Hizkuntza politika sustatzailea behar da

Patxi Agirregomezkorta (Batuz) Juan Carlos Murillo (Elkarlan) Mailu Lasarte (IKA) Marian Bidegain (Maizpide) Mertxe Mugika (AEK)
2012ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Sartu gara 2011-2012 ikasturtearen azken txanpan. Ikasturte hasiera itxaropentsua izan genuen; izan ere, krisi hotsak han eta hemen entzuten baziren ere, kontuan hartuta halako garaiak sarri nork bere burua prestatzeko baliatzen direla, gure euskaltegietara etorri zen pertsona kopurua aurreko ikasturtekoaren antzekoa izan zen, eta ikasle jaitsiera txikia baino ez genuen izan.

Bilakaera ikusita, pozik egon gintezkeen. Nahiz eta matrikula kopuru txikiagoarekin abiatu, agerian geratu zen, beste behin ere, euskaraz bizitzeko herri honen gogo eta borondatea.

Aurreko ikasturteetan, 2009-2010 ikasturtera arte, hazkundea egon zen ikasle kopuruei zegokienez, eta pasa den ikasturtean izandako beherakada apala azaltzeko, bi arrazoi nagusi aipatu genituen: batetik, lehen esan bezala, krisi garaietan nork bere prestakuntzan inbertitzeko joera, eta, bestetik, HABEren egiaztatze sistemaren ondorioz abiatutako ikasleentzako diru-laguntza lerroak ekarritako onura.

Bada, hasierako itxaropenak apurka-apurka deseginez joan dira, eta ikasturte amaiera honen atarian kezka eta amorrua besterik ez dugu.

Ikasturte hasieran jakin genuen ikasleek maila bat egiaztatzeagatik jasotzen zuten diru-laguntzaren partida bertan behera geratuko zela. Ikasleari euskara ikastea —alegia, bertako hizkuntza ikastea— garesti ateratzen zaio, eta arestian aipatutako neurriarekin gero eta urrunago geratzen da euskara ikasteak beharko lukeen doakotasun printzipioa.

Bestalde, ikasturtearen erdialdera, Hezkuntza Sailak hizkuntza-maila egiaztatzetik salbuesten duen ebazpena eman zuen ezagutzera. Ebazpen honen arabera, eskolaratuta dauden hainbat eta hainbat ikasle euskara mailaren egokitasuna neurtzen duten egiaztatze deialdietan parte hartzetik salbuetsita geratuko dira. Batek baino gehiagok galdetu digu, kezkatuta, neurri honek guregan zer eragin izango duen. Eta guk erantzun garbia ematen diegu beti: gu desagertzeko jaio ginen. Euskal herritarrak euskaldunak diren neurrian, gure lan eremuak pisua galdu behar du. Ezinbestean. Eta ikasle galera horregatik balitz, gaitz erdi.

Alabaina, astakeria galanta da pentsatzea herri hau dekretu bidez bihurtuko dela euskaldun. Izan ere, inongo dekretuk ez du erabilera indizea handituko, ezta norberaren euskara maila apala hobetuko ere.

Bitartean, Euskal Herria euskalduna izango dela sinesten dugunok lanean jarraitu dugu eta, urtero egiten dugun moduan, hurrengo ikasturtea ardaztuko duen HABEren ebazpena zein izango den galdegin diegu Jaurlaritzako Hizkuntza Politikaren Arduradunei. Erantzuna, nola ez, murrizketak berriro ere! Ikasle galera etorriko dela eta diru baliabide gutxiagorekin nahikoa izango dugula!

Dagoen krisia kontuan hartuta, sektorea optimizatzeko zer egin ahal dugun hausnartzeko eskatu digute, gainera. Ez zaie burutik pasa aztertzea pertsona gehiagok euskara ikasteko edo hobetzeko zer-nolako sustapen kanpainak egin daitezkeen edota euskaltegietara berez etortzeko gogoa duten herritarrei zer-nolako diru-laguntzak eskaini ahal zaizkien. Etxeko sukaldea berriztatu edo automobil berria erosi nahi duenarentzat kanpainak antolatzen dira, baina bere herrian bere hizkuntzaz bizi nahi duenarentzat, hutsaren hurrengoa.

