Maiatzaren 17a Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna dugu. Zergatik egun honetan? Homosexualitatea eritasunen zerrendatik kendu zuelako Osasunerako Mundu Erakundeak 1973ko maiatzaren 17an. Egun honen bueltan, ordea, oraindik ere badira argi-ilunak: besteak beste, transexualitatea gaixotasunen zerrendan dago oraindik.
Homosexualitatearen eta homosexualen kontrako ezinikusia da homofobia, labur esanda. Orobat lesbofobia, lesbianen kontrakoa; transfobia, transexualen kontrakoa, eta bifobia, bisexualen kontrakoa. Aurkari, menpeko, ezohikotzat dauka homofoboak orientazio homosexuala eta, orientazio hori duena, irrigarri, eri, gaizkile edo mendretzat. Beste bazterketa edo zapalkuntza modu batzuekin lotzen da, konparazio batera, xenofobiarekin, klase zapalkuntzarekin eta aniztasun funtzionala dutenenganako bazterkeriarekin. Azkena aipatzen den zapalkuntza izan ohi da homofobia, azkena aintzat hartzen, azken hondarra. Baina hagitz larria da, hilgarria, maiz.
Transexualen kasuan, pobrezia, suizidio eta hilketa tasak oso altuak dira transfobiaren eraginez. Hilketak ez dira egiturazko arazotzat hartzen,albistegietako gertaera soltetzat baizik. Suizidioetan ez da aztertzen zenbatetan duen eragina transexuala izateak, eta, beraz, transfobiak. Azkenik, transexualei lan merkatuko ateak ixten dizkiete frankotan, eta prostituzioa izaten dute aterabide bakarra. Gainera, horretan aritzeko ere gero eta traba gehiago jartzen dituzte administrazioek, kaleko prostituzioaren kasuan. Beraz, pobreziara kondenatzen dira transexual asko eta asko.
Badira zenbait modu homofobia adierazteko: indarkeria -fisikoa nahiz hitzezkoa; homosexualen eskubideak (finean, giza eskubideak) mugatzea; eremu berrietarako sarrera eragoztea; isiltasunaren bidezko arbuioa; biktima bihurtzea.
Heterosexismoa dago homofobiaren oinarrian. Sexualitateen hierarkian sinesten du heterosexismoak, goi-goiko erpinean heterosexualitatea jartzen duela. Sexualitatearen gainerako adierazpenak herrenak dira harentzat, salbuespen bat, makurrak, patologikoak eta moralik gabeak, eta jendartearen suntsiarazleak ere gerta daitezke, bere ustez.
Jendarteko eremu guztiak kutsatzen ditu homofobiak, besteak beste, lan arloa, guri zuzenean dagokiguna. Oraingo krisi ekonomiko larrian, egoera lazgarriak bizi dituzte LGTB (lesbiana, gay, transexual, bisexual) askok, beren orientazioak direla kausa: batzuek lantokian bertan, ezin konta ahala eraso; beste zenbait, lanetik bota, edo inongo lantegitan hartzen ez dituztelako, adibidez transexual gehien-gehienak. Lan hitzarmen gutxitan ageri dira homofobia borrokatzeko neurriak. Egia da gizarte mugimenduek kanpainak egin ohi dituztela jendearen kontzientziazioa handitu nahian. Konparazio batera, aurreko urteren batean, EHGAMek Homofobia, Lesbofobia, Transfobia, ez lantegietan ez inon. Zure esku dago! kanpaina plazaratu zuen Maiatzaren 17ko ekitaldien barrenean. Seinale homofobiak bizi-bizirik dirauela gure lantokietan, eta haren kontra beti eta beti jardun behar dugula.
Lantokietako homofobiari gagozkiola, duen larritasunaren arabera, hiru maila bereizi ditu Line Chamberland irakasleak. Aurrena, homofobia lausoa: txantxa, irain, aurreiritzi, komentario mingarri, grafitiak. Usu, ez zaizkio zuzentzen pertsona bati, baizik eta homosexualei edo homosexualitateari, oro har. Zeharkakoak direnez, sarritan umorezko testuinguruan esanak, hutsalak, txatxukeriak dirudite. Baina aditzen dituzten LGTBak zaurituak eta umiliatuak sentitzen dira.
Homofobia nabarmenak lantokian LGTB gisa definitu diren pertsonak (edo ustez halakoak direnak) arbuiatu edo mendratzen ditu. Horra adibide batzuk: urruti ibili edo komunikazioa etetea; lankidetza ukatzea; lanerako tresnak edo lantokia hondatzea; lanerako gaitasuna zalantzan jartzea; baimenik gabe, haien orientazio sexualaren berri besteei ematea edo hori egiteko mehatxua; haien sexualitatearekiko jakin-min handiegia… Homofobia nabarmenak LGTBak baztertzen edo, are gehiago, kanporatzen laguntzen du lantokian eta eragina du haien integrazioan eta lanbide eginkizunetan.
Giro homofoboaz mintza gintezke homofobia adierazpenak etengabeak, larriak direnean, LGTBenganako ezinikusia edo gorrotoa salbuespena ez denean; aitzitik, giro homofoboa dagoenean zenbait lankidek eta buruk elkar hartzen dute LGTBen kontra jotzeko. Erasoak, bada, egunero gertatzen dira, etengabe. Horri dagokionez, aurreikuspenen arabera, ezarri duten Lan Erreformak egoera ahulean dauden kolektiboak are ahulago bihurtuko ditu.
Aitortu behar da ez eskuineko indarrek eta, mingarriagoa dena, ez ezkerrekoek (salbuespenak salbuespen) ez dituztela LGTBen aurkako fobiak kontuan edo aintzat hartu, ez direla lan horretan saiatu, ez dietela duten garrantzirik aitortu. Baina, ez dago arrazoirik estigma lotsagarri eta lotsaemangarri horrekin hotzepel jarraitzeko. Bada garaia noizbait aurre egiteko lan eremuko LGTBen aurkako fobia guztiei.
LAB sindikatuak bere egiten du Euskal Herrian LGTBen askapenerako borroka, bai erakundean bertan, baita gainerako esparruetan ere. Sindikatuak neurri eta proposamen normalizatzaileak eta bazterkeriaren aurkakoak bultzatuko ditu, langile eta herritar guztiontzat eskubideen berdintasuna berma dadin, sexu orientazioagatik bereizketarik onartu gabe.
Homofobia: a ze lana!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu