Hogeita hamar urte erabaki demokratikoaren zain

Maiorga Ramirez Bakartxo Ruiz Asun F. de Garaialde Sabino Cuadra
2012ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Duela 30 urte, 1982ko abuztuaren 16an, indarrean sartu zen Nafarroako Foru Hobekuntza. Egun horretan ez dugu zer ospatu. Egun hori inposizioarekin eta porrotarekin lotzen dugu nafar askok, ezinbestean.

Inposizioarekin lotzen dugu, gaur egungo jokalekua herritarrei bizkarra emanda eratu zelako, eztabaidatzeko eta erabakitzeko aukerarik eman gabe. Izan ere, orduan, orain bezalaxe, Nafarroa ez zen edozein erkidego; Estatu kontua zen. Eta Foru Hobekuntzak helburu politiko argi bat zuen: Nafarroaren estatusa eta lau euskal probintzien lurralde banaketa blindatzea. Azken batean, bermatzea Nafarroa beste probintzietatik bereiz geratuko zela erakundeen antolaketan. Erabaki hori oso ondo pentsatua zegoen, baita Franco hil aurretik ere, Nafarroa foral eta espainola lotu-lotua gera zedin.

Eta porrotarekin ere lotzen dugu egun hori, eta orain inoiz baino argiago antzeman dezakegu porrot hori. Izan ere, 30 urte daramatzagu ikusten nola UPNk eta PSNk beren komenentziako ezkontza lehenetsi duten Estatuaren interesen menera edo, haiek dioten moduan, «Nafarroaren egonkortasunaren onerako». Eta ikusten ari gara nola utzi duten Nafarroa bere politika ekonomiko eta sozialak kudeatzeko aukerarik gabe, Madrilen exijentzia guztien mende, lotsagarriro. Jokaleku horrek trabatu eta inausi egiten du gaur egungo egoera gainditzeko neurriak hartzeko aukera. UPN-PSNren eredu horrek porrot egin du eta amaituta dago, eta Nafarroako ekonomia eta gizartea hondatzea dakar.

Azken 30 urte hauen balantzea txarra da nafarren askatasunarentzat eta interesentzat. Baina ezin diogu heldu esaerari: ezagututako txarra hobe, ezen ez ezagutu gabeko ona. Bada garaia eztabaida sakon bat hasteko. Argi dago gero eta nafar gehiagok aldarrikatzen dugula geure baliabideak edukitzeko beharra, estatuko dena delako gobernuak ezarritako inposizioez harago. Gero eta gehiagok eskatzen dugu jokaleku bat gure behar ekonomiko eta sozialak beteko dituena, pertsonen zerbitzuan egon ahal izan dadin, eta ez UPN eta PSNren klientelismoaren interesen zerbitzuan.

PPren gobernu atzerakoi eta zentralistaren aliaturik otzanena UPN da egun. PPren eraso nagusi eta murrizketa sozial guztiek Barcinaren alderdiaren babes sutsua izan dute, eta sarri alderdi horixe izan da PPren babes bakarra.

Nafarrek era librean erabakitzeak izutu egin zituen orain dela 30 urte, eta horregatik ukatu zieten hitza herritarrei. Eta orain, izu hori areagotu egin zaie, badakite eta gaia gero eta goriago dagoela. Eta, hain zuzen, horren erakusgarri da joan den martxoaren 15ean Nafarroako Parlamentuan egin zen Osoko Bilkura Berezia, baita gure presidente ospetsuak joan den martxoaren 8an idatzi zuen iritzi artikulua ere —esan beharrik ere ez dago zein egunkaritan—. Artikuluan, honelako aleak bota zituen: «[Foru Hobekuntza] aplikatzeak berekin ekarri zuen Nafarroak legean inoiz baino hobeto jasoa izatea bere autogobernua». Sic. Gainera, gure historia uka dezagun nahi dute.

Nabarrerismoa iltze goriari heldua dago, guri sinetsarazi nahian gaur egungo jokalekuaren bitartez gaindituko dugula oraingo egoera: «Hobekuntza eta autogobernua [...] lagungarri izango zaizkigu, ezbairik gabe, gaur ditugun zailtasunak gainditzeko». Nor engainatu nahi dute?

Hori bai: badirudi ez dagoela erabat ziur; izan ere, honela zioen artikuluan: «Gure Foru Erkidegoa Espainiako esparru konstituzionalaren barruan egon dadin nahi dugun alderdi politikook [...] ahalegina egin behar dugu ikusteko eta ikusarazteko Nafarroarentzat abantaila ugari dakartzala estatus politiko horri eusteak».

Laburbilduz, ez dute nahi Nafarroako herritarrok erabaki ahal izatea zer-nolako lurralde arteko harremanak eta zer-nolako instituzioak behar ditugun, eta herritarrek erabakitzeari dioten beldur hori dago horren oinarrian. Hasi dira entzuten Ebro-Eskualde alegiazko bati buruzko hots faltsuak. Izan ere, benetako eztabaida eragozteko ke laino bat sortzen saiatzen ari dira; hain zuzen, trantsizioan gizartean eta politikan gehienek babesten zuten eztabaida hori: alegia, lau euskal lurraldeak instituzio bidezegituratzeko aukerari buruzkoa.

Bada garaia eztabaida hori berriz ere hasteko. Eta, duela 30 urte egin zenaz bestera, herritarroi dagokigu erabakitzea ea lau probintzien baliabide politiko eta ekonomiko bateratu batzuk lortu nahi ditugun denek batera aurre egiteko, modu eraginkor batean aurre egin ere, Estatuaren inboluzio zentralistari. Herriaren nahia beste mugarik gabe.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.