Arazoa, haien ustez, euskaltegietan dago: nonbait, eman diguten apur hori ez dugu ondo erabiltzen. Arazoa ez da euskaraz ez dakiena ez etortzea euskaltegietara, arazoa ez da euskara ikasi nahi duena langabezian egotea eta matrikulari aurre egiterik ez izatea, arazoa ez da euskara maila nahikoa ez duen batek egiaztatze beharrik ez izatea...

Guk argi baino argiago daukagu. Dagoeneko, «optimizaziorako» zertzelada batzuk eman dizkiegu. Gure ustez, ikasle jaitsierari galga jarri behar zaio. Ezinbesteko pauso estrategikoa da euskaldundu nahi duenari bitarteko egokiak ziurtatzea, eta erdaldun direnei euskarara hurbiltzeko bidea erraztea. Hau lortzeko bidean, hauen moduko ildo sinpleak garatzeko eskatu izan dugu behin baino gehiagotan.

- Ikasleen hazkundea ezagutzaren unibertsalizaziotik etorriko da. Beraz, ezagutu beharrekoa kontzeptua gizarteratzea ezinbestekoa da euskararen normalizazioan.

- Euskara ikastea ezin da hain garestia izan, eta ezin dira onartu egun dauden matrikula aldeak.

- Doakotasunaren bidean aurrerapausoak eman behar dira.

- Erabilera sustatzeko neurriak bultzatu behar dira.

Ideia hauen aurrean, murrizketak proposatzeaz gain, zein neurri hartuko du Hizkuntza Politika Sailak euskara benetan sustatzeko?

Gure ustez, hizkuntza politikak sustatzailea izan behar du beti, ez murrizgarria.

Arestian esan bezala, egunero gosaldu behar dugu zorioneko krisi ekonomikoarekin. Une honetan, euskaltegiotan udako matrikulazioan gaude sartuta buru-belarri, euskalduntze bidean beste urrats bat egin dezaten herritarrek. Jende asko ari da etortzen euskaltegietara informazio bila, baina gero izena ematea ez dator bat horrekin. Galdetzen duen askok ez du pausoa ematen eta beldur gara hurrengo ikasturtean egoera ez ote den larriagotuko.

Hori horrela, hurrengo hausnarketa egiten dugu: euskara ikasteko beharra eta nahia egon badago, baina euskara ikastea garestia da. Gure esku balego, askoz ere merkeagoa izango litzateke; izan ere, beti esan dugu euskara ikasteak doakoa izan behar duela ikasleentzat. Guk ditugun baliabideekin, baina, ezin dugu doakotasuna bermatu.

Krisi ekonomikoaren eragina apaltzeko, hainbat sektore berpizteko laguntza lerro bat baino gehiago abiarazten ari da. Ez al da zilegi bertokoa eta ofiziala den hizkuntza bat ikasteko horrelako ekimenak egitea?

Beraz, bestelako neurrien inguruan eztabaidatzeko aukera izango dugulakoan, une honetan eskaera zuzena egiten diegu HPSren arduradunei: irailean, berandu baino lehen, euskara ikasleentzako laguntza lerro bat irekitzeko, eta 2012-2013 ikasturtean berriro jar dezatela indarrean euskara mailak egiaztatzeagatik ikasleek jasotzeko diru-laguntzen ebazpena.

Bukatzeko, argi dago krisi ekonomiko egoera honetan guztiok egin behar dugula ahalegina euskararen etorkizuna baldintzatuta egon ez dadin, eta, ildo horretatik, euskaltegiok ondoen egiten duguna egiten jarraituko dugu: euskara eskolak ematen eta erabilera egitasmoak aurrera ateratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.