Bi hamarkada daramatzat gazteekin lan egiten ikerlari gisa. Esperientzia aberatsa dela aldarrikatzen dut nonahi. Halere, aitortzen dut nekeza izan daitekeela. Jose Luis Lopez Arangurenek esaten zuen moduan, gazteek ispilu bat jartzen digute aurrez aurre, eta askotan ikusten duguna ez da gure gustukoa.
Gazte kulturak ikertzen dabiltzan hainbat autorek gazteria lente baten gisa irudikatzen dute. Gazteak —dio Nestor Garcia Canclinik— gizartean gertatutako aldaketen barnean irakurri behar dira, eraldaketa horiek eragin eta sortu dutelako egun gazteek duten posizio soziala. Eta posizio horretatik hitz egiten digute ozen, helduok interpelatuak sentitzen ez bagara ere.
Gaur egun, EAEn gazte gehienek euskara ezagutzen dute. Ezagutza maila, berriz, oso ezberdina da, lurralde, herri, auzo edota haur eta gazte bakoitzaren ingurunearen —familia, lagunartea eta abarren— arabera. Mailak hain anitzak izanda ere, ohiko ekuazioa jarraitzen dugu egiten. Hau da, esaten badugu EAEko 16 urtetik beherako haur-nerabeen %81 euskalduna dela, ehuneko horren inguruan irudikatu ohi duguna hauxe da: gazte bat = hiztun euskaldun bat.
Halere, estatistiketatik egunerokotasunera dagoen jauzia nabarmena da. Gauza jakina da. Errealitate bat da gazte askok ez dutela, oro har, euskara erabiltzen eta beste askok zailtasunak dituztela euskaraz hitz egiteko edota erabiltzeko erresistentziak erakusten dituztela. Eta hizkuntza bat erabiltzen ez duen hiztuna, hiztuna al da? Jaime Altuna ikerlariak bota zidan orain dela gutxi galdera hori.
Hizkuntza antropologiako zenbait egilek gonbidapena egiten digute hizkuntza eta pertsonaren nozioaren arteko loturaz hausnartzeko. Susan Galek dioenez, kultura batzuetan jaioberri bat pertsona gisa irudikatzen hasten da hitz egitearekin batera. Era berean, norbaitek hitz egiteko arazoak dituenean bazterketa motaren bat jasateko aukera asko izango ditu, teorian, hiztun komunitate bateko kidea bada ere. Finean, garrantzia ematen diogu hitz egiteari; ondo, argi eta garden hitz egiteari.
Charles Goodwin antropologoak afasia zuen gizon baten kasua ikertu zuen. Abokatu prestigiotsua zen, istripu larri baten ondorioz hitz egiteko gaitasuna galdu zuen arte. Aurrerantzean, hitz bat bera ere ez zuela inoiz esango iragarri zuten medikuek, baina, denborarekin, hitz bat ez, hiru esatera iritsi zen: bai, ez, eta. Horiek izan zituen baliabide ordutik aurrera eta hil arte, inguruarekin harremanetan jartzeko.
Gure gazte askok bezala, afasia zuen pertsona horrek hizkuntza zuen, ikasia eta barneratua, baina ezin zuen kanporatu, ezin zuen ahoratu.
Kasu honen inguruan ikerlan zoragarria burutu zuen Goodwinek eta bere irakaspenek gaurkotasun handia dutela deritzot. Nik hiru ekarri nahi ditut lerro hauetara, Altunak mahaigaineratutako galderaren inguruan gogoetatzen jarraitzeko. Lehenengoa hiztunaren nozioari dagokio. Goodwinek Martha Nussbaumen hitzak hartzen ditu hiztuna nozioaren inguruan ditugun ikuspegiak zalantzan jartzeko: buruan dugun hiztunaren eredua erabateko trebetasuna duen hiztunarena da. Hiztun perfektua, bikaina. Existitzen ez den hiztuna. Are gehiago, Goodwin kritiko agertzen da Chomskyk sortutako hiztun-entzule (speaker-hearer) dikotomia banaezinarekin. Antropologoaren ustez, dikotomia horren kasuan bata bestearen ispilu konsideratzen dira, hizkuntza (lengoaia) euren artean bitartekari lana egiten duen elementu bakarra izanik. Kanpoan geratzen dira beste komunikazio tresnak (gorputza, keinuak, etabarrekoak), hala nola komunikazio horretan eragiten duten bestelako elementu sozialak (dikotomia horren arteko harreman mota, aurretik izandako beste elkarrizketak, etabar luze bat).
Gurean Chomskyk ezarritako dikotomia hori ahobizi eta belarriprest bilakatu ditugu. Eta argi geratu da sozialki edo kulturalki hiztun-entzule bikotean harremanak ez daudela parekatuak; rol batek edo besteak ez dute oihartzun sozial bera.
Goodwinek utzitako bigarren irakaspenak hitz egitearen kontzeptuekin du lotura. Egile horren ustez, hitz egitea bizitza sozialaren gune nagusia litzateke. Hitz egiteak dio- jardun zehatz baten bidez jendeartean partehartzea dakar. Parte hartze hori irudikatzeko garaian, berriz, eredu ideal bat datorkigu burura: hiztun autonomoa, erabateko trebetasuna duena, bere jardunaren jabe dena. Baina, pertsona afasikoaren adibidetzat hartuta, Goodwinek profil hori deuseztatzen du eta, aldiz, hitz egiteak duen dimentsio soziala eta parte hartzailea azpimarratzen ditu. Hiztun afasikoak derrigorrez eraiki behar du bere diskurtsoa besteen laguntzekin. Egoerak behartu behar ditu berak bai, ez edo eta erabili ahal izateko. Prozesu honetan komunikazioa orohartzailea da: gorputza, keinuak, begiradak, doinuak... Denak balio du. Hiztunen arteko inplikazioa erabatekoa da, eta guztiak ariketa kolaboratibo baten parte dira; elkarrizketa gauzatzea helburu duen ariketa, alegia.
Ideia horiek geureratzeko, Iñaki Zabaleta Gorrotxategik Wilhelm von Humbolden lanaren gaineko gogoetatik hartutako hitzak ekarri nahi ditut. Zabaletaren iritziz, Humboldtentzat hizkuntza izaera sozial gisa ezaugarritzen duen elementua litzateke. «Hizkuntza ez da subjektu bakar bati loturiko zerbait —ez da inoren ezaugarri pribatiboa— baizik eta bere izaeraz beste subjektu bat inplikatzen duen zerbait, eta honexegatik, ezin dugu hizkuntzaz hitz egin baldin eta bertan gutxienez bi gizabanakok parte hartzen ez badute» (Zabaleta 2017, 188).
Eta hona, Goodwinek utzitako hirugarren irakaspena: afasia zuen pertsona hiztun bilakatu zen, testuinguruak, inguruko pertsonek, irekia eta parte hartzailea zen hizketa-ariketa batean bere tokia hartzen lagundu zutelako.
Bere tokia hartzen lagundu zutelako. Talde jardun horrek hizkuntzak duen dimentsio partehartzailea azalarazten digu, eta abiapuntuan jarri dudan galderari erantzun posible bat ematen dio: hizkuntza bat erabiltzen ez duen hiztunak, agian bere ezintasunaren seinalea ematen digu edo, agian (bere) testuinguruan sumatzen dituen hutsuneez edo gabeziez jabetzeko deia egiten ari da. Azken finean, afasikoaren adibideak erakusten digun moduan, denok gara hiztun hori.
Hiztun afasikoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu