Hezkuntzaren etxeko teilatupean asko eta askotarikoak izan ohi dira eztabaidak: metodologiari lotutakoak, pedagogia berritzaileei buruzkoak, digitalizazioaren adarrekoak eta abar. Horietaz gain, gutxieneko kontzientzia euskaltzale bat dugunon artean, baita curriculumaren edo ikastetxeko hezkuntza proiektuen helburuak betetzeaz arduratzen direnen artean ere, alarma gorria aspalditik piztua du beste honek: ikasleen hizkuntza mailak; euskarari dagokionez, nola ez. Ohikoa baita ikastetxeetako hezkuntza nahiz hizkuntza proiektuetako helburuen artean, ikasketak bukatutakoan gutxitan betetzen den honako hau agertzea: «Ikasleak hiztun oso bihurtzea». Baina zer ote da hiztun oso izatea?
Bada, gehienek euskaraz zuzen eta adierazkortasunez idatzi eta hitz egiteko gaitasuna izatearekin lotzen dute; alegia, diskurtsoa sortzeko eta gauzatzeko orduan, nola testuinguru formaletan hala informaletan, euskaraz ongi moldatzearekin. Baina gaitasun hori hiztun oso batek dituen hiru hanketako bat baino ez da: hiztun konpetentearena. Jose Maria Sanchez Carrion Txepetx-ek aipatu zuen eta Jon Sarasuak ere sarri ekarri ohi du gogora zein diren hiztun oso izateko premiazko hiru hankak, hiru K-k: konpetentzia, kontzientzia eta koherentzia. Hau da, bizitzaren esparru edo funtzio guztietan egoki aritzeko hizkuntza gaitasuna, hori egiteko motibazioa eta kontzientzia soziolinguistikoa (are gehiago hizkuntza-desoreka batean bizi garen hiztunak bagara), eta horien arabera jokatzea hizkuntza- zein erregistro-hautuei dagokienez. Eskolari erreparatzen badiogu, argi ikus daiteke lehen hankari baino ez zaiola heltzen, hots, konpetentziari; eta gainontzeko biak, salbuespenak salbuespen, zokoratu egiten ditugula. Aitortu behar da hirugarrena lantzea, koherentzia, norberaren baitakoa dela, eta zaila dela nerabe edo gazte bati heldutasun maila hori eskatzea. Hala ere, gainerako bietan badu eskolak non eragin, eta zer hobetu.
Hizkuntza konpetentziari eragiteaz eta hori egiteko bideez, azkenaldian, zorionez, asko idatzi eta eztabaidatu izan dela esango nuke: ahozkotasuna lantzea nabarmendu beharraz, metodologia aktiboak bultzatzeaz, ikasle mutuaren figura saihesteaz... baina hiztun kontzientzia lantzea kostata hartzen dugu premiazkotzat; ez (soilik) gogo faltagatik, ezagutza eta baliabide ezagatik baizik. Kontua da aurrez aipatutako hiru hankak josteko eta tinko mantentzeko orduan, ezinbestekoa dela kontzientziaren hori. Zergatik? Bada, hiztun kontzientzia garatua duen hiztunak koherentziaz jokatzeko askoz baliabide eta ezagutza handiagoa izango duelako, eta, ondorioz, probabilitatea ere bai. Koherentziaz jokatze horrek, seguru asko, bere hizkuntza ohituretan izango du eragina, eta leku zabalagoa egingo dio euskarari; erabiliaren erabiliaz bere euskarazko hizkuntza konpetentzia gero eta aberatsago eta sendoago eginez. Inuitek irakatsi ziguten bezala, «hizkuntza baita erabileraren ondorioz zorrozten den tresna bakarra». Beraz, kontzientziak koherentziaz jokatzen laguntzen du, baita konpetentzia zorrozten ere. Eta nondik heldu hiztun kontzientziaren adar horri?
Hasteko eta behin, soziolinguistika lantzea helburutzat duen curriculuma sortu eta ardura hori zehar-lerro bilakatu beharra dago hezkuntza plangintzetan. Horri, arlo horretako adituek egindako material sorta didaktiko eta mailakatua gehitu behar zaio, irakaskuntzan lanean dabiltzan eragileek kalitatezko materiala izan dezaten eskura; zer eta non aplikatu izan dezaten. Eskolan alor soziolinguistikoa lantzeak duen eraginaren adibide gisa, hona hemen Salma Ahmed ikasle aretxabaletarrak Goiena-n idatzi zuena: «Institutuan soziolinguistikaren ezagutza lantzeak gauza askoren gaineko hausnarketa egitea eragin dit. Adibidez, konturatu naiz hizkuntza hautua baldintzatua dela, hizkuntza bat barneratzeko ibilbide ezberdinak hartu ditzakegula, baina gehien kezkatu nauena gauza bakarra izan da: nire ama-hizkuntza galtzen ari naiz». Hiztun kontzientzia.
Eta, horretaz gain, bada landu beharreko beste arlo bat: irakasleen formakuntza. Ikasleak euskal hiztun konpetente eta kontziente bihur daitezen, beharrezkoa da irakasle konpetenteak eta kontzienteak izatea; izan ere, irakasleok baikara hezkuntzaren katean oinarrizko katebegi, baita ikasleentzako eredu ere. Horregatik, inbertsio handia egin behar da irakasleen formakuntzan, transmisioa aberatsa eta efikaza izan dadin. Errepikatu egingo dut: inbertsioa. Hezkuntzaren baitako askok, eta hortik kanpokoek zer esanik ez, gastu gisa irudikatzen baitute formakuntza hori; baina ez da horrela. Irakasleak gaitzea etorkizuneko gizartean inbertitzea da: kapital ekonomikoa kapital sozial eta kultural bihurtzea.
Gure herrian hainbat dira euskara eta inertzia orokorra irudikatzeko erabili ohi diren metaforak, Gorka Urbizurena da azkena: «Badakigu (euskaldunok) egin behar dugula hizkuntza hegemonikoan egiten den lanaren bikoitza edo hirukoitza oihartzunaren erdia lortzeko, baina hala da. Gu beti egongo gara korrontearen kontra arraunean». Inertziaren aurka.
Has gaitezen, bada, euskal hiztunok bizi dugun errealitatearen kontzientzia hartzen eta berau erakusten zein irakasten, hori izango baita etorkizunari koherentziaz eta konpetentziaz erantzuteko bide bakarra.