Euskarak eta Euskal kulturak curriculumaren euskal dimentsioa asebetetzeko saiakerek, euskal hiztun benetan gaituak ekoizteko erronka konplexu eta anbiziotsuaren aurrean kokatzen du egungo Euskal Hezkuntza sistema. Hara, hezkuntza sistema hobetzerako euskalduntze jauzian, lehen mailako helburutzat jotzen dugu erronka horren lodiera, izan ere, gaitasun eta motibazio sistema garatua izango duten hiztun osoak ekoizteko erronka, egundokoa da.
Euskal eskolaren izaera eta onura soziala ezaugarritze bidean, egungo joera nagusia irauli beharko da, hau da, nagusitasunez erdaraz hobeto moldatzen diren ikasle elebidunen gehiengotik, euskaraz hobeto moldatuko diren ikasle elebidunen multzora hiztun eraldaketa eraginez. Hara hor euskalduntzerako eraldaketa norabidea, euskaraz jardungo duten nagusitasunezko hiztunak gehiago eta hobeto ekoitzi beharko ditu gure hezkuntza sistemak. Eta horrela, euskaraz ondo moldatuz gero, bai harremanak izateko zein euskaraz bizitzeko gaitasun osoa izango duten hiztun garatuagoak izango dira, labur esanda, eraldaketa linguistikoaren oinarrizko bide erronka da.
Hortaz, euskal hezkuntza sistemak, aurrerantzean ere, zentralitate osoa eman beharko dio hizkuntza gutxituari. Euskara, hezkuntza sistemaren irakats-hizkuntza izateaz gain, indarberritze bidean dagoen hezkuntza sistemaren ardatza ere badelako. Euskara da euskal hezkuntza sistemaren izatezko arrazoi, egitate hori, baztertu ezina da. Hortik eratortzen da hezkuntzak duen Hizkuntza Plangintzaren beharra.
Hizkuntza plangintzaz aritzeak, hizkuntzaren normalizazioa aintzat hartzea dakar. Hizkuntza indarberritzeak eskatzen duen zuhurtziak eta metatutako ezagutzak esaten digu, esku-hartzerako diseinu bat ikastetxeetan inplementatzea (hizkuntza, kultura eta soziolinguistikak zurtoindua) hezkuntza erakundeen ardura instituzionala dela. Hezkuntza jardunaren erdigunean dagoen minorizatutako hizkuntzaren norabidea zehaztuko duen Hizkuntza Plangintzaren beharra egon badagoela, edozelan, orain artean baliatu dugun egitura eraitsi eta urtu aurretikoa dela betebehar hori. Zeren, oso hutsala da esatea gero, ikastetxe bakoitzaren bizkar utzitako Hizkuntza proiektuak asebeteko duela ataka hertsian eta minorizazio egoeran aurkitzen den hizkuntzaren normalizaziorako premia. Hor nonbait, aurrekari soziolingusitikoa albora uzten duen bidea da hori.
Zehatzago esanda, Hizkuntza Plangintzaren hezkuntza betebeharra, eskumena duen Hezkuntza Berrikuntzaren ardurapean dago. Lehenik, azaroaren 24ko 10/1982 Euskararen Legea dugu, hezkuntza-komunitatearen eta gizartearen babesa duena; euskal ikasle guztiak euskaraz zein gaztelaniaz behar besteko komunikazio-konpetentziarekin ahaldundu eta konpetentzia eleaniztunean aurrera egiteko tresna da. Bigarrenik, 1/1993 Legea, otsailaren 19koa, Euskal Eskola Publikoari buruzkoa, euskararen erabilera ofiziala bi hizkuntzatan egiten dela bermatzen duena, eta, baldintza berdinetan, derrigorrezko irakaskuntza-aldia amaitzean bi hizkuntza ofizialen ezagutza praktikoa bermatzea du helburu, euskararen erabilera bultzatuz eta erabilera normalizatzen lagunduz. Hirugarrenik, Hezkuntza Lege berriaren aurreproiektuan eskumena duen sailak, euskararen erabilera indartuko duela berariazko planen bidez jasotzen da, eskola ekintzan hizkuntza horren ohiko erabilera normalizatzeko xedez.
Ulibarri programa, hizkuntza normalizazioa hezkuntzan sustatzeko xedez sortu zen, eta geroztik, ibilbide luzea egin du hizkuntza normalizazioa ikastetxeetara zabaldu eta bultzatuz. Ikastetxeetako esku-hartzea, eredu soziolinguistikoaren teoria eta ekarpenez baliaturik egiten du. Euskara Zerbitzua, aitzindaria izan zen hizkuntza plangintzarako Ulibarri programaren garapenean eta Ulibarrirekin batera ikastetxeei begirako programa osagarrien garapenean: Nolega, Euskal Girotze Barnetegiak, Idazleak Ikastetxean, Ikas2deak, Musikariak Ikastetxean, Urruzuno literatur saria, guztiek euskal giroa sustatu eta euskara indarberritzerako ekosistema lagungarria bultzatzea dute xede. Programaren alderdirik indartsuena ikastetxeak dira (2022-2026 plan estrategikoa berritu duten ia 400 ikastetxe) benetako balioa eman eta indar eragile direnak. Azken buruan, ikastetxeek egindako ibilbidea da Ulibarriren indargunerik sendoena.
Bere ardatzean hizkuntza gutxitua duen hezkuntza sistema da gurea, eta euskalduntzerako bideari aurrerabidea ematekotan, behar-beharrezkoa dugu ezagutza soziolinguistikoan oinarritzen den esku-hartze plangintza egonkor bat izatea, didaktika eta metodologia eraberrituarekin, teoria soziolinguistikoak oinarritzen duen esku-hartze sistematiko eta adostuarekin aritzeko. Izan ere, normalizazio-prozesu bat, aldaketa soziokultural gisa ulertu behar dugu, erakundeek bultzatu eta arautzen dutena bai, baina bertan eragina izan dezaketen elementu sozial guztien inplikazioa barne hartzen duena.
Gure ustez, hizkuntza planifikaziorako erabakiak zuhurtziaz hartu beharko lirateke. Bidean ikasi duguna baliatu eta erabiliz, ondo eginari eutsiz, eta hobetu beharrekoetan konponbideak bilatuz.
Gauza jakinekoa da hezkuntza dela egoera gutxituan dagoen hizkuntzaren berreskurapenerako ardatz nagusietako bat. Bada, hezkuntza sistemari dagokio bermatzea belaunaldi berrien hizkuntza gaitasunaren eskurapena eskolaldiaren amaieran, lurraldeko hizkuntzen erabileran aurrerabidea eginez, gutxitasun egoeran aurkitzen den hizkuntzari beharrezko baliabideak zein giza hornidurazkoak erakundeetatik esleituz.
Kalitatezko hezkuntza sistemak gutxieneko hizkuntza helburuak erdiestea, giltzarria izango da gizarte kohesiorako. Gure premisa argia da: euskara da sistema eleaniztunaren ardatza, baina aldi berean, ezin da baztertu euskara, inguruan dituen hizkuntza hegemonikoen etengabeko harreman asimetrikoaren eraginpean dagoela. Hizkuntza normalizazioaren printzipioetatik kanpoko hizkuntza plangintzak, sasi-eleaniztasuna indartu baino ez du egiten, hizkuntzen arteko harremanak berdintasun linguistikoaren espejismoan urtzeko.
Hizkuntzaren Normalizazioa Laguntza Zerbitzuen eraldaketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu