Giza balioetan sinetsi izan dut beti, planeta honetan bizi diren kultura anitzen arteko errespetuaren eta elkarbizitzaren oinarrizko printzipio gisa. Herri batzuk Ipar Atlantikotik eta Mediterraneotik iritsi ziren; beste batzuk, berriz, Itsaso Gorritik edo Itsaso Beltzetik. Nahasketa horretatik edaten dute gaur egun gure hirietan ikusten ditugun hizkuntzek eta tradizioek.
Gaur egun lurrean ez dago hizkuntzarik hitz berririk jaso ez duenik. Mendebaldeko Saharan hitz egiten duten hassania hizkuntzaren kasuan, idazteko arabiar alfabetoa erabiltzen dute, eta badituzte dromedarioa Afrikan sartu zuten talde berbereen sanhayar jatorriko hitzak; izan ere, oasiz oasi egiten zituzten joan-etorri luzeetan animalia hori garraiobidetzat erabili zuten.
Lurrean ez dago herririk elkar komunikatzeko hitza erabili ez duenik. Sahararrek komunikazioa poema zabalen bidez egiten zuten. Haiek memorizatu eta belaunaldiz belaunaldi iraunarazten zituzten. Poema horietan idatzita putzu baten, mendi baten, emakume baten edota gizon baten historia egoten zen.
Hassania hizkuntzan poema-bilduma zabala dauka Husein Moulud poeta sahararrak. Bera dugu genero horren adibide argia. Generoak iraganean ditu sustraiak eta gaf baten balioa dauka, hau da, bertso labur batena, edota talaa batena, inspirazio-iturri den gai jakin baten inguruko garapen poetikoarena.
Husein Moulud-ek Txirikorda orrazkera izeneko poeman edertasunetik egiten du deskribapen zehatza, eta ondorengo bertsoetan tradizioa subjektu poetiko gisa nabarmentzen du: Eljatiha maa dafrtha/ Dafrtha dafra maa jaalat/ Shi liljatiha wasel ataat/ Nadrtha min yum entchat/ Min daher atjata ahsanetha/ Nuaret gusathe duaat/ Maahi laguaa gusathe/ Habaat aydayelha harrat/ Murahem sana manetha/ Wakten dafrat binasser/ Assfat lajlag abdafretha nasrteha (Bere txirikorda-orrazkera/ batek desiratzen duena da/ benetakoa da,/ ez baitago orrazkerarik/ hori bezain distiratsua denik/ bere adatsen moduan/ hura hazten denean./ Lore batzuk ile-xerlotik zintzilika dira/ ederki distiratzen dute,/ harri trinkozko lepokotik hurbil,/ perlazko adatsetik hurbil,/ txirikorda-orrazkera da/ arima berpizten duen orrazkera).
Poeta honek Mendebaldeko Sahara gogora ekartzen du Tiris eta Zemur eskualdeetatik. Bi izen horiek sanhayar jatorria dute, toki-izen gehienek bezala. Hantxe bertan elkar aberasten dute Beni Hasan-en eta sanhayarren hizkuntzek. Tilimsi edo Tamura bezalako hitzak, putzuekin eta euriaren ondorengo ur-metaketarekin lotura zuzena duten guztiak, zenagen hizkuntzan sustraiak hondoratzen dituen hassania hizkuntzaren parte dira.
Herri batzuen eta besteen arteko topaketak, hizkuntza eraldatzeko balio izan duten hitz eta ezagutza berriak ekarri izan ditu beti. Egun gaztelaniazko cuchara eta radio hitzak hassaniaren parte dira, eta ahoskera berezia hartzen dute sahararrek erabiltzen dituztenean.
Gaur egun, tristeki, hassania hizkuntza atzerapen prozesu sakon batean murgilduta dago Marokoren okupaziopean jaio diren saharar belaunaldi berrien artean. Hezkuntza-sistemak ez du hassania bere baitan hartzen, ezta haren poetei buruzko ezagutza ere.
Hitz bakoitzaren esentzia gordetzeko eta herri baten oroimena bizirik mantentzeko, funtsezkoa dugu hizkuntza baten poetak ezagutzea.
Hizkuntzaren balioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu