gaizki-ulertuekin. Areago, gezurrak buztana labur: algoritmoen jabeek gure desio ezkutuak ondo baino hobeto ezagutzen baitituzte (auzo-lotsa orokorrerako, adimen maltzur batek esango lukeen moduan).

Haragia eta odola baino ez gara. Jendetzaren beldur, gure mamuen bahi. Hortaz, lerrook ez dira ortodoxia eta inkisizioaren aldarri. Kontrara. Egun eguzkitsuetan, norbanakook epaiketa nasaia merezi dugula sinestera heldu naiz. Delitu barkaezinak ahaztuta. Errudun zitalik gabe.

Egiaz, epaile zorrotzaren onura aitortzearekin batera, gure izaera iragankorra onartu behar genukeela errepikatzen diot neure buruari. Babesa topatzeko oinarrizko beharrizana dugula: azal ahul eta sentikorra fatxada baten atzean aterpetzeko, alegia. Onartuak izateko. Ez sufritzeko.

Orain urtebete joan zen. Eta denoi gainditu dudala esaten badizuet ere, bihotzean, honne.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.