Zentzuzko hizkuntza politika baten alde eskatu dute Jaurlaritzaren hizkuntza politika alorreko arduradunak izandakoek eta unibertsitateko irakasleek. Politika bat, ez bi, ez anitza, eta zentzuzkoa, zentzuduna edo burutsuaren adieran, alegia. Politikari hauek, elebidunzale aitortuak, espainolez ere argitaratu zuten euren iritzi artikulua, zorrotzagoa euskaraz baino, gure ustez. Gaztelaniaz eta, komeni denez, euskaraz.Behar den moduan.
Nolanahi ere, artikulua eskertzekoa eta interesgarria da. Garaia da, bai, indarrean dagoen hizkuntza politika aztertzeko eta, ahal dela, biziberritzeko. Politika adiera osoan ulerturik, ez kudeaketa soila. Diote, bi hizkuntza ofizial ditugula, baina gure hiztun elkarteak, Euskal Herrian, hiru dauzkagu: euskara, gaztelania eta frantsesa. Onartuko al digute euskaldunok hiztun elkarte bat osatzea? Frantsesaren eta gaztelaniaren gaineko hizkuntza politika, oro har, Espainiako eta Frantziako estatuei dagokie, Madrilgo eta Pariseko gobernuei; euskararen gaineko hizkuntza politika ere neurri batean estatuei dagokie, ikuspegi mugatzailetik begiratuta, bederen. Euskararen sustapena eta hedapenerako politikak, berriz, Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta, maila apalagoan, Euskal Hirigune Elkargoari dagozkie, zeinek bere aldetik edo modu adostuan.
Estatuen hizkuntzak frantsesa eta gaztelania, estatu-hizkuntza soil-soilki, arautzea, zaintzea, hedatzea eta sustatzea, ez dagozkigu euskaldunoi, estatuen erakundeei dagozkie: Académie Française, Real Academia de la Lengua Española, Instituto Cervantes besteak beste. Frantziako eta Espainiako erakunde horiek, jakina, Euskal Herrian dihardute eta haien erabakiak erdararekiko bete beharrekoak dira, Euskal Herrian ere. Gaztelaniaren gaineko eskumenak, oso-osorik, Espainiako Erresumari dagozkio; frantsesarenak, berriz, Frantziako Errepublikari. Berriki ikusi dugu nola Errepublikako Asanbladak Molac legea onartu duen frantsesa ez den bestelako hizkuntzak aintzat hartzeko. Bazen garaia! Espainiako Erresuman, bere aldetik, autonomiako erkidegoetako gobernuek gaztelaniarekiko eskumenik bat ere ez, betebeharrak besterik ez daukate.
Horiek horrela, hizkuntza gutxituarekiko, euskararekiko, hizkuntza politikak, oro har, bitan sailka daitezke: hizkuntza gutxitua arautzeko, zabaltzeko eta sustatzekoa, bat, eta, bestea, hizkuntza gutxitua mugatzeko, zokoratzeko eta, ahal izatekotan, desagerrarazteko. Bataren zein bestearen oinarria eta abiapuntua egoera soziolinguistikoa da, baina, jakina, egoera hori eraldatzeko. Kasu batean egoera soziolinguistikoa euskararen alde bilakatzeko eta, bestean, abiapuntuko egoera soziolinguistikoari eusteko edo, ahal dela, erdararen aldekoagoa bilakatzeko.
EAEko hizkuntza politikari dagokionez, 1982ko euskararenerabilpena arauzkotzeko oinarrizko legea abiapuntua kontsideratzen da. Garai analogikoko legea berrogei urte berritu gabe! Datu hori, soilik, adierazgarria da zer garrantzi ematen zaion hizkuntza politikari. Itxura batean, pentsa daiteke EAEko hizkuntza politika euskara arautzeko, hedatzeko eta sustatzekoa dela. Hasieran horrela izan zitekeen, baina, dagoenekoz, datuek erakusten dutenez, hizkuntza politika euskara mugatzeko, zokoratzeko eta, ahal izatekotan, desagerrarazteko bilakatu da.
Zalantzarik gabe zentzuzko hizkuntza politika baten alde daudenek adierazten dute egungo egoera soziolinguistikoak abiapuntua, eta helmuga, izan behar duela. Ez dute hizkuntza politika eraldatzailerik nahi, gizarteari dagokiona baizik —euskal gizartearen hizkuntza bereizgarri, baina sozialki minoritario eta ahula— diotenez. Gure adituen zentzuzko hizkuntza politika gurpil zoroaren antzekoa da: euskara hizkuntza gutxitua da, egoera soziolinguistiko makurrean dago, hiztunak sakabanaturik eta erabilera urrikoa; hori horrela, egoera horren neurriko hizkuntza politika egin behar da euskara hizkuntza gutxitua izateko, egoera soziolinguistiko makurrean egoteko, hiztunak sakabanatuta bizitzeko eta erabilera urriko hizkuntza izateko.
Hori da defendatzen duten zentzuzko hizkuntza politika bat hori. Hizkuntza politikaren zentzu atzerakoia: euskara zokoratzeko eta, ahal dela, desagerrarazteko. Gure proposamena oso bestelakoa da: hizkuntza politika aurrerakoia egitea. Euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzeari utzi eta administrazio eremu guztiak euskaraz (ere) jardun ahal izateko prestatu, herritar guztiak euskaraz jakin ahal izateko bitarteak jarri, euskara komunikazio, lan eta zerbitzu hizkuntza (ere) izan ahal izateko. Administrazio publikoa euskaldunentzako (ere) behar dugu, lanpostu guztietan bermatu behar da euskaldunen hizkuntza eskubideak (ere) bete daitezkeela. Hori da defendatzen dugun hizkuntza politikaren zentzua: aurrerakoia.
Hizkuntza politikaren zentzua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu