Hodeien azpitik eta sasien gainetik

2023ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Euskal Herri euskaldun bat amesten dugunok onartu beharko dugu norberak nahi duen hizkuntza erabiliko duela, eta ez dela beti euskara izango denek hautatutakoa. Baina, politikak ahulenaren aldekoak izango badira batez ere, euskararen erabilerak gora egitea nahi dugulako da, era iraunkorrean, inori kalte egiteko asmorik gabe, geure buruari zor diogulako. Izan ere, hizkuntza indartsuek trabak berez eta sarri jartzen dituzte. Hala, euskaldunok hautatzeko aukera-berdintasuna behar dugulako, izan behar dugu hizkuntza-politika berariazkoa.

Euskararentzako lege aterpea 1982. urtean hasi zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Euskara Normalizatzeko Legearekin. Nafarroan geroago izan zen, 1986an, eta hiru zonatan banatu zuen herrialdea (eremu euskalduna, eremu mistoa eta eremu ez-euskalduna). Bi legeetan, euskara eta gaztelania parean tratatzen dira, nahiz eta euskara normalizatzeko legeak izan. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan oraindik ez du lege babesik euskarak.

Lege esparru desorekatu horiekin egin du aurrera euskarak. Horietan oinarrituta lantzen dira arauak eta garatzen dira euskara normalizatzeko plangintzak administrazioetan. Adostasuna da guztiaren oinarria. Hori dela eta, ez da euskaldunok nahiko genukeen bezain arina eta irmoa bidea; gainera, hizkuntza eskubideen urraketak gertatzen dira maiz.

Plangintza horietan guztietan denbora eta baliabideak daude aurreikusita administrazioko langile guztientzat euskara ikasi eta erabil dezaten, bai barnean lankideen artean baita herritarrarekin ere.

Hizkuntza eskakizunen sistema konplexu eta zaindu bat ezarrita dute horretarako administrazioko lanpostuek. Hau da, herritarrak administrazioarekin euskarazko harremana izateko, edota lankideen artean euskara erabiltzeko, lanpostu bakoitzak banan-banan du ezarrita euskara maila bat. Horrekin batera, lanpostu horietako eskakizunak bete daitezen euskalduntze eta erabilera planak lantzen dira, urtez urte eta aldiz aldi.

Administrazio bakoitzeko lanpostu kopurua ere adosten da euskararen eskakizuna jartzeko, eta hori lotuta egoten da herri bakoitzak duen euskaldun kopuruarekin.

Lege eta arauekin batera, zerbitzu ematea eta horren kalitatea dago edozein administrazioren helburuen artean. Horiek horrela, lehentasunezkoak dira euskararen erabileran herritarrekin harremana duten lanpostuak. Izan ere, kalitatearen neurgailuen artean hizkuntza ofizialak kontuan hartu behar baitira, eta euskaraz arreta hartzeko eskubidea dugu euskal herritarrok.

Beste alde batetik, administrazio batek azpikontratatzen dituen zerbitzuak daude. Aparteko enpresak dira, baina, ezinbestekoa da horiek euskararen normalizazioan inplikatzea, kalitatezko zerbitzua eman dezaten, inoren eskubideak urratu gabe.

Esan genezake Euskararen Normalizazioan plangintzak izaten ari direla giltzarri herri erakundeetan. Aurrerapausoak era planifikatuan eta adostuan emateko ezinbesteko tresna bihurtu dira plangintzak, nahiz eta erritmo eta intentsitate desberdinez garatzen ari diren, hasieran esan bezala.

Helduen euskalduntze eta alfabetatzeak elikatzen ditu plangintza horien ezagutza-beharrak, eta era berean, lantzen ditu erabilera-esparruak. Era horretara, helduen euskalduntzean borondatezko ikasle-tipologiari laneko motibazioarekin joandako ikasle-tipologia gehitu zaio urte hauetan guztietan.

Jakin badakigu, belaunaldi berriak administrazioko lanpostuetara iristen ari diren tamainan, euskararen erabilerak gora egiteko baldintza hobeak dituela. Baina, hori ez da nahikoa izango. Alde batetik, erakunde bakoitzeko hizkuntza irizpideak finkatuta egotea ezinbestekoa da. Bestetik, belaunaldi berriak hizkuntza normalizazioan ere trebatuak egotea beharrezkoa da.

Lan handia dago honen guztiaren atzean, eta pertsona asko daude inplikatuta. Baina ez da lur eremu erraza euskararen normalizazioa, ezin da lege eta plangintzetara mugatu, borondateak ere paper garrantzitsua jokatzen du.

Hodei ilunak eta sastrakak agertzen zaizkio etengabe euskararen normalizazio prozesuari, tamalez. Azken gertaera erasokorrak duela gutxikoak dira. Bata Barakaldon izan da. Bestea Arkautiko polizia akademian. Biak euskararen normalizazioaren aurkako bi erabaki judizial dira. Lehenean, Udalak kultur etxeko zerbitzuan azpikontratatutako enpresari gutxieneko euskara maila eskatzearen aurka egin du EAEko Auzitegi Gorenak. Bigarrenean, Gasteizko Auzitegiak akademia behartu du berriz hartzera bere momentuan euskarazko B2 maila ez egiaztatzeagatik lan poltsatik kanpo utzitako hautagaiak.

Euskalgintzak izan duen eraso larriena duela hogei urte izan zen, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera. Haren urteurreneko astean gaude. Inongo oinarri judizialik gabeko erasoa hura ere. Horri ere aurre egin zaio, garesti eta ahalegin handiz egin ere.

Euskararen normalizazioak ez ditu erasoak nahi haren gaitasuna erakusteko. Pentsamolde aurrerakoiak nahi ditu, errespetuzkoak, normalizazioaren zeregina itzela baita, bestela ere. Euskararen normalizazioak, eta euskaldunek, babestuko dituzten erabakiak eta egiturak behar dituzte. Elkarlan sendoa eta jarraia eskatzen du, toki erakundeen, herri eta justizia administrazioen, sindikatuen eta euskalgintzaren artekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.