Iazko urrian 160 lagun elkartu ziren San Pedro Sulako autobus geltokian Estatu Batuetara eta Mexikora joan asmoz, beren bizi baldintzak hobetzeko xede esplizituarekin. Exodo hari jende gehiago batu zitzaion, milako bat osatzeraino. Aurtengo urtarrilean beste karabana bat abiatu da. Hori gertatzen den bitartean, Trump tematuta dabil Mexikoko mugan eraiki nahi duen harresiarekin.
Austinen edo Santa Rosa de Copanen bizitzea sekula ez da gauza bera izan.
Emakume hondurastarra bazina eta El Terreron bizi, Intibucan, 45 minutuz ibili beharko zenuke osasun etxera iristeko, goizeko zortzietan pasatzen baita dagoen autobus bakarra, eta artatua izateko aukera bakarra goizeko zazpiak baino lehen ilaran egotea izaten baita. Artatua baldin bazara eta tratamendu medikua behar baduzu, ziur aski ez duzu osasun etxean bertan jasoko. Botika bat behar baduzu, seguruenik ez dute izango, eta farmazia pribatu batean erosi beharko duzu. Froga diagnostikoak behar badituzu, hiri hurbilenera joan beharko duzu, eta haiek ordaindu. Pobreziaren atalasetik behera bizi diren hondurastarren multzokoa bazara (%66), aski segur ez duzu dirurik izanen hemen aipatutako ezer ordaintzeko.
Hondurasko eta inguruko hainbat herrialdetako osasun sistemak berritzeko egindako saioek hainbat egiturazko arazo gainditu nahi izan dituzte, zerikusia dutenak osasun sistemaren zatiketarekin, beraren finantzaketa eskasarekin, baliabideen kudeaketa txarrarekin eta berdintasunean oinarrituriko osasun politika publikoen faltarekin. Horren guztiaren ondorio izaten ari da osasun sistema kolapsatua, paradigma biomedikoan ainguratua, prebentzioan eta Lehen Arretan baliabide gutxi erabiltzen dituena eta biztanleen parte handi bat zaintzarik gabe uzten duena.
Hondurasen gisako herrialde batean, ezaugarri dituena bere gidaritza egitura ahulak eta ustelkeria maila handiak, politika neoliberalen bidezko osasun zerbitzu publikoen kudeaketak biztanleen pobrezia eta desberdinkeria areagotzen ditu. 2013an inplementatzen hasi zen Hondurasko Osasun zerbitzuaren Erreformaren erronka nagusietako bat izan da osasun zerbitzuen deszentralizazioa eskualdeko eta tokiko mailetara eramatea, teorian baliabideen kudeaketa eraginkorragoa lortzeko. Udalerri deszentralizatuetan, Osasun Idazkaritza arduratzen da finantzaketaz, eta zerbitzuak ematea entitate publiko zein pribatuen esku geratzen da, berdin irabazi asmoko izan edo ez. Gauza bera gertatu da ospitale publikoekin. Esan beharrekoa da deszentralizazioak berez ez duela ziurtatzen baliabide publikoen erabilera egokiagoa, nahiz eta huraxe izan den argudio nagusia finantzaketa eta probisio mekanismoak banantzeko. Baliabideen erabilera eraginkorragoa izan dadin, neurriko gaitasun bat behar da tokiko erakundeetan, finantzaketa plangintza, gastuaren kontrol zorrotza eta koordinazio sistema eraginkorrak. Erreformarekin, hobetu ordez, Hondurasko osasun sistemaren krisia hain egin da sostengaezina, ezen 2018ko abuztuan larrialdi egoera nazionala aldarrikatua izan baita dekretu exekutibo baten bidez.
Berriro ere agerian geratu da osasun sistema publikoa kudeaketa pribatuko mekanismoen esku uzteak ez duela sistemaren eraginkortasuna hobetzen, ezpada gastua gehitzen eta desberdinkeria areagotzen. Premiazkoa da Hondurasko osasun sistema erreformatzea gizartearen parte hartzearen eskutik, osasun sistema bakar baterantz bideratuko dena, publikoa, doakoa, unibertsala, eta gizarte berdintasuna, justizia eta denontzako osasun eskubidea oinarri izango dituena. Inguruko herrialde batzuk ari baitira horretan, Hondurasek ere ahal dezake.
Hondurasko osasun sistemaren noraeza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu