Holako adostasuna, eta hain gutxi Euskal Eskola Publikoarentzat

Nagore Iturrioz Lopez eta Ainhoa Astigarraga Blanco
2022ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Azken asteotan nolabaiteko negoziazio-borrokan parte hartu dugu. Zenbait alderdi politikok beren aldarrikapenak EAEko etorkizuneko hezkuntza-legean txertatzeko eskatu dute prozesu horretan. Harrigarria bada ere, borrokatu diren guztiek, posizionamenduak argi eta garbi bereizita izan arren, irabazi egin dute. Bai euskarari zentraltasuna eman nahi ziotenek, bai publikoa defendatzen dutenek. Baina autotxaloketak, diskrezioa eta ate itxiak alde batera utzita, guriinteresatzen zaigun galdera hau da: irabazi al du euskal eskola publikoak?

Duela 30 urtetik indarrean dagoen legeak ez du lortu hezkuntza-sare dualari lotutako eskola-segregazioa amaitzea (zalantzarik gabe, hezkuntzaren arloan ditugun erronka handienetako bat). Legea idatzi zutenek, bestalde, badirudi norabide horretan urratsak egin nahi zituztela, Euskal Eskola Publikoaren Legea izendatu baitzuten. Oraingoan eztabaidatu diren oinarriak, aldiz, Euskal Hezkuntza Legea kontzeptupean jaso dira, eta sare publikoa eta pribatua parekatzea dute helburu, Euskal Hezkuntza Publikoaren Zerbitzua deiturikoan.

Bi sareak parekatzeko, itunpeko ikastetxeek finantzaketa lortzeko bete beharko dituzten zenbait konpromiso ezartzen dira. Hala ere, errealitate tristea da orain dela 35 urtetik ezarrita dauden eta sistematikoki betetzen ez diren konpromisoei besteren bat gehitzea baino ez dela lortu. Horren adibide nabarmenetako bat kuotak kobratzearena da (1987). Zergatik sinetsi behar dugu gaur adosten denak betetzeko itxura handiagoa duela araututa dagoenak baino? Eta, bestalde, beharrezkoa al da lege berri bat aldaketak besterik ez integratzeko?

Era berean, testuan jasotzen da konpromiso horien truke ikastetxeak osorik finantzatuko direla, baina hori gertatu egiten da gaur egun ere. Beraz, orain arte kuoten bidez ordaintzen zena finantzaketa publikoarekin konpentsatuko dela pentsatu behar dugu. Hortaz, ikastetxe itunduei beste ikastetxe batzuekin lehiatzeko aukera ematen dieten instalazioak, igerilekuak, tenis-kantxak, eskola-ordu erantsiak eta gainerako zerbitzu gehigarriak diru publikoarekin ordaintzeaz ari gara?

Hori da, funtsean, arazoa: pribatuari (zeinaren helburua ez baita onura komuna, norberarena baizik) berezkoa zaiola lehiaketa, bere lekua mantentzeko. Merkatu librea ideia horretan oinarritzen da eta, kasu honetan, berariazko forma hartzen du lege honek hainbeste babesten duen ikastetxea aukeratzeko askatasunean. Bitxia dirudi azaldu behar izatea komunitarioa izan arren arlo pribatua eta publikoa kontrajarrita daudela. Zergatik bereizi bestela? Zergatik hainbeste mesfidantza ikastetxeen titulartasuna aldatzeko? Titulartasuna garrantzitsua da, titulartasunean datza nagusiki finantzaketa-, antolamendu-, kontratazio-, onarpen-modua...

Hori dela eta, hezkuntza-etorkizunaren oinarriak gure sistema duala konpontzera bideratu beharko lirateke, eta ez horrek eragiten dituen ondorioak konpontzera. Sistema dual publiko-pribatua mantentzen den bitartean, segregazioa egongo da, egitura bera erreproduzituko baita. Ez dago adabakirik, emendakinik, ezta hori konponduko duen dekreturik ere.

Horregatik guztiagatik, lege honek beste 30 urte irautea nahi badugu, ezin da aldaketa soilak jasotzera mugatu. Porrot egin duen hezkuntza-sistema dualaren egiturazko aldaketa jaso behar du, eta hura konpondu, ibilbide-orrian hezkuntza publikoa helburu gisa jarrita. Horretarako, publifikazio progresiboko prozesu bat jaso behar du, bizirauterik ez duten ikastetxe pribatuentzat ez ezik, sistema osoarentzat ere aurreikusten dena.

Badakigu ez dugula ezer berririk esaten kontzientzia aurrerakoia duenarentzat, ezta EAJrentzat ere, azken horren helburua, jakina, enpresa pribatua babestea baita. Horregatik, harrigarria da herrialde honetako ezkerreko eragileak pozez zoratzen ikustea, kontzeptu horiek, nahiz eta aurrerakoiak izan, arrisku nabariak baitituzte. Autonomia edo deszentralizazioa horren adibide garbiak dira; izan ere, tokian tokikoa artatzea ez da beti kolektiboa, ezta parte-hartzailea ere, eta, askotan, erantzukizuna indibidualizatu eta komunitatea suntsitzen du, lehiaketa sortuz.

Ikus dezagun euskararen kasua, ez baitakigu zein alderdi politikok irabazi duen, baina badakigu galdu duena euskara izan dela, argi eta garbi. Argi dago euskarak ad hoc neurriak behar dituela, baina horrek ez du esan nahi horrelako gai nagusi bat ikastetxe bakoitzaren hizkuntza-proiektuaren esku utzi behar denik. Arautu behar dena ez da hainbeste betebeharra, B1 edo B2 izan, baizik eta hori lortzeko emango diren baliabideak. Hezkuntza-errealitatetik oso urrun dagoenak soilik sinets dezake hizkuntza-eskakizun bat ezartzeak edozein ikastetxetako ikasleek maila hori lortzea ekarriko duela.

Steilasen argi daukagu euskal eskola publikoaren alde borrokatzeko unea dela. Langileak ordezkatzen ditugunok zeresan handia dugu horretan, legeak ateak itxita idazten dituztenek deslegitimatu nahi bagaituzte ere. Lehenik, lege honek zuzenean eragiten digulako; izan ere, antza, zehaztapenik nahi ez duen itun honetan, zuzendaritza-karguen profila zehazten da, programa-kontratuak ezartzen dira eta euskal eskola publikoaren etorkizuna epaitzen da (eta, ondorioz, bertako langileen etorkizuna ere bai). Baina, batez ere, euskal eskola publikoa leku komuna dela uste dugulako, gizarte kohesionatu bat bultza dezakeena. Horregatik borroka egitea merezi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.