Hogeita bi urteren ondoren...

Juan Karlos Alduntzin Juanena
2013ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
«Amaitu da» esateko ordua iritsi da. Hasierako konpromisoa, bi urtekoa zen arren, foru gobernuak daukan indarrak eta planteatuta dauzkan erronkek aurrera jarraitzera animatzen ninduten, baina familiaren behar batek indartu du erabakia momentu honetan hartu behar izatea.

Hogeita bi urte eman ditut bizitza politiko publikoan. Momentu gogorrak bizi izan ditut, zalantzarik ez, gogorra izan baita bidelagun eta maisu izan nuen Xabier galtzea, edo familiari ostutako denbora luzeak, edo kartzelaren mehatxuaren zama zazpi urtez eraman behar izana, edo ilegalizazioa eta bazterketa politikoa jasan behar izana edo amaiera bera.

Momentu latz horien gainetik jartzen da, ordea, bizi izandako guztia, urte hauetan guztietan asko izan direlako pozteko uneak. Hiru gogoratuko ditut milaka horien artean.

Lehena, alkate bera izatea da, pertsona osoago izatera behartzen duen ardura, zure herrikideen arazoen parte egiten zaren unea, beraiekin batera irtenbideak bilatu eta elkarlanean aritzekoa…

Udalbiltza, nazio instituzioaren sorreran partaide izatea, bertako jardunean aritzean ezagututako Euskal Herriko mila txoko eta euskaldun zintzo eta konprometituak betirako nirekin gordeko ditut.

Eta azkena, nola ez, Gipuzkoako gobernuko kide izatea, lantalde zoragarri baten parte sentitzea eta gorabeheraz betetako bide horretan printzipioak eta helburuak galdu ez izana dira nirekin daramatzadanak.

Urte luze eta emankor hauetan jende asko ezagutu dut. Nire bihotzak soilik jende zoragarria eta langileentzat du tokia. Amaigabea izango litzateke zerrenda, baina hau irakurtzean hauetako bat dela sentitzen duenak jakin beza horien artean dagoela.

Natural-natural egin dut nire lana. Bidean gauza asko egingo nituen oker, noski. Norbaitek gaizki hartu izan baditu, jakin beza ez dela borondate txarrez izan. Ondo egindakoak ere egongo dira, eta hor geldituko dira.

Besarkada handi bana urte hauetan guztietan, modu batean edo bestean, nire ondoan sentitu ditudan guzti-guztientzat, bereziki, modu zuzenean eskertzeko aukerarik izan ez ditudan horientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.