Arkaitz Zarraga Azumendi.

Hogeitakada berria hastear dago

2017ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Erdarazko kanta famatu batek esaten du «que veinte años no es nada». Beti iruditu zait txorakeria, baina, adin kontua izango da, gaur egun bete-betean asmatu duela ikusten dut. Bi hamarkada berehala pasatzen dira, baina eragin garbiak uzten dituzte, onerako zein txarrerako.

Gezurra dirudien arren, hogei urte joan dira azken BAI EUSKARARI hartan bost estadioak bete genituenetik. Hogei urte betetzen ziren orduan, 78an San Mamesen euskararen aldeko usoak famatu zirenetik. Konstituzioa ezarri zuten urte hartan, hogeikada betetzen zen euskararen inguruko mugimendua abiatu zenetik. Izan ere, hogei urte lehenago euskararen biziberritzerako oinarriak jartzen hasi ziren. 1958 inguru hartan erregimenaren itolarritik irteteko, euskarak behar zituen oinarrizko lanak egiten hasi ziren: fonetika, morfologia, literatura... Haien ondotik heldu ziren ikastolak, euskaltegiak...

1958aren aurreko hogeikada iluna izan zen. 1938an Euskal Herriko hegoaldea suntsituta eta burumakur geratu berri zen. 38-58 euskararen bi hamarkadarik ilunenak izan dira zalantzarik gabe. Hogei urte lehenago egindako urratsak bertan behera geratu ziren. Ez dezagun ahaztu, hogei urte lehenago, 1918an, Eusko Ikaskuntza sortu zela, eta bere eskutik Euskaltzaindia urtebete geroago. Beraz, argi esan daiteke gure hizkuntzaren azken mendearen historia hogeikadaka osatu dela.

Munduan eredugarria izan den prozesua egin dugu. Herri askotan eskertu egiten dute gure eredua eta laguntza. Harro egoteko arrazoiak badira, baina, kontuz! Bidearen zati txikia baino ez dugu egin. Benetako biziberritze osorako hurrengo urratsak zeintzuk izan behar diren argitu behar dugu. Asko dugu ikasteko.

Hogeikada horiei begiratuta, argi ikus daiteke euskararen zikloak gertaera politikoei zuzenki lotuta egon direla. Azkena Lizarra Garazi gogoangarriarekin batera abiatu zen. Prozesu politiko hark bezala, normalizaziorako bulkada hark ere ez zuen espero zitekeena eman. Baina harrezkerokoa gazi-gozoa izan den arren, arlo batzuetan aurreratu dugu; esperientzia batzuk oso baliagarriak izan dira, eta, ezagutza metatu dugu datorren hamarkadan urrats sendoak egin ahal izateko.

Orain ere gertaera politiko garrantzitsuak gertatu dira eta gertatzen ari dira, eta hogeikada berrirako prestaketa lana aspaldi ari da gertatzen. Txerra RodriguezekHYPERLINK "http://www.argia.eus/blogak/txerra-rodriguez/2017/03/13/ziklo-bat-amaitu-al-da/" artikulu paregabean ondo laburbildu ditu datorren hogeikada hasten dela adierazten duten zantzuak. Orain sinergiak bilatu, lehentasunak ezarri, baliabideak nabarmenki handitu eta doitu, guztiok norabide berdinean arraunean hasi eta euskara beste egoera batera eramateko unea dugu. Jar gaitezen, bada, guztiok horretara.

Ez du ematen aurtengo hegoaldeko aurrekontuek aukera handirik emango dutenik askoz urrats sendoagoak egiteko, baina oraindik 2017an gaude. Beharbada 2018an...

Hirugarren BAI EUSKARARI beharko genuke? Ala agian jarreretatik portaeretara salto egin eta EUSKARAZ BAI edo antzeko zerbait asmatu beharko dugu? Leloak asmatzen trebeagorik egongo da. Deliberazioa, sendotasuna eta jarraikitasuna denon ardura izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.